Indarkeria matxista. Sanferminetako bortxaketa

Sexu erasoa, ez abusua

Espainiako Auzitegi Gorenak berrikusi egin du sanferminetako talde bortxaketari buruzko epaia, eta ebatzi du «bortxaketa jarraitua» izan zela. 15 eta 17 urte arteko kartzelaldia ezarri die bost akusatuei. Erasotzaileak atxilotu egin dituzte

VILLAR LOPEZ / EFE.
Ion Orzaiz - Hodei Iruretagoiena
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Hiru urte geroago, sinetsi egin diote. Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du «sexu erasoa» izan zela 2016ko uztailaren 7an emakume batek jasandako talde bortxaketa. Epaimahaia osatzen duten bost magistratuek aho batez hartu dute erabakia, eta zuzendu egin dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak iaz emaniko ebazpena, zeinean sexu abusutzat jo baitzuten gertatutakoa. Horrenbestez, akusatuei ezarria zieten bederatzi urteko zigorra gogortu, eta hamabost urteko espetxealdia ezarri diete bost erasotzaileetako lauri. Bosgarrena, berriz, hamazazpi urtera zigortu dute: bortxaketa delitu jarraitua ez ezik, larderiazko lapurreta ere egotzi diote, biktimari sakelakoa osteagatik.

Epaia argitara eman eta berehala, bost erasotzaileak bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen Nafarroako Auzitegiak —hari dagokio sententzia betearaztea—, eta berehala atxilotu zituzten bostak: Antonio Manuel Guerrero, Jesus Escudero, Jose Angel Prenda, Alfonso Jesus Cabezuelo eta Angel Boza.

Gorenak ohar batean azaldu duenez, bortxaketa sexu eraso jarraitutzat jotzeko gakoa izan da erasoa «benetako larderia egoera batean» gertatu izana: «Biktima inoiz ere ez zen kontziente izan akusatuak sexu erasoak egiten ari zitzaizkiola. Mehatxu egoera horrek eragin zuen biktimak mendeko jarrera hartzea, erasoaren egileek esaten ziotena eginez, egoerak sortutako larritasun eta muturreko itomen sentsazioaren aurrean».

Datozen egunetan jakinaraziko dute sententzia osoa, auzitegiak erabakia jakinarazteko autoa besterik ez baitu argitaratu. Espetxe zigorrez gain, zortzi urtez zaintzapean aske egoteko betebeharra eta hogei urtez biktimarengana hurbiltzeko debekua ezarri diete erasotzaileei, eta 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diote biktimari. Gorenaren erabakia irmoa da.

Atzoko saioan, orain arte agertutako jarrera, diskurtso eta argudio juridiko bertsuei eutsi zieten alde guztiek: batetik, «sexu abusu» kalifikazioa aldatu eta gertatutakoa sexu eraso gisa izendatzeko eskatu zuten fiskaltzak eta akusazioek. Defentsako abokatuak, berriz, ez zuen onartu deliturik egon zenik ere: absoluzioa eskatu zuen akusatu guztientzat.

Aldagai garrantzitsu bat dago abusu eta eraso kalifikazioen artean: indarkeria. Iazko abenduko sententzian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko epaimahaiak aitortu zuen bost akusatuek «abantailakeriaz» jokatu zutela, baina ez zuen hori indarkeriatzat hartu, eta abusu kalifikazioari eutsi zion. Horregatik, auzia Gorenera iritsita, indarkeriaren kontzeptuaren inguruan sortu dituzte euren diskurtsoak alde guztiek: alegia, zer den indarkeriaz jokatzea eta pertsona bat bere borondatearen kontra mendean hartzea.

Isabel Rodriguez Auzitegi Goreneko fiskalaren ustez, frogatutako nagusikeria eta mehatxuzko jarrera hori «bada, berez, indarkeria mota bat». Horregatik, 2016ko sanferminetakoa «bortxaketa jarraitua» izan zela azpimarratu zuen atzo. Nafarroako auzitegiek aipatutako «abantailakeria» baztertu eta «larderia» terminoa erabili beharko litzatekeela ondorioztatu zuen: «Abantailakeria hitza erabiltzen da biktimak onespena ematen duenean, behartuta, erasotzailearen nagusitasuna ikusita. Kasu honetan, ez zen halakorik gertatu: frogatutako egitateen artean ez dago biktimaren onespenaren arrastorik; akusatuek ez zioten ezer galdetu, eta, beren presentzia eta jarrera hutsarekin, biktima makurrarazi zuten. Larderiaz menderatu zuten». Fiskalak gaineratu zuen biktima bati ezin zaiola «jarrera heroikoa izatea» exijitu halako egoeretan, «ezezko irmo bat adieraziz gero bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeelako».

Telefonoa kendu

Rodriguezen esanetan, biktimaren sakelako telefonoa lapurtuta, bost akusatuek «oztopatu» egin nahi izan zuten «biktimak laguntza eskatzeko zeukan modu bakarra». Fiskalaren aburuz, gainera, «deigarria» da sakelakoa lapurtu zuen erasotzailea guardia zibila izatea: «Bazekien larrialdi dei bat agudo egiteak berebiziko garrantzia izan dezakeela, eta hori galarazi nahi izan zuen».

Herri akusazioaren txandan, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren abokatuek ere sexu erasotzat jo zuten talde bortxaketa. Iruñeko Udalaren izenean, Victor Sarasa abokatuak nabarmendu zuen aurreko sententzietan frogatuta gelditu zela biktima «bultzaka» sartu zutela ezkaratz batera, eta «isilik egotera» behartu zutela, larderiaz: «Indarkeriak forma ugari har ditzake. Kasu honetan, biktimaren borondatea indargabetzeko erabili zuten beren nagusitasuna».

Defentsako abokatu Agustin Martinez Becerrak, aldiz, bost akusatuen absoluzioa eskatu zuen, zalantzan jarri zuen biktimaren testigantza, eta eutsi egin zion «sexu harreman adostuen» tesiari: «Ez ziren bost otso neska baten inguruan. Salatzaileak nahikoa zuen ezetz esatea, eta ez zuen hala egin». Aurreko epaiketak, bestalde, «berme juridikorik gabe» egin zirela ere nabarmendu zuen Martinezek: «Presio sozial itogarriak kutsatu egin zuen epaimahaiaren deliberoa». Gorenak ez ditu aintzat hartu defentsaren alegazioak.

Gorenaren epaiak erreakzio ugari eragin ditu. Uxue Barkosek, Nafarroako jarduneko lehendakariak, esaterako, zera idatzi zuen sare sozialetan: «Ez dela abusua, bortxaketa dela. Hasieratik esan genuen: nik sinesten dizut, eta Gorenak behingoz bat egin du gizartearekin». EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek eta Ahal Dugu-ko diputatu Jone Belarrak ere poza agertu dute, eta Iruñeko alkate Enrique Maiak, berriz, «epaitegien erabakiekiko errespetua» adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.