Erresuma Batuaren etorkizuna. Sarah Creighton. Idazlea eta analista politikoa

«Ipar Irlandan komunitate askok ez dute anitz irabazi Ostiral Santuko Akordiotik»

Irlanda iparraldearen mendeurrenean, giroa geroz eta suharragoa bilakatzen ari da, batez ere unionisten artean. Creightonen arabera, haserrea faktore askoren ondorio da: politikoak eta sozioekonomikoak.

BERRIA.
ander perez zala
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Urteurrenak ospakizun alaiak izan ohi dira, baina Ipar Irlandaren mendeurrena tentsio politiko betean iritsi da, brexit-ak eta koronabirusaren pandemiak baldintzatuta. Etorkizuna ziurgabea da milaka herritarrentzat, batez ere unionistentzat, iragan hilean izandako protestek agerian utzi baitute haien egoera deserosoa; Britainia Handitik urrunago sentitzen dira, Ipar Irlandarako Protokoloak sorturiko mugarengatik, eta azkenaldian Irlanda baturako aukerak handitu direlako.

Baina Ipar Irlandaren arazoak politikatik haratago doaz, eta komunitate askori eragiten die, batez ere sozioekonomikoek; Sarah Creighton idazle, iritzi agerle eta abokatuaren arabera, askoren ustea da 1998ko bake itunak ez diela «mesederik egin», eta beren ordezkari politikoek ez dietela «jaramonik egin».

Ipar Irlandak ehun urte beteko ditu bihar. Urteurren zoriontsua ala tristea da?

Bien nahasketa da. Unionista naiz, eta esango nuke tristeagoa dela zoriontsua baino. Badira uste dutenak Ipar Irlandarako Protokoloak kalte egiten diola Ipar Irlandak batasunean duen tokiari, eta hori ehungarren urtean gertatzea irain bat da. Oso haserre daude, eta uste dute Ostiral Santuko Akordioa urratu duela.

Unionismo politikoak badu oraindik lehen ministro kargua, baina haren aldeko babesa txikitzen ari da. Gora egiten ari dena erdiko eremua deitzen duguna da, Aliantza Alderdia edo Alderdi Berdea; unionistekin eta nazionalistekin lerratuta ez daudenak dira. Uste dut hori gertatzea ona dela, baina ez dago argi erdiko eremuko boto emaileek zer iritzi duten auzi konstituzionalez.

Eta, noski, bada protesten auzia, eta horren inguruan gertatzen den guztia. Unionisten arteko atsekabea agerikoa da, uste baitzuten brexit-ak Ipar Irlandak batasunean duen tokia sendotuko zuela, baina, azkenean, okertu egin du egoera.

Asko haserre daude, baina ez da soilik brexit-arengatik, ezta?

Arrazoi asko daude. Bake itunarekin daude haserre, uste dutelako [urteotako] prozesuak haientzat ez duela funtzionatu, ez diela mesederik egin eta ordezkari politikoek ez dietela jaramonik egiten. Haserre daude horiekin, ez dituztelako haien ikuspegiak ordezkatzen. Ipar Irlandan komunitate askok ez dute anitz irabazi Ostiral Santuko Akordiotik.

Nire belaunaldiarentzat, itunaren ondoren hazi denarentzat, indarkeriarik ez egotea izan da egokiena. Baina komunitate horiek, lana lortzeko itxaropenaren ikuspuntutik, uste dute hemen hazten ari den ekonomiak ez duela eraginik izan haiengan, eta atzean geratzen ari direla.

Lehengora itzulita, unionismo politikoan askok uste dute ez direla ongi ordezkatuak, eta politikariak ez direla erabat zintzoak izan; hutsune txiki bat dago hor. Konfinamendua gogorra izan da, eta kaltegarria komunitate batzuentzat. Protesta horiek pandemian asko sufritu duten komunitateetan gertatu dira.

Zer arazok sentiarazi diete atzean geratzen ari direla?

Errentaren eta desberdintasunen arteko nahasketa bat da. Ipar Irlandak soldata oso txikiak ditu Britainia Handiarekin konparatuz gero. Hemen bizitzea oso merkea da, eta soldatak txikiak dira. Hiru hamarkada iraun duen gatazka batetik gure onera itzultzen ari gara, eta, aldi berean, 2008ko krisitik. Epe laburreko kontratuak daude edo ordu gutxikoak, eta askotan gutxi ordaintzen dute.

