Silvia Soriano. Konstituzio Zuzenbideko irakaslea

«Emakumeen aurkako indarkeria oso errotua dago politikan»

Sorianorentzat, «gizonezkoek gizonezkoentzat» sortu dute eremu politikoa. Beraz, haren ustez, egoera aldatzeko «beharrezkoa» da sexu berdintasunean lagunduko duten politika publikoak bultzatzea.

BERRIA.
unai etxenausia
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Silvia Soriano (Elx, Herrialde Katalanak, 1985) Extremadurako (Espainia) Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko irakaslea eta Berdintasunerako Bulegoko zuzendaria da. Ikertzailea da, eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko artikulu politiko espezializatu ugari argitaratu ditu. Euskal Herrian izan da aurten, eta solasaldi bat eskaini zuen Eudelek eta Emakundek bultzatutako Virginia Wolf Basqueskola sarearen barruan. Haren iritziz, emakumeen ikusgaitasunak politikan «modu positiboan edo negatiboan» eragin dezake.

Nolakoa da emakumeen egoera politikan?

Azken urteotan lan handia egin da ikusgarritasunean, baina, politikarietan pentsatzen dugunean, gizonezkoetan pentsatzen dugu oraindik. Izan ere, Espainiako eta Euskal Herriako datuak aztertzen baditugu, herri askotan oraindik ez da emakumezko alkaterik izan. Gainera, uste dut batez ere herri txikietan hori aldatzeko lan handia egin behar dela; herrietan areagotu egiten baitira emakumezko alkate eta zinegotziek dituzten mugak.

Zergatik?

Matxismoa errotuta dagoen gizarte batean bizi garelako, eta hori gizarteko eremu guztietan islatzen delako. Gizonezkoek gizonezkoentzat sortu dute eremu politikoa, eta emakumeoi horretara egokitzea tokatu zaigu. Egokitze hori ez da batere erraza. Halere, ez bakarrik politikan, gizarteko beste eremu guztietan ere diskriminazioa jasaten dugu. Esaterako, kalean bertan.

Zeintzuk dira nabarmenduko zenituzkeen arazo nagusiak?

Familia eta lana kontziliatzeko arazoak izaten dituzte emakumezko politikari gehienek. Gaur egun, oraindik ere haiek eramaten dute familiako zaintza lanen pisua. Ezin badituzte bilerak egin edo ezin badute bidaiatu, zaila da politikan aritzea. Hala ere, zuzenean emakumeei galdetzea da onena; beti egiten ditugu analisiak kanpotik, eta ez diegu galdetzen udaletxeetan edo beste kargu publiko batzuetan lanean ari diren andrazkoei .

Zerk eragin du emakumeen esku hartzerako aurrerapausoak ematea?

Feminismoari esker izan da dena. Errealitatea ikuspegi neutro batetik aztertzen du feminismoak: gure kontraesanak parean jartzen dizkigu. Batzuetan, aldaketak lehenago datoz, eta beste batzuetan, beranduago, baina, feminismoagatik eta feministongatik ez balitz, ez genuke inongo aurrerapausorik emango.

Emakumeen esku hartzeak nola eragiten du?

Genero sozializaziotik aztertu behar da galdera hori, genero arrakala badagoelako. Emakumeok beste modu batean sozializatzen dugu, eta hori beste eremu batzuetara eramaten dugu, noski. Baina ez dira estereotipoak egin behar, emakumeak modu batekoak edo bestekoak direla esatean estereotipoa indartzen dugulako. Emakume bakoitza ezberdina da, izaera ezberdinekoa, eta lana harentzat onena den moduan egingo du. Hala ere, egia da emakumeek, eremu politikoan sartzen direnean, rol maskulinizatuak bereganatzen dituztela askotan. Baina gauza bat argi dago: politikagintzan emakumezko gehiagok egon behar dute, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago garelako, eta ez bakarrik lana ondo edo gaizki egiteagatik. Uste dut eztabaida luze baterako eman dezakeela galdera horrek.

Trabak traba, gero eta esku hartze handiagoa da.

Emakumeek politikan ikusgaitasuna irabazi izanak modu positiboan eta negatiboan eragiten duela uste dut: alde batetik, positiboa da emakumeek eta gazteek ikustea andrazkoak eremu politikoetan daudela. Jendeak ikusi behar du emakumeek nahi dutena egin dezaketela.

Bestalde, emakumeen aurkako indarkeria oso errotuta dago politikan, eta oso bortitza da. Horrek ere eragin kolektiboa izan dezake. Adibidez, gobernatzeko moduagatik, janzkeragatik, gorputzagatik eta beste hainbat gauzarengatik emakume bat kritikatzen denean, horrek gizarte osoko emakumeei eragiten die. Batek jasaten duen minak guztioi egiten digu.

Horren guztiaren oihartzuna, ordea, oso apala da.

Nik horri garrantzi handiagoa ematen diot. Herri txikietako udaletako emakumeak ez dira figura mediatikoak. Toki horietan inork ikusten ez dituen gauza asko gerta litezke, eta horrek gero herriko emakume guztiei eragiten die.

Zure ustez, zer urrats dira premiazkoenak diskriminazio hori ezabatzeko?

Ez dago errezeta magikorik, baina egia da berdintasuna lortu nahi badugu gizartearen kotzientziazioan laguntzen duten neurriak hartu behar direla. Politika publikoen alorrean, adibidez, bidea zabalik dago gauza asko egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.