Albistea entzun

Meadows txostenak, 50 urte

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean.
Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. SASCHA STEINBACH / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko azaroak 27

Kapitalismoaren urrezko aroaren beheraldi batean kaleratu zuten Hazkundearen Mugak (The limits to Growth) txostena, 1972an. Gerraosteko bizkortze handiaren bukaeran, petrolioaren krisiaren testuinguruan, Erromako Klubeko ikertzaile talde batek, Donella eta Dennis Meadows senar-emazteak buru, zalantzan jarri zuen ordura arte ekonomia klasikoak garatutako hazkunde etengabekoaren praxia. Ondorioa garbia zen: kontsumo eta ekoizpen industrialak abiadura berean hazten jarraituz gero, planetaren mugekin talka egingo zuen sistemak hurrengo hamarkadetan.

Meadows txostenaren metodologiak sistemen dinamikari heldu zion, eta eredu matematiko bat garatu zuen Word3 programa informatikoaren bidez. Finean, elkarri eragiten zioten hainbat aldagairen arteko harremana aztertu zuten: populazioa, kutsadura, natur baliabideak, nekazaritza eta bizi kalitatea.

Meadows senar-emazteek ondorioztatu zuten ordura arteko hazkundeak etorkizunean planetaren hainbat muga joko zuela, eta, horren ondorioz, uneren batean, natur baliabideak agortu egingo zirela eta ekoizpenak eta populazioak behera egingo zutela. Halaber, hazkundeak kutsadura arazo larriak eragin zitzakeela ere ohartarazi zuten.

50 urteren ostean, begi bistakoa da Meadows txostenak egindako ekarpena. Ekonomia kapitalistak hazten jarraitu du, eta baita planetan bizi direnen kopuruak ere —aurreko astean bertan 8.000 milioi biztanlera iritsi da—, baina gero eta ageriagoa da planetaren mugekin talka egiten ari dela sistema, eta natur baliabide falta, biodibertsitatearen galera eta berotegi gasen isurketak dira egoera horren adibide batzuk.

Aiora Zabala Cambrigdeko Unibersitateko Ingurumen Gobernantza saileko ikertzaileak «oso garrantzitsutzat» jo du Meadows txostena. «Askok sumatzen zuten zer hori zenbakiekin erakutsi zuten. Garai hartan ez ziren existitzen ordenagailu bidezko sistemen modeloak, eta esan daiteke hau izan zela lehena. Beraz, metodologia berri baten bidez iragarri zuten etorkizunerako ikuspegi bat, argi eta zehatz. Eta harrigarria da, zeren modelo horiek ziurgabetasun asko izaten dituzte, eta, beraz, ez dute etorkizuna oso ongi aurreikusten. Txostenari buruz gero egindako eguneratzeek erakutsi dute nahiko zuzen zeudela».

Bat dator Iker Etxano Gandariasbeitia EHUko Ekonomia Aplikatuko irakasle eta Ekopol ikerketa taldeko kidea: «Mugarri bat da txostena. Garai bertsukoa dugu Nicholas Georgescu-Roegenen obra, ekonomia ekologikoaren aitzindaritzat jo daitekeena. Lehen aldiz, hazkundearen helburua zalantzan jartzen hasi ziren, sistema kapitalistak, Keynesen errezetak lagun, urrezko aroa bizitzen ari zenean. Lehen aldiz, modu instituzional batean eta sustengu zientifikoarekin, sistema ekonomiaren oinarri zen hazkundea zalantzan jarri zuten».

Erabili zuten metodologiari egin zizkioten kritikak garai hartan, eta baita teknologiaren garapenaren ahalmena «behar beste eduki ez» izanari ere. «Metodologia guztiak kritikagarriak badira ere, uste dut kasu honetan euren ekarpenik handiena alor horretan egin zutela, hau da, sistemen dinamika mahai gaineratu eta ikuspegi sistemikoa ezartzea. Horrek aukera eman du ekologian eta gizarte zientzietan erabiltzeko», zehaztu du Etxanok.