Bake prozesuaren etekinak gehienbat klase ertainera joan dira, baina komunitate askotan hutsuneak daude, batzuek ez dute autobiderik inguruan, eta etxe bat lortzeko zerrenda oso luzea da, 40.000 lagun ingurukoa. Etxebizitza sozial gehiago eraiki behar ditugu. Bi komunitateetan ere bada hezkuntzaren arazoa, ikasleek emaitza txarrak lortzen dituztela, batez ere langilerian.

Orokorrean, frustrazio handia dago sistema politikoaren inguruan. Batzuek uste dute bake prozesutik atera duten gauza bakarra lan kaskar bat eta soldata txikia izan direla.

Arazo horiek antzekoak dira irlandar errepublikanoentzat eta britainiar unionistentzat?

Bai. Bakearen Hormara zoaz, eta Shankillen zein Falls Roaden arazo berberak dituzte. Batzuek diote atearen alde bat ari dela protestan, eta bestea ez, baina hori ezin duzu atera egoera orokorretik. Arrazoiak daude hangoak protestan aritzeko eta nire auzokoak ez. Hango komunitateek sentitzen dute ez dituztela entzuten, inori ez zaiela inporta haien egoera.

Ostiral Santuko Akordioa arriskuan dago?

Ez. Babestuta dago legediaren aldetik, Westminsterren bidez. Talde loialista batzuek Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroari idatzi zioten esanez behin-behinean utzi diotela bake ituna babesteari. Hori garrantzitsua da, baina ez zait iruditzen atzera egingo dugunik. 32 urte ditut, eta akordioak 23 urte ditu; haurra nintzeneko egoerara itzultzea barneraezina litzateke. Ez dut uste egoera horretan gaudenik.

Hori bai, uste dut herritarren artean badirela aldaketak nahi dituztenak. Kezka dut, Ipar Irlandako Asanblea berriz kolapsatzen bada, ez dela egungo forman itzuliko, agian akordio politiko berri bat beharrezkoa izango dela. Halere, ez dut uste biolentziara itzultzeko nahia dagoenik, baina badakigu badaudela batzuk egoera horri etekina atera diezaioketenak. Aurrekoan bonba bat aurkitu zuten emakumezko polizia baten autoaren azpian; errepublikano disidenteak izan ziren. Egoera konplikatua da. Ez dut uste bake akordioa eroriko denik, baina erronkak ditu aurretik.

Ez da bestelako itunik behar?

Ez dut uste.

Badirudi gazteak erradikalizatzen ari direla, bakearen belaunaldikoak izan arren.

Bi aldeetan dago kezka hori, gazteak iraganera begiratzen ari direla. Loialisten aldean, belaunaldi zaharrenak gazteenen kontrola galdu du, eta esango nuke gauza bera gertatu dela errepublikanoen artean. Hori entzun dut behintzat. Bada kezka gazteak atzera begiratu eta iragana goresten ari direla, garai horiek izugarritzat dituztela, une horietan munduak zentzua zuela, eta orain haiei dagokiela kalera atera eta hau edo bestea egitea.

Nor zegoen azken protesten atzean?

Ez dakigu. Agian izan dira aspertuta zeuden haur batzuk, poliziengana joan eta harriak botatzen hasi zirenak. Badakigu toki batzuetan Hego-Ekialdeko Antrim UDA [Ulsterren Aldeko Elkartea] izan zela, baina beste batzuetan ez dakigu, paramilitarrek esan baitute ez zutela ezer antolatu. Hortaz, ez dago argi, baina kazetari batzuek diote talde horietako batzuk ikusi zituztela protestetan. Ez genuke paramilitarrena parte hartzea erabat baztertu beharko.

Unionisten artean haserrea eragin zuen iragan urtean Sinn Feinekoak Bobby Storey IRAko boluntario ohiaren hiletara joan izanak, pandemian izan arren. Errepublikanoak ere haserretu ziren?

