Amatasun unitatea irekiko dute Martuteneko espetxean

Beatriz Artolazabalek gezurtatu egin du dimisioak egon izana. Zubietako espetxearen irekiera lau hilabetez atzeratuko da

Artolazabal eta hiru espetxeetako zuzendariak, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jone arruabarrena
Martutene
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriko lehen amatasun modulua aurkeztu zuten atzo, Martuteneko espetxean (Donostia). Hiru urtetik beherako haurrak dituzten emakumeak unitate horretan egongo dira lanak bukatzean, eta hamar urtetik beherako haurrak dituzten emakumezko presoek beren seme-alaben bisitak jasotzeko aukera ere izango dute gune horretan. Ekainaren bigarren hamabostaldian zabalduko dute, baina «behin-behinekoa» izango da, Zubietako espetxe berria ireki bitartean. Hala esan du Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Orain arte, haurrak espetxean izan nahi zituzten emakumeek Euskal Herritik kanpo zeuden espetxeetara joan beharra zuten, ez baitzegoen halako eremurik.

Amatasun Unitateak bi solairu izango ditu; guztira 406 metro karratu. Lehenengo solairuan, zazpi gela jarriko dira, eta dutxak ere bai. Beheko solairuan, berriz, hiru areto txiki, eta egongela bat. Haurrentzako jolastoki bat ere izango da.

Sailburuak adierazi duenez, laster preso dauden bi emakume dira erditzekoak, eta haiek jadamodulu berrian egongo dira. Gainontzekoan, oraindik ez dago moduluan sartzeko eskaerarik. Espetxe berria eraikitzen ari dira, eta adierazi du «gutxienez lau hilabeteko atzerapena» izango duela Zubietako kartzela berriaren irekierak. Azaldu duenez, 2024. urtean irekitzeko asmoa daukate.

Dimisioen polemika

«Ez dimisiorik, ez krisirik...esku artean duguna lan handia da». Horrela gezurtatu ditu Beatriz Artolazabalek azken asteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu dutela zioten zurrumurruak. Sailburuaren arabera, «informazio ez oso zorrotz batek sortutako polemika» baino ez da izan, «kolektibo batzuen interes partikularrek bultzatua».

Hain zuzen, Martuteneko espetxean egin ditu adierazpenak, hiru espetxeetako zuzendariak —Marian Moreno Gipuzkoakoa, Benito Agirre Arabakoa eta Vicenta Alonso Bizkaikoa— ondoan zituela. Gipuzkoako kartzelako amatasun unitateko obretara egin duten bisita baliatu dute gertatutakoaren gaineko adierazpenak egiteko: «Bakoitzak bere hitzen ardura har dezala, denborak jarriko du nor bere lekuan», esan du Artolazabalek.

Marian Moreno Gipuzkoako espetxeko zuzendariak ere hartu du hitza: «Hemen nago gaur. Eta, dimitituko banu, bistan da ez nintzela hemen egongo». Adierazi du ez dakiela zergatik ikusi duen bere burua «halako polemika batean nahastuta»: «Martutene nire kartzela da, bizitza erdia baino gehiago daramat hemen lanean, eta orain arte jarraitu dudan bidea ez da asko aldentzen Eusko Jaurlaritzak arlo honetan jarraitzen duen ildotik».

El Mundo-ren arabera, funtzionarioen lan baldintzetan dago arduradunen ustezko dimisioen iturria: azken lehiaketan, adostu baino langile gutxiago hartu dituzte, hedabidearen hitzetan, eta soldatak txikitu eta egun libreak gutxitu dizkiete funtzionarioei.

Sailburuak, ordea, adierazi du bere sailak ez duela jaso «inolako auzi jakinarazpenik». Azaldu du espetxeetako langileek eskatutako lekualdatzeek eragindako hutsune bat baino ez dagoela, langile faltari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.