Gainera, egileek erakutsi zuten Lurraren muga biofisikoak gainditzeko arriskua, eta horretan asmatu egin dutela uste dute Etxanok eta Zabalak. Etxano: «Hazkunde ekonomikoak jarraitu badu ere, aipatu zituzten mugetatik gertuago gaude egun, eta haietako batzuk gainditu ere egin ditugu. Beraz, ebidentzia enpirikoak arrazoi eman die egileei».

Bederatzi mugen teoria

Erromako Klubeko kideen 1972ko txostenaren hainbat berritze edo eguneratze egin dituzte gerora. Egileek beraiek lau ikerketa egin dituzte ikerketa horretan oinarrituta, azkenekoa 2012. urtean. Azken txosten horretan, egileek ondorioztatu zuten planetaren mugak gainditu egin dituela jadanik gizakien jarduerak, eta «kolapsoa saihesteko» trantsizio bideak beharrezkoak direla.

Egileek eurek egindakoez gain, planetaren mugen teoriak garapen handia izan du hamarkada hauetan. Ikerlanik osatuenetako bat 2009an aurkeztu zuen nazioarteko zientzialari talde batek, Stockholmeko Erresilientzia Institutuaren bultzadaz. Science eta Nature aldizkari espezializatuetan argitaratu zuten bederatzi mugen teoria, Meadows txostenak hasitako bidea sakonduz eta zehaztuz. Egile horien arabera, planetak bederatzi muga hauek ditu: klima aldaketa, ozeanoen azidifikatzea, biosferaren osotasuna, nitrogeno eta fosforo zikloak, ozono geruza, atmosferako aerosolak, ur gezaren erabilera, kutsadura kimikoa, lurren erabilera... Egindako azken ikerketan, 2015ean, bederatzi horietako lau gaindituta zeudela ohartarazi zuten egileek —klima aldaketa, nitrogeno eta fosforoaren zikloak, lur zoruaren erabilera eta biosferaren osotasuna—. Aurten, baina, hainbat ikertzailek egindako azterketa baten arabera, bost dira gainditutako planetaren mugak. «Beraz, frogak dio ez gaudela duela 50 urte bezala, baizik eta okerrago. Hirugarren elementua litzateke azken bost hamarkada hauetan oso agerian geratu dela klima larrialdiaren ebidentzia», erantsi du Etxanok.

Zabalaren iritziz, duela bost hamarkadatik hona muga batzuk gainditu izana esanguratsua da. «Horrek esan nahi du ingurumen arazoei erantzuna berandu eman ohi zaiela. Aurrena ikusten dugu, gero agenda politikoan sartzen da, eztabaidatzen da, eta neurriak hartzen dira. Gero neurriak indarrean jarri arte atzerapen handia egoten da. Jakina, denbora tarte horretan, mugak gainditzen jarraitzen dugu, eta, hasierako erabaki politikoak zailak baziren, muturrera iritsi ostean, are eta zailago bihurtzen dira gero».

Hazkundearen dilema

Meadows txostenetik egile batzuek ondorioztatu dute ezinbestekoa izango dela ekonomiaren desazkundea bultzatzea, gutxienez energiaren eta materialen ekoizpen eta kontsumoari dagokionez. Etxanoren ustez, arreta bi alor horietan jarri beharko litzateke. «Hazkundeak jarraitu ahal izateko, materialen nahikotasun bat bermatuta egon beharko luke, eta herrialde aberatsetan hortik urrun daude. Eraginkortasun printzipioa bai aplikatzen da, baina ez nahikotasunarena». Bestetik, sistemak ez du berdintasuna bermatzen, eta Etxanok horren beharra sumatzen du. Bidenabar, uste du egungo kontsumo eta ekoizpen eredua ez dela ekologikoki iraunkorra. «Mugimendu sozialetan sumatzen da gogo bat hortaz gogoeta egiteko, baina politikan urrun ikusten dut hori, desazkundearen diskurtsoak ez baitu botorik ematen, ezta ezkerreko alderdietan ere».

