KOMIKIRA HURBILTZEKO MAPA TXIKIA

Urriaren 3an amaitu ziren Getxoko XIX. Komiki Azoka eta Nafarroako XII. Komikiaren Azoka. Euskarazko argitalpenak aurkezten izan ziren marrazkilariak, gidoilariak eta argitaratzaileak. Litekeena da laster beste jaialdi bat sortzea Gipuzkoan. Inoizko kemen eta ospe handienez dihardute komikigintzan

BERRIA.
Gorka Arrese.
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Argitaletxeak
Mendehonetako ahaleginak


Saure (2000. urtean argitaratzen hasita), Astiberri (2001), Ikastolen Elkartea-Xabiroi (2005), Txalaparta (2006), Harriet (2015), Gure Berriak (2015), IkasElkar (2015), Zortziko (2015), Nabarralde (2016), Denonartean (2017), Farmazia Beltza (2018), Bang (2019), Tupust Kolektiboa (2019), eta beste zenbait elkarte eta erakunde daude komikiaren argitaldarien sarean, autore-editoreekin batera.

Guztien artean 300 liburu plazaratu dituzte mende honetan. Saure (52 titulu), Harriet (34) eta Astiberri (24) etxeak izan dira album gehien argitaratu dituztenak. Eta Ikastolen Elkartearen Xabiroi aldizkaria 62. zenbakira iritsiko da aurtengo Durangoko Azokan.

Tupust! bildumaren bigarren zenbakia argitara eman dute dagoeneko; 150 orrialde ditu, eta 21 egilek parte hartu dute. Komikia eta feminismoa uztartzea, sortzaileen arteko komunitate bat osatzea, eta hitzaldiak, erakusketak eta argitalpenak egitea dira Tupust Kolektiboaren asmoak. Orain arte plazaratutako bi aleetan (2019 eta 2021) egile hauek errepikatu dute: Ainara Azpiazu, Maite Caballero, Irati Eguren, Paula Estevez, Irati Fernandez Gabarain, Maitane Gartziandia, Maite Gurrutxaga, Irati Jimenez, Loinaz Lekuona eta Regina Salcedok.

Blogak
E-gorblogeta Komikeri


Igor Leturiaren (Arrasate, Gipuzkoa, 1971) E-gorblog aitzindaria izan zen komikigintzari buruzko berriak zabaltzen; 2005ean hasi zen, eta oraindik biziena izaten segitzen du haren blogak.

Bada beste blog bat ere, Mikel Begoña gidoilariak (Sopela, Bizkaia, 1964) lantzen duena: Komikeri; 2012ko martxoan sortu zuen, eta hamar urte beteko ditu laster. «Dibulgazioa, ikerketa eta historia izan dira nire bloga egiteko helburuak», adierazi du. «Atzera begira ere idazten dut, ezagutzen ez diren kontuak berritzen eta gogoratzen». Esate baterako, 60ko hamarkadan ZerukoArgia aldizkariarekin batera agertzen zen Pan-Pin komikiaren azal guztiak emanda ditu blogean, 58 iruditan. «Joseph Camino arnegiarra izan zen eragile nagusia. Rafael Munoak, Juan Antonio Letamendiak, Julen Zabaletak eta beste batzuek marrazten zuten. Haren aurrekariak Txistu (1927) eta Poxpolin (1935) izan ziren».

Begoña gidoilariak eta Iñaket (Iñaki Martinez) marrazkilariek Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta argitaratu berri dute Nabarralderentzat, eta iaz Helize albuma plazaratu zuen Harriet etxeak. «Hurrena, antzinako Hollywood giroko thriller bat egin nahi du Iñaketek. Horretarako gidoia idazten dihardut».

Komikipedia
Euskarazko albumen datutegia


Hogei komiki liburu baino gehiago argitaratu izan dira urtero 2017tik gaurdaino, itzulpenak eta sortzezkoak kontuan harturik: 29 plazaratu ziren 2017an, 23 ale 2018an, 34 album 2019an, eta 28 iaz.

Komikipedia.eus webgunearen datuak dira horiek, Iñaki Otamendik (Andoain, 1971) jasoak eta ezagutaraziak.

Aurten bertan, urrira arte, 23 dira inprimatutako tituluak sortzezkoak zazpi, itzulpenak hamasei, eta berehala datoz berriak.

Komiki albumen, marrazkilarien, gidoilarien eta argitaldarien datutegi ahalik zehatzena izan dadin, Otamendik 2017ko udazkenean abiatu zuen Komikipedia webgunea: «2000. urtetik honako komiki liburuen zerrendak osatu ditut apurka-apurka». Oraintxe bertan 300 argitalpenen fitxak daude, eta marrazkilariei buruzko zenbait biografia eta xehetasun. «Intxaurrondoko komiki solasaldi batzuetan Igor Leturia komikizalea ezagutu nuen. Iruditu zitzaigun datutegi bat sortzea komeni zela. Wiki formatua aukeratu nuen, edonork elikatzeko modukoa, nahiz eta oraingoz neu bakarrik arduratu datuen bilketaz».

Garai batean komikien %80 udazkenean plazaratzen zen, «baina 2015az gero urtean banatuagoa da edizioa, Harriet eta Astiberri argitaletxeak ez baitira Durangoko Azokari begira egoten», ezta autoedizioak egiten dituztenak ere.

Urte hartatik hona aldatu egin da sortzezko komikien kopurua ere: «Hirutik bat da orain; eta kalitate aldetik, gainera, euskaraz sortutako komiki bakoitza oso aberatsa izan da».

Xabiroi
Lau aldizkari ale berri urtero


Xabiroi aldizkaria 2005ean sortu zuen Dani Fanok, eta Ikastolen Elkarteak argitaratzen du. Urtero 32 orrialdeko lau zenbaki argitaratzen ditu: 128 orrialde, denera. Aldizkariaren 61. eta 62. zenbakiak osatzen ari dira orain, udazken honetan argitaratzeko.

Hamar mila harpidedun baino gehiago ditu. Ale horietatik guztietatik zati handi bat ikastoletako irakurleengana iristen da zuzenean. Liburutegi publikoetan ere izaten da.

Egundaino 80 inguru egile izan dira marrazten eta gidoiak idazten Xabiroi aldizkarian. Eta 2007an Saiak albuma argitaratu zutenez gero, hamabost liburu plazaratu dituzte; horietatik bi, aurten.

Komikigunea
Milaka komikiren bilduma


Komikiaren mundua kontsultatzeko eta ikertzeko gune bat da Komikigunea, Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegiak sortua. Luis Gascak osatutako funtsa 2009an kudeatzen hasi ziren, eta ondoren Komikigunea zabaldu zen 2014an, Donostiako Errege-Erregina Katolikoen kalean. Bi solairutan bildu ditu milaka komiki, aldizkari, fanzine, obra grafiko, film eta ikerketa.

KM eraberritze fasean izanik, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikora eraman dituzte funtsak, Oñatira. «Kalera begira itxita dago Komikigunea», ohartarazi du Irune Arnaez katalogatzaileak (Pasaia, Gipuzkoa, 1980). «Ikertzaileentzat zerbitzua ematen ari gara, baina mailegurako komiki berriak Koldo Mitxelenan eskaintzen dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.