«Gerrillariok egin dugu dena»

Icononzo eta haren gisako mendiko eremuetan bizi dira gaur egun FARCeko milaka gerrillari, Kolonbiako oihanetan. Badute beta etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko, eta kezka ere bai.

FARC-EPko Icononzo herria, Tolima departamenduan. ORSOLA CASAGRANDE.
Nariño
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Icononzo hiri txikia, Tolima departamenduan, horixe da azken geralekua. Zalapartatsua da kale nagusia eta, euria gorabehera, bizi-bizia. Begiluze batzuek galdetu digute ea Veredal Eremura goazen; ia erretorikoa dirudi galderak, atzerritar gutxi barneratzen baitira herri urrun honetaraino, nahiz eta egia den azken hilabeteotan askoz ohikoak direla pertsona berriak

Tokiko biztanleek behin eta berriz esan digute zaila dela Icononzo eremuraino iristea; hantxe bizi dira, 2016ko azarotik, FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadako 300 bat gerrillari ohi. Bidaia amaierarako, nabarmen baikorrak iritziko diegu iruzkin horiei: estua da errepidea, mendiari arduragabeki lapurtua, eta egunotako euriak lokatz gehiago erantsi dio lokatzari, errusiar mendi antzeko bat bihurtzeraino bidea. Azkenean, Polizia Nazionalaren jeepek bakarrik lortu dute —gure gidari eta begirale izaki— harrera gunera iristea.

Pankarta zuri-urdin batek egin digu ongietorria: Antonio Nariño bakegunea. Magal batetik, ikusgarria da 2.000 metrotik beherako ikuspegia: gailurrez ereindako ordokia, mendi puska itzelez ere inguratua; zuri-zuria da argia, eta garbi-garbia airea.

Normalizaziorako Veredal Eremu Iragankorrera iritsiak gara, orain Gaikuntzarako eta Gizarteratzeko Lurralde Espazio ere baden horretara; baina, lehenengo gerrilla unitatea iritsi zenetik bederatzi hilabete igaro direlarik, izen luze horrek biltzen dituen helburuek aurrerapauso batzuk baino ez dituzte eman oraindik. Isabela da FARCeko gerrillari ohietako bat, eremuaz arduratzen dena, eta, hark dioenez, «hemen, beste ia beste 26 espazio guztietan bezala, gerrillariok egin dugu dena». Dena dioenean, hain zuzen, inguruko lur basatia zipriztintzen duten eraikin kaxkar bakanez ari da; argi eta garbi dagoenez, ingurumaria sekula ez baitzen izan lehenago inoren bizileku.

Etxetxo prefabrikatuak

Jarraipen, Ezarpen eta Egiaztapen Batzordearen arabera, Iconozco %20an zegoen, alor komunetako aurrerapenei dagokienez, eta %0an ostatatze materialari dagokionez. Isabelak dioenez, «itunak bete izan balitu gobernuak bidali behar zigun enpresari itxaron genion, eta etorri zen azkenean, baina berehala joan zen. Makina batzuk eta material zenbait utzi zizkigun, eta halaxe hasi ginen eraikitzen».

Egitura batzuk, hala nola jantoki komunak eta zenbait etxetxo, prefabrikatu arinak dira: kartoizko paretak dituzte, eta aluminio ijeztuzko sabai txiki gorriak.

Etxetxoak, egiatan, gela batzuk dira, zeinetan bizi baitira gerrillariak, ezkongabeak nahiz bikote seme-alabadunak izan. «Bakearekin, haurren boom bat egon zen», dio Lucerok, barrez; «Hamabost haur ditugu, eta 35 emakume haurdun». Emakume kementsua da Lucero, irribarre distiratsukoa; 15 urterekin sartu zen FARCen, familia kontserbadore eta ezinago zapaltzaile batetik ihesi. Eremuan entretenimendurako mila bide aurkitzen ditu Lucerok: istorioak, kontakizunak, jolasak, kantuak, bereziki kantuak... «Beti gustatu izan zait kantatzea», dio, behingoagatik herabea dirudien ahotsez; «eta, tira, hemen, Eremuan, kultur talde bat eratu dugu».