Zabalaren iritziz, Meadows txostenaren modeloak ez du esaten hazkundea dela problema, baizik eta horrek ingurumenean duen eragina, «kalteen hazkundea», alegia. «Lotuta daude hazkundea eta aztarna ekologikoa, eta aztarna handituz gero, lurraren gaitasuna gainditu egin daiteke». Neurri batean hori gertatzen ari da klima larrialdiarekin eta biodibertsitatearen galerarekin.

Kolapsoa eta teknologiak

Eztabaida bizia eragin du txostenak iragartzen duen balizko kolapso batera iristeko aukerak. Lur planetaren mugak gaindituz gero, uneren batean, eragin larria izan daitekeelako natur baliabideetan: lur, ur, energia, elikaduran... Horren ostean, ezinbestean letorke munduko populazioaren apaltze bat, teoria horren arabera. «Modeloak hipotesi asko ditu, eta esan beharra dago haiek banatzen diren unea ez dela oraindik iritsi. Beraz, nolabait, gure esku dago norabidea zuzentzea, hau da, kolapso batera ez, baizik eta kudeatutako uzkurtze batera joatea. Mugak berez inposatu baino gehiago, mugak etorriko direla jakinda, erabakiak aurreratzea, aktiboki jokatuz», azaldu du Zabalak.

Kolapso hitzaren funtsa, hala ere, honela ulertu du Cambrigeko irakasleak: «Kasu honetan ez dute esan nahi gizakia desagertu egingo dela, baizik eta aurreko belaunaldian baino okerrago egongo garela, bizi baldintzak bizkor samar okertuko direla, ezingo direla mantendu aurreko belaunaldiek izandako zerbitzuak, elikagaiak...».

Hala xehatu du Etxanok ideia hori: «Kolapsoarena natur baliabideen agortzeak dakarren berezko ondoriotzat jotzen dute. Ez dakit gertatuko den, zeren txostena argitaratu denetik bikoiztu egin da munduko populazioa. Horrek ez du esan nahi 50 urte barru hazten jarraituko duenik, baliabideen agortzeak eta horrek ekar ditzakeen gatazka armatuek izan dezaketen eraginagatik».

Hazkundearen mugak txostenaren egileei egotzi zieten ez behar beste kontuan hartzea teknologiaren garapenak izan lezakeen eragina. Zenbait kontutan agerikoa da teknologien garapenak arrastoa utzi duela. Esate baterako, petrolioaren ekoizpena handitzen jarraitu du, goreneko maila (peak oil) 2006rako iragarri bazuten ere. Geroztik asmatu zituzten haustura hidraulikoaren edo fracking-en bidezko ustiatzeak, eta horrek aukera eman du ekoizpena handitzen jarraitzeko.

Edonola ere, horrek ez du aukerarik eman hazkundeak sortzen dituen bestelako ondorioak saihesteko. Klima eta biodibertsitate krisi larriak bizi ditu munduak, eta ez dute asmatu teknologiari haiei modu eraginkorrean aurre egiten lagun dezakeen tresnarik. «Garai hartan baino fededun sutsu gutxiago daude gaur egun teknologiarekiko. Oraindik badira batzuk, eta oso aberatsak... Hala ere, eztabaida betikoa da, baina frogatu da, teknologiak agian lagun gaitzakeela, baino ez dela gai erroko arazoak konpontzeko», dio Zabalak.

Eta, gaineratu du honakoa: «Teknologia berri batek zerbait errazten badu, ondorioa ez da zertan izan eraginkorragoak izango garela. Adibidez, autoekin gertatu da. Motorrak gero eta eraginkorragoak dira, eta erregai gutxiago gastatzen dute kilometroko. Baina ondorioa ez da izan gasolina gutxiago erabiltzea, baizik eta, autoak merkatu direnez, gehiago eta urrunago bidaiatzea, eta, beraz, gasolina gehiago erabiltzea. Antzeko ondorioak ikusten dira alor askotan».

