Hidrogenoa. Energia deskarbonizatzen

UNE ERABAKIGARRIAN

Gero eta gehiago dira isuriak murriztu eta beroketa globala mugatzeko estrategiak. Horietan, tokia hartuz joan da hidrogenoa, eta haren ekoizpena eta erabilera bultzatzeko asmoa dute agintariek. Baina dirutza eta denbora inbertu beharko denez, zuzen iragarri behar da hidrogenoa noraino irits daitekeen.

Elektrolizagailuak. Haietan inbertsio handia egin beharko da hidrogeno berde nahikoa izateko. Irudian, APEXen elektrolizagailu bat Alemanian. FELIPE TRUEBA / EFE.
Irune Lasa.
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Aparretan dabil hidrogenoaren gaia hedabideetako goiburuetan, politikarien adierazpenetan, halako eta besteko estrategien izenburuetan. Berdez jantziak datoz hitz guztiak; isuri gabea, garbia, etorkizuneko energia, aukera ekonomikoa, herri apustua... Europako funtsetatik irits daitekeen diruak are gehiago hauspotu du gaia, Euskal Herrian aukera bat edo sendotasun bat eman diezaiekeelako bestelakoan abiatzeko zailak izango ziren proiektuei. Baina, egiaz, noraino iritsiko da hidrogenoa?

Galdera horri behar bezala erantzuteko beharrezko lehen gauza hidrogeno gasa bezain iheskorra da: denbora. 30 urteko denbora tartea dago zabalik, 2050. urterako zero karbono emisioko egoera lortzeko; Parisko Akordioaren ildotik, beroketa globala 1,5 gradu zentigradura mugatzeko. Eta helburu horretan berebizikoak izango dira datozen hamar urteak, alferrik galdu ezin direnak.

Horri begira, erabakien garaia orain da Europan, munduan, Euskal Herrian; orain dago eztabaidan zein bide hartuko diren beroketa globala mugatzeko, zer sustatu behar den, zein apustuk ez duen merezi... Etorkizunean damurik ez izateko, klima larrialdiari begira eta baita euskal industriaren eta ekonomiaren geroari begira ere. Energia iturriberriztagarriekin, mundua aldatzera doalako.

ZERGATIK ORAIN?

Aldatzera doan mundu horretan, berriztagarrien hedapena eta harekin egindako elektrifikazioa da estrategia nagusia deskarbonizaziorako. Baina hainbat sektoretara elektrifikazioa ezingo da zuzenean iritsi, eta horietan izango du tokia hidrogenoak, energia bektore izanda. Hain zuzen, eguzkitik eta haizetik lortutako argindarrak aukera emango diolako berdetzeko.

Gaur egun, jada hidrogenoa ekoizten da, hemen, Euskal Herrian ere, petrolioa fintzeko (Muskizen, Bizkaian) eta amoniakoa ekoizteko (Hernanin, Gipuzkoan). Baina hidrogeno hori grisa da, gas naturaletik ateratakoa. Haren ekoizpenean karbono dioxidoa atmosferaratzen da. Erregai fosilekin hidrogeno gris horrek beste erabileratarako aukera gutxi izan du orain arte.

Baina, isuririk gabeko hidrogenoa dator energia bektorearen aukerak zabaltzera. Argindar berriztagarriarekin, nagusiki elektrolizagailu bidez, uretatik ateratako hidrogeno berdearen ekoizpenak ez dauka karbono aztarnarik. Erregai pila batean sartuta, hidrogeno berde horretatik berriz argindarra sor daiteke, edo beroa, ibilgailu bat mugitzeko edo galdara bat berotzeko, eta airera isuriko den gauza bakarra ura izango da. Energia berriztagarria biltegiratzeko modu bat ere eskain dezake hidrogeno berdeak.

ERRONKA

Ederra dirudi, ezta? Baina horrek ez du esan nahi hidrogeno berriztagarriak mugarik ez duenik. Hasteko, ikuspegi teknologikotik oraindik asko dago egiteko, garatzeko eta frogatzeko haren ekoizpenean, biltegiratzean, garraioan... Horregatik, hidrogeno berdeari lotuta Euskal Herrian aurkezten ari diren egitasmo gehienak demostraziokoak dira, probatzeko gerora negozio izan daitekeena.