Denak zeuden haserre. Batzuek, baina, gertakari hori beren mesederako erabili dute, ordezkatzen baitu askok uste duten errealitatea: Sinn Feinek nahi duena egiten duela, eta ez duela zigorrik jasotzen. Fiskaltzak erabaki zuen inor ez inputatzea, eta horregatik asko haserre daude, batez ere Poliziarekin. Baina, berez, denak daude haserre Poliziarekin.

Duela hilabete edo bi hilabete, Sean Graham sarraskian hildakoak omentzeko ekitaldi bat egin zuten nazionalistek, eta Poliziak lagun asko atxilotu zituen, agindutako neurriak urratzen zituelakoan. Baina bada narratiba bat Polizia unionista loialisten aurka lerratuta dagoela.

Duela bi urte, buruzagi errepublikano disidente batek esan zuen brexit-a laguntza handia izan dela irlandar nazionalisten helburuentzat. Ados zaude?

Argudiatze aldetik, errazagoa bilakatu da Irlanda batuaren aldekoentzat: EBra [Europako Batasunera] itzultzeko bidea da Hegoaldearekin elkartzea. Ipar Irlandak EBtik irtetearen kontra bozkatu zuen, eta unionisten artean gehienek alde bozkatu zuten, baina gutxiengo batek, kontra. Azken horientzat brexit-a oso garrantzitsua izan da, eta askori pentsarazi die auzi konstituzionalaz. Badirudi jendea prest dagoela horretaz aritzeko, etxean edo lagun artean bada ere.

Unionistek kontu handia izan behar dute, gaizki kudeatzen badute, Irlanda batuaren aldekoek egoera baliatuko baitute batasuna lortzeko. Egia da brexit-ak horretarako aukera ona eman diela. Une zaila da unionistentzat.

Sentsazioa bada brexit-a hondamendi bat izan dela unionistentzat.

Bai [kar-kar-kar]. Irteeraren kontra bozkatu nuen, eta aitak eta anaiak, alde. Nire kezkak bete dira, irteeraren kontra bozkatzearen arrazoietako bat izan zelako ez dudala Irlanda baturik nahi.

Izan genezakeen brexit leuna, aduana batasunean eta merkatu bakarrean jarraituta. Hori egin izan bagenu, ez genuke mugarik izango ez Irlandako itsasoan ezta Iparraldearen eta Hegoaldearen artean ere. Noski, batzuei iruditzen zitzaien hori ez zela brexit-a.

Unionistek kalkulu politiko txar bat egin dute, eta Ipar Irlandako Protokoloa horren ondorio da, puntu bateraino bada ere. Berez, inork ez du nahi, ez unionistek, ez errepublikanoek, baina azken horiek onartu egin dute muga gogorra eragozten duelako Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Haustura bat eragin du: gu zatitzeko beste modu bat da.

Saldua sentitzen zara?

Ez dakit hori den hitzik egokiena. Brexit-a sustatzean, ez zioten kasurik egin Ipar Irlandari, eta beranduegi izan zen arte ez ziren ohartu arazoaz. Frustrazioa eta haserrea dela esango nuke, erabiliak izan garela, bai Erresuma Batuaren partetik, baita EBren partetik ere. EBk dio Ipar Irlandarako Protokoloa Ostiral Santuko Akordio babesteko dela; hori ez da egia, merkatu bakarra babesteko da.

Ehun urtez izan gara batasunean, eta pentsatuko zenuke kontuan hartuko gintuztela dagoeneko, baina egiazki ez da halakorik gertatu. Westminsterren askori ez zaie Ipar Irlanda axola, eta hori da arazoa. Ez naiz saldua sentitzen ez dudalako inoiz espektatiba handirik izan, baina egia da asko horrela sentitzen direla.

Esana duzu Ipar Irlandak lidergoa behar duela.

Batez ere unionistez ari nintzen. Unionistek behar dute buruzagi bat herritarrei egia esateko eta akatsak onartzeko prest dagoena. Baina, batez ere, protokoloa hemen dagoela dioena, eta zaila izango dela hori kentzea.

Pentsa, azken protestak izan zirenean, Arlene Fosterrek [dimisioa emango duen Ipar Irlandako lehen ministroak] txio bat idatzi zuen esanez arreta Sinn Feinekoetan jarri behar zela, eta ez harriak botatzen ari zirenetan. Eta pentsatu nuen: zertan ari zara? Ez dute onartuko akats bat egin dutela.

