Gerra Ukrainan. Elkarrizketa. Rafael Poch-de-Feliu. Kazetaria

«Mundu multipolarra: horixe da ikusten ari garen jokaldia, mundu horren sorrera»

Nazioarteko berriemaile ohiaren arabera, potentzia globalen korrelazioan «aldaketa bat» gertatu da, eta Ukrainako gerrak elementuak emango ditu hori zer norabidetan doan argitzeko.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan hizketan, hilaren 5ean. PETER FOLEY / EFE.
ander perez zala
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Rafael Poch-de-Feliu (Bartzelona, 1956) nazioarteko berriemailea izan da 35 bat urtezLa Vanguardia egunkariarentzat; horietako gehienak, SESB Sobietar Batasunean eta Errusian (1988-2002), eta Txinan (2002-2008). Alemanian ere aritu zen lanean, Berlingo Harresia erori aurretik eta ondoren, eta azken urteak Frantzian eman zituen. Egun, nazioarteko harremanen irakaslea da UNED Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean, eta, haren blog pertsonalean dioen modura, baita nekazaria ere.

SESBen amaieraz, Vladimir Putinen Errusiaz, Txinaz eta Alemaniaz zenbait liburu argitaratutakoa da. Azken obra iragan hilabetean plazaratu zuen, Revista Contexto argitaletxearekin: La invasión de Ucrania (Ukrainaren inbasioa).

Liburuaren azalean bala forma duten bi peoi agertzen dira; bata bestea baino handiagoa da. Zeri egiten diete erreferentzia?

Ez dut ideiarik ere; nik ez nuen diseinatu. Bala bat baino gehiago, niri iruditzen zait misil bat dela, eta horrek pentsarazten dit gatazkaren atzean zer dagoen. Errusiaren eta Ukrainaren gatazkaren atzean NATOren [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen] eta Errusiaren arteko gatazka dago, AEBen eta Errusiaren artekoa.

Azalaren interpretazioa harago eramaten baduzu, euroatlantikoa euroasiaren kontra da, eta bigarren hori Errusiaren eta Txinaren arteko aliantza da. Badirudi misilak direla, herrialde horiek potentzia nuklearrak direlako. Azala gerra nuklear handi bati buruzkoa da.

Zure argudioetako bat da Gerra Hotza ez zela ongi itxi. Horrek esan nahi du gatazkaren iturria SESBen desegitean dagoela?

Honek 30 urteko perspektiba du. Promesa eta konpromiso sorta bat egin zuten, eta gerora ez dituzte horiek bete. Beste ikuspuntu bat da SESBen desegitearen plaka tektonikoak oraindik ez direla itxi. Gerra Hotzaren itxieraren eta SESBen desegitearen ondorioak sufritzen ari gara.

Gerraz asko idatzi da, eta adituek gauza asko aurreikusi dituzte. Deigarria izan da Francis Fukuyama politologo ezagunak esandakoa: Errusiak galduko duela, Putin boteretik botako dutela eta hau guztia «jaioberritze bat» izango dela demokrazia liberalentzat. Ados zaude horrekin?

Goizegi da zerbait esateko. Gerraren garailea nor den, horren araberakoa izango da. Zaila da zer gertatzen ari den ikustea, gerra militar batean egoteaz gain, gerra informatibo batean ere bagaudelako, eta Mendebaldearen bertsioan erabat murgilduta gaudelako.

Zuhurrena zera da: esan dezakegu Errusiarentzat gauzak ez direla aurreikusi zituen bezala gertatu. Errusiak agertoki onuragarriago bat espero zuen, Ukrainako armada ordu gutxian edo egun gutxian lur jota geratuko zela, gobernuak Kievetik ihes egingo zuela...

Baina hori guztia ez da gertatu. Zergatik? Bestek beste, 2014ko gobernu aldaketaz geroztik Ukrainan armada modernizatzeko operazio bat egin dutelako, baita soldaduak entrenatzekoa ere.