Enpresek laguntza nahi dute horretarako. Elias Unzueta Petronorreko berrikuntzaburu eta Energia Klusterreko Hidrogenoaren sektore foroko koordinatzailea da. Haren ustez, «unea kritikoa da, eta krisia baliatu behar baldin badugu gure industria egitura transformatzeko, hasieran laguntza behar dugu. Izan ere, erronka ez da izango teknologikoa bakarrik, eskalak lortzea ere bai; eta erronka izango da zelan partzuergoak egin enpresa askoren artean, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin behar bezala koordinatzea. Dirua etorriko da, baina erakutsi beharko dugu zertan gastatzen dugun, gauzak azaldu beharko ditugu, eta gobernantza bat izan beharko da».

INBERTSIO HANDIAK

Dirutza beharko; eta bizkor, besteak beste, Europako Batasunak bere buruari ezarritako helburuak betetzeko. EBren Hidrogenoaren Estrategiaren helburua da 2024. urterako sei gigawatt elektrolizagailu izatea, eta milioi bat tona hidrogeno berriztagarri ekoiztea.

Hemendik hamar urtera, 2030erako, hidrogenoa bere energia sistemaren barne-barnean egotea nahi du EBk, 40 GW elektrolizagailurekin eta hamar milioi tonako hidrogeno ekoizpenarekin. Eta, hortik aurrera, hidrogeno berriztagarriakhedatuta egon beharko luke Europako Batasunean deskarbonizatzeko zailak diren sektore guztietan.

EBren bide orriaren arabera, 2050era bitartean 180.000 eta 470.000 milioi euro bitarteko kopuruetan ibiliko dira hidrogeno berdearen inguruko inbertsioak. Eta 3.000-18.000 milioi euro bitartean joango dira hidrogenoan oinarritutako karbono emisio txikiko erregaietara.

Erregai fosilak ez direlako erabat desagertuko, ez behintzat bat-batean. Horregatik, badirudi hidrogeno urdinak eta CO2 harrapatuta ekoitzitako erregai sintetikoek izango dutela lekua ekonomia deskarbonizatzeko trantsizioan. Dena den, hor ere badago eztabaida: noraino inbertitu horietan, zenbateraino lagundu, argindar berriztagarri nahikoa edo hidrogeno berde-berde eta merkea iritsiko badira?

EUROPAREN APUSTUA

Zalantza horiek argitu bitartean, argi dago Europak ere aukera ona ikusi duela hidrogenoan. AEBen eta Txinaren atzetik doa baterietan, halaber, itxura guztien arabera, elektrolizagailu alkalinoetan ere. Baina gerra emateko prest dago hidrogenoarekin, lasterketa buruan jartzeko. Europako ekonomia suspertzeko Hurrengo Belaunaldia funtsen eta Itun Berdearen parte ere izango da hidrogenoa, energia deskarbonizatzeaz gain, besteak beste, altzairugintza eta beste sektore giltzarri batzuei arnasa emateko. Eta zer esanik ez, baliagarria izango da Europarentzat, energia menpekotasuna murrizteko.

Denborak esango du nork asmatu duen. 2050. urteari begira BNEF Bloomberg New Energy Finance da iragarle baikorrenetakoa; uste du munduak energia garbien alde egiten badu, hidrogenoak beteko duela energia eskari globalaren %24. Hydrogen Council-en bildutako konpainiek %18 aipatzen dute, eta azpirago dabiltza Wood Mackenzie eta Irena Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentzia; haiek uste dute hidrogenoarekin energia eskariaren %6 edo %7 beteko dela 2050. urtean. IEA Nazioarteko Energia Agentziak ere, uste du urte horretan munduaren energia eskariaren %7 hartuko duela hidrogenoak, baina, luzerago begira, irits daitekeela %13ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.