Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Arduraren muga

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak gure lurraldean hasiera izan eta konfinamendua ezarri zenean, pentsatu nuen—akaso deseatu— honek guztiak gizarte hobea ekarriko zuela. Desikasiko genituela gure jarrera indibidualistak, daramagun bizimodu jasanezinaz ohartuko ginela, baita etorkizun berri bat errotzeko borrokatzeko ditugun hamaika eskubideez ere. Baina, inozoa ni, utopia besterik ez zen.

Arratsaldeko zortziak dira eta ez nau txalo zaparradaren burrunbak leihoratzen. Leihotik begiratzean kaleak gainezka ikusten ditut: hainbat musuko lepoko bihurtuta ikusten ditut, distantzian gelditu diren segurtasun-distantziak. Betiere, uniformedun norbait agertu arte. Orduan bai, gai gara atzera begiratzeko lana egiteko, konfinamendua gogora ekartzeko eta oraindik ere pandemia gorian gaudela oroitzeko. Hala ere, onartu beharra daukat jarrera hauek guztiak ez zaizkidala arrotzak egiten. Uztailaren 12ko tankerako osasun atentatu bat egin zuten pertsonak agintean edukita, ez da gutxiagorako. Larritasun egoera ukatuta hauteskundeetara deitu zuten. Gezurrezko segurtasuna saldu, gezurrez jositako botoak irabazi; eta orain bai, musukoak derrigorrezkotzat ezarri, osasun larrialdi egoera erreal egin. Era honetako osasun kriminalen agintaritzapean, ez, ez naute harritzen leihotik ikusten ditudan jokaerek. Galdu eta nahasi besterik ez gaituztelako egin. Ahaztu ditugu COVID-19a eta haren biktimak, ahaztu ditugu zaurgarriak diren pertsonak.

Eta banoa lanera, hamar orduko lanaldia dut aurretik: hamar orduz musukoa jantzita jardungo naiz, hamar orduz Ane erdi bat izango naiz. Hamar ordu horietan esfortzua egingo dut musukoaren atzean gelditzen diren ez-ahozko komunikazioko hitz guztiak transmititzeko. Izan ere, aurrean dudan gaixoak behar ditu hitz horiek. Gertu beharko lituzkeelako hamaika pertsona, baina, osasun-larrialdi egoera dela-eta kaleak gainezka dauden bitarte horretan, bizitza agurtzen dabilen pertsona honek ezin ditu nahi adina bisita jaso. Ezin du korridoreetan barrena paseorik eman, ezin du kafetegira jaitsi. Ezin du beldurra gorputzetik kendu, ezta bere senideek ere.

Beldurrez josi gaituzte, baina ez ongizate kolektiboaren kontzientziaz, eta osasun hezkuntzez ere. Norberak bere zilborrean pentsatzen duen garai honetan, pertsona zaurgarriak horrenbeste sufritzen ikusten ditudan honetan, neure buruari galdetzen diot ez ote garen indibidualismoaren pandemian bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.