De iure, Ukraina ez da NATOko kide, baina, de facto, geroz eta integratuagoa zegoen NATOn. CIA militarrak entrenatzen aritu da 2015etik: hori jakina da, eta aitortua. NATOk base sorta bat zuen Ukrainan.

Kremlinek esan du Ukraina inbaditzera behartuta zeudela, hori egin ezean haiek izango zirelako inbadituak. Iazko irailean AEBek eta Ukrainak itun bat sinatu zuten, eta AEBek konpromisoa hartu zuten Krimearen anexioa ez onartzeko. Eta, lehenago, apirilean, [Volodimir] Zelenskik esan zuen Ukrainaren doktrina militarraren parte dela Krimea berriz konkistatzea.

Prozesu hori ikusita, Errusiak erabaki zuen berak izan behar zuela eraso egiten lehena, [Ukraina] indartsuegia bilakatu eta Errusiarentzat arazo handiegi bat bihurtu aurretik. Zaila da azentu guztiak kokatzea egoera honetan. Erasotzaile guztiek eraso-gerra guztiak aurkezten dituzte prebentzio gerra modura.

Mendebaldearen helburua da Errusia ahalik eta denbora gehien trabatuta geratzea gerra honetan. Eta, ohartzen bazara, jada ez dira irtenbide negoziatu batez ari, armak bidaltzeaz baizik.

Gerra hau mugarri izango da nazioarteko harremanetan? Aldaketa baten aurrean gaude?

Bai, oinarrizko puntu bat da. Inbasio honen aurretik, AEBak kezkatuta zeuden Txinaren gorakadarekin, eta ez zuen gailurik horri galga ezartzeko, Txinaren gorakada oso indartsua baita. Hori ikusita, AEBek beren bi etsaiak militarki inguratu dituzte. Eta errusiarrek azkenean erreakzionatu dute.

Krimearen anexioa erabakigarria izan zen. [Barack] Obamaren administrazioarentzat, hori gertatzea zuzeneko desafio bat izan zen autoritate inperialarentzat. Herrialde batek militarki desafiatzea onartezina zen, munduari bulkada batzuk bidali zizkiolako. Errusia gai bada AEBei militarki aurre egiteko, nork daki, agian bihar brasildarrek ere hori egin dezakete. Orain, mundu osoko indarren korrelazioan aldaketa bat dago.

Noren aldekoa?

Hori ikusteko dago. Errusiaren ikuspuntutik, esan dezakegu egoera okertu egin duela: NATOk presentzia indartu du [Europa] ekialdean, Suedia eta Finlandia ziurrenik aliantzan sartuko dira, Ukrainan sinpatia gutxi geratuko da Errusiarekiko, eta zigorrak jaso ditu. Ezohikoak, gainera.

Hori bai, mundu osoan, BRICS [Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hegoafrikak osatzen duten] taldea ez da batu zigor horietara, ezta Latinoamerikako herrialde ia gehienak ere. Eta Errusiako Banku Zentralaren funtsak konfiskatu izanak eta AEBek nazioarteko finantzaketa ordainketen sistema erabili izanak zera eragin du herrialde askotan: ohartu dira ezin direla egon AEBek menderatzen duten sistemetan. Izan ere, inoiz zure herrialdea AEBen bidean jartzen bada, Errusiarekin egin duten gauza bera egin dezakete: ordainketak moztu, bankuan duzun dirua konfiskatu...

Hori guztia pizgarri bat izan da Mendebaldekoak ez diren herrialdeentzat. Besteak beste, ohartu dira erakundeak garatu behar dituztela eta transakzioak egin behar dituztela dolarrak ez diren monetekin. Baliteke horrek guztiak asko ahultzea munduaren nagusitasun zentrala. Hori orain ikusten ari gara, baina oraindik ez dugu argi nolakoa izango den amaiera.

NATOk barne desadostasun handiak zituen, eta ez zuen bizirik irauteko arrazoirik. Orain, etsai argi bat du aurrean...

Errusia nola egongo da datozen urteetan? Bakartuta geratuko da ala dirudien baino aliantza gehiago ditu?