Biodibertsitate eta klima aldaketa konpontzeko ere teknologiak aukera emango duela amets egiten dute zenbaitek. Ez du fede handirik horretan Zabalak: «Norbaitek pentsa dezake, erlerik ezean, bila daitekeela teknologiaren bat polinizazioa bermatzeko. Baina horrek ez dauka zentzurik, askoz ere hobea eta merkeagoa litzatekeelako erleak babestea... Karbonoa xurgatzeko eta gordetzeko teknologiaz (CCUS) ere gauza bera esan daiteke. Garestia da, eskala handian ezin da erabili... Askoz eraginkorragoa eta merkeagoa litzateke zohikaztegiak babestea, adibidez».

Trantsizio energetikoa

Duela 50 urte ez zegoen klima aldaketaren inguruko horrenbesteko informaziorik. Berotegi gasen isurketek, baina, kolokan jarri dute munduaren klima oreka, eta horri aurre egiteko, erregai fosilak ordezkatu nahi ditu munduak energia berriztagarrien bidez. Trantsizio horrek ere natur baliabideekin talka egin dezakeela ohartarazi dute adituek. «Txosten askok diote hazkundeak berak duen ahulezietako bat hori izan daitekeela, hau da, trantsizio energetikoak arazoak izan ditzakeela hainbat osagai lehentasunezkoekin. Baliabide material askoren urritasuna agerikoa da jada, litioarena kasu», dio Etxanok.

Bat dator Zabala ere horrekin: «Duela 10 edo 15 bat urte, egile batzuek ohartarazi zuten petrolioaren ekoizpenaren gehieneko mailara iritsiko ginela, eta hortik jaisten hasiko zela. Orain, berriz, trantsizio energetikoaren bidean ikusiko dugu nola meatzaritza izango den muga. Hau da, nondik aterako ditugu hainbeste litio eta gailu elektronikoentzako behar ditugun hainbeste metal? Bada bidea gizartea eta ekonomia birziklatzera bultzatzeko, hirien meatzaritzaren bidez. Baina kontsumo mailak horrela jarraituz gero, ekonomia zirkularrak ezin izango du bermatu horrenbesteko material bolumenik».

Azken finean, Hazkundearen mugak txostenak landu zuen beste gai bati heldu dio Zabalak, arrasto horretatik: gizarteen ongizateari. Eta horretarako ez da ezinbestekoa etengabeko hazkundea. Puntu batetik aurrera, hazkundeak ez dakar ongizate gehiago, hura bermatzeko osagaiek —osasuna, hezkuntza, enplegua, elikadura... — ez baitaude horrekin lotuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatu Medikoko ordezkariak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Sindikatu Medikoak ezezkoa eman dio Osasunbidearen eskaintzari, eta eskaerak gogortu ditu

Ion Orzaiz

Sindikatu ultrakontserbadorea ez da azaldu Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara, eta esan du biharko greba deialdiari eutsiko diola «eskaintza zoragarri bat jaso ezean»

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio/ Foku

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Edurne Begiristain

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Araban %70eko jarraipena izaten ari da greba, letradu elkarteen arabera. ©Juanan Ruiz / Foku

Epaitegiak «kolapsatuta», letraduen grebaren ondorioz

Maite Asensio Lozano

Hego Euskal Herriko letraduek astea bete dute gaur greba mugagabean. Soldatak igotzeko eskatu diote Espainiako Justizia Ministerioari.

Galduriko emakumea bilateko operazioan parte hartu duen lagileetako bat. ©SOS Deiak

Hilda topatu dute Loiun galduriko emakumea

Berria

Igandetik ari ziren 78 urteko andrearen bila.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...