Ipar Irlandak behar du beste aldearekin lan egiteko prest dagoen norbait, eta hau guztia denentzat funtzionatzeko saiatuko dena. Kapital politiko handia behar da horretarako, baina ez dut uste gertatuko denik epe ertainean.

Ipar Irlandako Parlamenturako bozak 2022an izango dira, eta azken inkestek beherakada iragarri diete DUP Alderdi Demokratiko Unionistari eta Sinn Feini. Aldaketa baten hasiera da?

Galdera interesgarria da. Gerta liteke Sinn Feinek biltzea babes handiena, eta, hortaz, lehen ministro kargua lortzea. Unionista asko kezkatuta daude horrekin, nahiz eta betidanik [agintea] bulego partekatua izan den; Sinn Feinek beti esan du gobernuburu partekatua dela, orain arte lehen ministrorde kargua izan baitu. Ez litzateke harritzekoa izangoDUPekoek gauza bera esatea.

Zalantza da Sinn Feinek lehen ministro kargua lortuko ote duen; eta, kasu horretan, DUP gobernuan sartuko ote den. Espero dut berriz kolapsorik ez gertatzea. Protokoloaz bozkatuko dute 2024an, eta boz horietatik aterako den parlamentuak egingo du. Asko dago jokoan.

Sinn Fein lehena izateak egiazko aldaketarik eragingo du?

Gobernuan izan dira hamar urtez. Gauza bera izango da, diferentzia, agian, sinbolismo aldetik izango da, Sinn Feinek lehen ministro kargua izatea. Batzuentzat agian beldurgarria izango da. Ipar Irlandako unionismoarentzat, sinbolikoki, kolpe psikologiko handia izango da. Baina bueno, demokrazia da. Zure errua da behar adina boto ez lortzeagatik.

Interesgarria izango da zer gertatuko den ikustea, eta erreakzioak zeintzuk izango diren.

Uste duzu egungo Ipar Irlandan baduzula tokirik, eta izango zenukeela Irlanda batuan?

Bai, uste dut badudala nire tokia Ipar Irlandan. Ipar Irlanda maite dut, baina harreman konplikatua dut harekin. Oso toki kontserbadorea da. Zaila da hemen bizitzea, urte luzez inor ez zegoen abortuaren alde, eta ez zen soilik unionisten kontua, Sinn Feinek jarrera bera zuen; gauza bera gertatu da sexu bereko pertsonen ezkontzekin. Denbora asko behar izan dugu aldaketak izateko.Jende askorentzat frustragarria izan da hemen haztea.

Balizko Irlanda batuan, ez dakit tokia izango nukeen. Ez da kritika bat. Zatiketa gertatu zenean, Iparraldeak bere burua britainiartzat definitu zuen, eta Hegoaldeak, irlandartzat. Ni britainiar herritarra naiz, eta irlandarra ere bai. DUP baino askoz ere moderatuagoa naiz, eta ziurrenik asko baino errazago egokituko nintzateke egoera berrira. Galderak daude, halere: zein izango litzateke nire herritartasuna? Zein, bandera? Zer ereserki abestuko nuke?

Identitate kulturaletik kanpo ere baditut kezkak. Hegoaldeak ez du inoiz ezkerreko gobernu bat izan; sektore publikoa txikia da; eta korporazio handiek ez dituzte zergak ordaintzen, adibidez. Hemen ditugun arazo asko han ere badituzte. Ekonomikoki hobeto biziko nintzateke? Nire kasuan agian bai, egiten dudan lanagatik, baina beste batzuk agian ez. Gertatzen bada, gertatuko da, eta ohitu beharko gara.

Beldur zara zer etorriko den?

Kezkatzen nau. Batez ere, brexit-arekin gertatu bezala, planik ez egoteak. Antolatu egin beharko litzateke, Ipar Irlandak egun dituen arazoak Irlanda batuan ez mantentzeko. Nire kezka da batasuna gertatzea eta herritarrak horretarako prest ez egotea, edo une okerrean gauzatzea. Gaizki egiten bada, hondamendi bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.