Mendebaldean erabat bakartuta dago, inoiz baino gehiago. Mendebaldea ez den eremuetan, esan dizkizudan gauzak gertatzen ari dira, baina horrek ez du esan nahi sinpatiarik dagoenik Errusiaren Ukrainako inbasioarekiko.

Orduan, Txinaren eta Errusiaren arteko aliantzak badu etorkizunik?

Uste dut oraingoz baduela etorkizunik. AEBek argi utzi dute beren etsai nagusia Txina dela, eta preseski Txinaren eta Errusiaren aurka estrategia bera erabili dutelako elkartu dira bi herrialde horiek. Integrazio euroasiatiko hori garatzen aritu dira urteotan, bestek beste, zetaren bide berriarekin, merkataritza korridoreekin eta erakunde sorta alternatibo baten sorrerarekin. Hor daude Inbertsioen Banku Asiarra, finantzen ordainketa sistemak eta Internet alternatiboa, adibidez.

Txinak ez du arrazoirik krisi honetan Errusiarengandik aldentzeko. Txinako telebista bateko iruzkingile batek esan zuen modura: AEBek Txinari eskatzen diotenean Errusiaren kontrako zigorretara batzeko, egiazki eskatzen ari direna da bere bazkidea hiltzen laguntzeko; gero, preseski, Errusiaren kontra egiteko. Txinatarrek ez dute hori nahi.

Baina, etorkizunera begira,AEBei ez zaie komeni Errusia erakartzea Txinari aurre egiteko?

Behatzaile amerikar asko hori defendatzen ari dira; besteak beste, [Henry] Kissinger [Estatu idazkari ohia]. Ez dute halakorik egin. Eztabaida hori bazegoen botereko elite amerikarrean, eta [Donald] Trumpen agintaldian oso agerikoa izan zen, Trumpek ez zituelako harreman txarrak nahi Errusiarekin. Zuk galderan diozuna defendatzen zuen, baina botereko eliteko sektore batzuek traba erraldoiak jarri zizkioten.

Orain, ordea, iruditzen zait eztabaida hori itxita dagoela, eta erabaki zutela bi herrialdeen kontra aritu behar direla aldi berean.

Eta AEBei komeni al zaie EBk autonomia militarra izatea arreta Txinan jartzeko?

Autonomia militarra ez. AEBek nahi dutena da EBk arma amerikar gehiago erostea, baita sektore energetikoan eta finantzarioan dirua xahutzea ere, horiek baitira ekonomia amerikarreko bi oinarri nagusiak.

Hein batean bada ere, hori lortzen ari dira. Iaz, EBk merkataritza akordio bat egin zuen Txinarekin, baina orain bien arteko harremana geroz eta okerragoa da. Hortaz, dena ongi doa AEBentzat.

Ukrainako gerra europarren artekoa da, Europan... Zertan ari dira AEBak honetan guztian?

EB superestatu bat da, potentzia ekonomiko oso garrantzitsu bat, baina ezdeusa da atzerri politikaren eta segurtasunaren terminoetan. Bi aspektu horiek hipotekatuta dauzka AEBen zaindaritzapean. Gerra Hotza amaitu zenean, horrek ere amaitu beharzuen, baina, hori gertatu izan balitz, antzinako etsaien arteko harremanak normalizatu izan balituzte, zaindaritza horrek zentzua izateari utziko ziokeen.

NATO hedatzen hasi zenetik, urteotako filma da tentsioak sortu behar direla zaindaritza hori mantentzeko. Preseski,NATOren [Europa] ekialderako hedapena hori da. NATOk zentzua galdu zuen Varsoviako Hitzarmena desegin zenean, baina ez, erabaki zuten ekialdera hedatzea eta [SESBeko presidente ohi Mikhail] Gorbatxovekin negoziaturiko ahozko eta idatzizko akordio guztiei traizio egitea.

Errusian ere zenbait gauza gertatu dira. Errusiak ere erantzukizunak ditu, baina ezin da esan NATOren hedatzeak ez duela zerikusirik gerra honekin, ezta AEBek Europan duten presentzia militar eta politikoak ere.

