CAFek «inoizko eskari zorrorik handienarekin» ekingo dio krisiari

Tren ekoizleak ziurtatuta dauka hiru urterako lana, baina kezka agertu du egoerarekiko

Andres Arizkorreta CAFen administrazio kontseiluko presidentea. G. RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Txinatik zetorren mehatxua. 2015ean sortutako CRRC kontsortzioa gutxika-gutxika sartzen ari zen munduko merkatuetan, eta horrek behartu zituen trenen industriako talde nagusiak batzera Europan (Alstom-Siemens), handitasunaren bidez merkatu kuota irabazteko. Enpresen kontzentrazioa, salneurrien doikuntza eta goi mailako teknologien erabilera dira sektorearen ezaugarri nagusiak, eta testuinguru horretan lehiatu beharra dauka Euskal Herriko CAFek.

Horri guztiari, orain, beste mehatxu bat gehitu zaio: koronabirusaren krisi ekonomikoarena. «Ziurgabetasuna». Hain justu, hitz hori nabarmendu zuen atzo Andres Arizkorretak, administrazio kontseiluko presidenteak, Beasainen (Gipuzkoa) eginiko akziodunen batzarrean. Azpimarratu zuen sektorea oso kezkatuta dagoela, baina goiz dela krisiak izan dezakeen eragina kuantifikatzeko, pandemiaren eboluzioaren eta bigarren seihilekoan gerta daitekeen susperraldi ekonomikoaren mende egongo baita hori.

Arizkorretak, dena den, mezu baikorra zabaldu nahi izan zuen, eta gogoratu konpainiak inoiz izan duen eskari zorrorik handiena duela: 9.446 milioi eurokoa. Bestela esanda, hiru urterako lana ziurtatua duela, CAFek maiatzean bidalitako ohar batean esan zuenez.

Baina dagoenetik kendu eta poltsan deus ez bada jartzen, aurreikuspen hori laster okertu daiteke. Izan ere, oraingo zorroa azken urteetako kontratuetan oinarritzen da. 2119-2020 aldirako planak 192 proiektu jasotzen ditu: besteak beste, Erresuma Baturako trenak; Napolirako, Bartzelonarako eta Amsterdamerako metroak; eta Jerusalemgo tranbia —egitasmo hori bertan behera uzteko eskatu zuten atzo CAFen egoitzaren aurrean eginiko protestan—.

2020aren hasiera, gainera, oso geldoa izan da lan kontratuetan: trenen mantentzeak egiteko bi sinatu ditu, bat Irlandan eta bestea Norvegian; eta beste kontratu bat Alemanian, 25 autobus egiteko. Orain, koronabirusa dela eta, gerta daiteke urte amaierako aurreikuspenak erabat aldatzea. CAFek begiz jota zeuzkan Espainiako Renfek bere aldirikoak berritzeko esleitu behar duen kontratu handia eta tren garraioa sustatzeko Europako Batasunaren laugarren plana. Horri heldu zion Arizkorretak atzo, eta kezkatuta esan zuen espero duela Bruselak eutsiko diela iragarritako «inbertsio masiboei».

CAFek 61 milioiren irabaziekin amaitu zuen 2019. urtea, eta 29 milioi banatuko ditu akziodunen artean. Bikoiztu egin du duela zazpi urte zuen lan zorroa, baina mozkinak neurri berean murriztu ditu. Gauza bat baita poltsaren prezioa eta beste bat hortik atera daitekeen errentagarritasuna. Konpetentzia handia dago trenen sektorean, eta mehatxuak gehitu dira. CAFek giharra erakutsi du, baina horrekin ez du nahikoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.