Agertoki bat dute kultur jardueretarako area komun gisa darabilten sabaipe batean; atze oihal gisa, mural bat dute, FARC-EPren sortzaileetariko bat ez ezik hainbat urtez komandante nagusi ere izan zutenarena, Manuel Marulandarena, Tirofijorena. Lucero ez da antzezle bakarra. Diego, esaterako, rap doinuan jotzen ari da berak konposaturiko kantu bat —bakearen aldekoa—. Eta hari segika, dantza talde bat, arropa tradizionala jantzita, laborarien dantza bat dantzatzen, eta, gero, dantza tekno-rock kutsagarri bat, arin-arin. Gerrillari izandako neska-mutil gazteak dira; horietako askok 30 urte eskas dituzte, eta, hala ere, 10-15 urte bitarte eman dituzte armak harturik. Hitz egiteko gogoa dute, kontatzekoa, Kolonbiako gizarteari eta beraien antzeko gazteei jakinarazteko gogoa. Diegoren esanetan, «badakigu jende asko gure beldur dela oraindik. Baina, guretzat, armak hartzea ez da sekula aukera bat izan, nolabaiteko behar bat baizik: beti nahi izan dugu bakea, baina geure burua ere defendatu behar genuen, baita gure jendea ere, gobernuaren, estatuaren eta paramilitarren gehiegikerietatik eta zapalkuntzatik».

Amets asko etorkizunerako

Eremuan, 2016ko azaroaren 24an Habanan sinaturiko Bakearen Azken Itunean jasota dagoenaren arabera, prestakuntza eta hezkuntza jasotzeko aukera izango dute, eta, hala, aiseago egingo dute bizimodu zibilerako trantsizioa. «Oraingoz», dio Gregoryk, «aukera oso gutxi eman digute. Egiaz, ideia eta amets asko ditugu etorkizunerako; ez bakarrik gure etorkizunerako, guk beti pentsatzen baitugu taldean. Esaterako, begira, hemen mintegi bat hazten ari gara, eta hemen zerriak eta untxiak, eta han barazki batzuk landatu ditugu». Eta, hizketan ari dela, begiak dizdizka dituela eta harro erakusten ditu harriei lapurtutako lur puskak; batzuetan, agerikoak dira jada lehen fruituak.

Gerrillari izandako neska gazte talde batek, Mayerli buru dutela, mahai baten gainean jarriak ditu erakusgarri eskulan batzuk —halakoak egiten irakatsi diete—, eta, hark dioenez, «diru iturri ere izan litezke aurrerantzean, azoka eta jaialdi solidarioetan salduz gero, eta, beharbada, baita Europan ere». Besteak beste, giltzatakoak, belarritakoak eskumuturrekoak, idunekoak… dituzte; lokatzetik sortuak denak ere, tokian bertan ugari baitute material hori. Dantzarietako batek, Yuri izeneko batek zera dio: «Pentsatu ere egin dugu kooperatiba bat sortzea, kafea eta beste hainbat produktu merkaturatzeko, aspaldi batean zapatistek egin zuten moduan».

Ez zaie ideiarik falta, eta bat-bateko bilera bat antolatu dute liburutegi izango den prefabrikatu txiki batean, zeinetako apaletan dozenaka liburu baino ez baitituzte, elkartasun eta senidetasun keinuei esker betetzeko zain. Nalcy zazpi hilabeteko bere sabelari igurtzika ari da, eta ziur dio haginlari kontsulta propioa zabaltzea gustatuko litzaiokeela: «Beti gustatu izan zait ortodontzia, eta, gerrillan nenbilela, dentista izaten ikasi nuen, liburuetatik ikasiz». Nalcyren abilidadeari esker, oinaze eta arazo gutxiago pairatu behar izan dituzte haren kide askok. Gero, Habanan, negoziazioek iraun zuten bitartean, mediku profesionalekin ikasi ahal izan zuen, eta oihanean ikasitako ezagutzak hobetu.

Nalcy eta haren bikotekidea plastiko berdez eta beltzez egindako denda horietako batean bizi dira, futbol zelai ondo-ondoan ezarritakoan, ikuztegi komunetik gertu. «Oraindik ez dugu bainugelarik denontzat», esan du Robertok, barrez; «baina, tira, ez zaigu falta landa zabalik». Postu mediko bat falta zaie, ordea, eta hori arazo handia da, gobernuak bete ez dituen eginbehar askotarikoetako bat. «Duela astebete», dio Carolinak, «Iconozcoraino oinez jaitsi behar izan genuen koliko bat izan zuen kide andrazko bat».

Honaino iristeko egindako bidearen oroitzapena nahasi egiten da toki honetan jolasean dabiltzan haurren oroitzapenarekin; urruneko toki hau eraldatu nahian dabiltza garai bateko gerrillari ohiak, gogo irmoz aritu ere, etorkizuneko beren bizileku bihurtu eta tokiko herritarrekin batean bertan bizitzeko asmoz. «Eremuko laborariekin biltzen ari gara», dio Vivianak, eta komunitatekoen eskueran jartzen gatazka armatuaren urte luze eta gogorretan ikasiak dituzten ezagutzak eta gaitasunak. Bizitza berri baten atarian daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.