Europa ere erantzule da. Zergatik ez zen emantzipatu? EB auzi enpresarial gisa sortu zen, eta ongi zetorkion defentsan asko ez xahutzea, aterki amerikarra hor zuelako, eta horrela funtzionatu du. Kontua zera da: arlo militarraren eta ekonomikoaren arteko harremana zuzena dela, eta, ez baduzu autonomiarik zure atzerri politikan, zure potentzia zaindariak gauzak inposatzen dizkizula.

Kasu honetan, amerikarrek ez zuten ezer jakin nahi Alemaniak eta Errusiak duten harreman energetikoaz. AEBen helburuetako bat harreman hori amaitzea zen, eta hori lortzen ari dira. Egia da Errusiak ere erraztu egin duela testuinguru hori.

Etorkizunera begira, irtenbide bikoitz bat proposatu duzu: Errusiaren eta Ukrainaren demokratizazio sozial eta politikoa, eta mundu multipolarrago bat, boteregune gehiago dituena, betiere maila berean.

Mundu multipolarra: horixe da ikusten ari garen jokaldia, mundu multipolar horren sorrera. Mundu multipolarrak zer esan nahi du? Bakarrik agintzen ari zirenek bakarrik agintzeari utzi behar diotela, eta administrazio kolektiboago bati atea ireki. Zer gertatzen da? Bakarrik agintzen ari direnek ez diotela bakarrik agintzeari utzi nahi.

Errusiaren kasuan, badirudi fitxak oso gaizki mugitu dituela, bere etsaiak lehen baino elkartuago baitaude. Aldi berean, Errusia saiatu da barne kohesio bat bilatzen, Putinen agintaldiko azken hamar urteetan herrialdeko ekonomia geldituta zegoelako.

Errusiar gehienen bizitzarako sufrimendu handia eragingo duen arren, dei egin zaie banderaren inguruan tente jartzera. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Uste dut hau guztia oso arriskutsua dela Errusiarentzat.

Bada herrialderik mundu multipolar horretako boteregune bilakatzeko indarra duenik?

Oraintxe bertan, militarki, AEBak, Europa, NATO, Errusia eta Txina dira kontuan hartzeko bakarrak. Gero badira Brasil, India eta halako potentzia handiak, interesa dutenak multipolartasun horretan. Eta horretan berdin du zein den erregimen politikoa: Lula-ren Brasil izan zen BRICS sustatzen lehenetarikoa, eta [Jair] Bolsonarorekin bide beretik jarraitu du, gutxi gorabehera. Bolsonarok Putin bisitatu zuen krisi betean, eta harremanak onak dira oraindik ere.

Gaur egun, bada prozesu objektibo bat munduko potentziaren lekualdatzeaz: Asiara doa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, AEBen ekonomiak pisu handia zuen: munduko BPGaren %40-50 inguru zen; egun, berriz, %20 inguru da. Txinaren kasuan, 1980ko hamarkadan %3 zen, eta egun, %18.

Lehen agintzen zutenek pisu txikiagoa dute, eta lehen batere agintzen ez zutenek pisu askoz ere handiagoa dute. Horrek esan nahi du muturreko aldaketa bat egongo dela? Ez, prozesu historiko bat delako, luzea, gorabeherak dituena; horietako bat orain ari gara bizitzen: gerra...

Gerra horretan Ukraina da tresna; gerra, berez, potentzien artekoa baita. Gauza asko erabakitzen dira horretan, eta ez dakigu nola amaituko den, noren alde bukatuko den. Nik uste dut Errusiarentzat ez dela ongi amaituko.

Antonio Gramscik adierazpen ezagun hau egin zuen: «Mundu zaharra hiltzen ari da. Berriak denbora asko behar du agertzeko. Eta ilun-argi horretan munstroak sortzen dira». Egungo egoerara aplika daiteke?

Bai. Zona gris batean gaude mundu osoko indarren korrelazio aldaketan. Eta Ukrainako gerrak elementuak emango dizkigu argitzeko zer norabidetan goazen eta zenbateraino aldatuko den indar korrelazio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.