EB-Turkia itunak bost urte. Hitzarmena

IZARREN ERTZ ZORROTZAK

Iragan abenduan, Bruselak 2022ra arte luzatu zuen Turkiarekiko migrazio akordioa, hari beste 485 milioi euro emanez. Bitartean, ituna berrikusten hasiak dira bi aldeak. EBk zera nahi du: Ankarak itxita eustea mugei; Erdoganek, berriz, talde komunitarioak bere konpromisoak betetzea.

Migratzaile talde bat, Mediterraneoan. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Garai batean, iparrizarrak erakusten zien bidaiariei etxerako bidea. Orain, ordea, bestelako izar batzuen atzetik abiatzen dira egunero milaka iheslari. EB Europako Batasuneko bandera osatzen duten horietako batera heltzea dute helburu. Herrialde seguru batera. Izarrek, baina, ertz zorrotzak dituzte, eta bost urtetik hona estatu kideen izar multzoak txarrantxa itxura handiagoa hartu du, bide erakuslearena baino.

Akordioa egin baino urte bat lehenago lehertu zen migratzaileen krisia, 2015ean —milioi bat migratzaile heldu ziren itsasoz kontinentera—. Ordurako, baziren lau urte Siriako gerra piztu zela, eta milaka lagunek, sarraskitik ihesean, Europarako bidea hartu zuten, Turkia zeharkatuz. Urte hartako irailean Mendebaldea astindu zuen Alan Kurdi 3 urteko haurraren gorpuaren argazkiak. Siriaren menpeko Kurdistango Kobane hiritik ihesi, Turkia zeharkatu eta Greziako Kos irlara heltzea zuten helburu, gero handik Kanadan bizi ziren senideengana nola edo hala iristeko asmoz. Familia zihoan ontzia, ordea, hondoratu egin zen, eta ama eta bi semeak hil ziren, tartean 3 urteko haurra.

Kurdi ez zen izan itsasoan hildako iheslari bakarra. Europa kezkatuta zegoen ordurako ez zekielako zer egin kontinentera heltzen ari ziren migratzaileekin. Grezia gainezka egina zegoen, gehienek hara jotzen baitzuten gero Alemaniara edo Erresuma Batura sartzen utziko zieten itxaropenarekin —1,2 milioi asilo eskaera jaso zituzten estatu kideek, aurreko urtean baino bi aldiz gehiago—. Hala, gotorlekuko ateak ixtea erabaki zuen Bruselak, eta Turkia bilakatu zuen giltzarrapo.

2016ko martxoan sartu zen indarrean EBren eta Turkiaren arteko akordioa, zeinaren arabera Turkiara itzularaziko zituzten asilo prozedura hasi gabe eta paperik gabe EBn sartzen ahalegintzen ziren iheslariak; gauza bera egitea zen asmoa Grezian eta Italian asiloa eskatu eta erantzunaren zain zeudenekin ere, nahiz eta horien kasuan oso gutxi izan diren behin-behineko kanpalekuetatik atera dituztenak. Horrez gain, Turkiak bere mugetako segurtasuna indartzea adostu zuten. Trukean, estatu kideek itzultzen zuten iheslari bakoitzeko, Turkian asilo prozedura hasia zuen siriar bat hartzeko konpromisoa hartu zuten —bost urtean soilik 28.000 hartu dituzte—, baita turkiarrei bisa eskuratzeko erraztasunak ematekoa ere —azken konpromiso hori bertan behera geratu zen, argudiatuta Ankarak ez zituela betetzen horretarako baldintzak, tartean giza eskubideak bermatzea eta ustelkeriaren aurkako neurriak hartzea—. Azkenik, Bruselak 6.000 milioi euroko laguntza iragarri zuen Ankararentzat, hark errefuxiatuentzako «nahikoa baliabide» izan zitzan. Akordioa iazko abenduan iraungi zen, baina EBk 2022ra arte luzatu zuen, 485 milioi euro gehiago ordainduz Turkiari. Bien bitartean, hitzarmen berrirako negoziazioak luze joango direla aurreikusiz, bi aldeak hasiak dira baldintzez hitz egiten.

Urtarril amaieran bildu ziren lehenengoz Bruselako eta Ankarako ordezkaritzak. Giltzarrapoaren giltza bere eskuetan zegoela jakinik, Recep Tayyip Erdogan presidentearen ordezkaritzak eskariak handitu zituen: diru gehiago nahi zuen Ankarak, argudiatuta ez zela gai Siriatik ihesean zihoazen guztiak herrialdean hartzeko —Turkia da munduan errefuxiatu gehien duen herrialdea, eta horietatik lau milioi Siriako gerratik ihesean joandako herritarrak dira—. Baina beste baldintza bat ere jarri zuen, Bruselari edo, hobeto esateko, EBko kide Frantziari askorik gustatu ez zitzaiona: EBko kide izateko elkarrizketei lehenbailehen berrekitea —2005ean hasi zituzten elkarrizketa horiek, baina handik gutxira eten ziren—.

Lehen abisua

Iazko otsailaren 27ko gauean, Turkiak Greziarekiko itsasoko eta lurreko mugak zabaldu zituen, eta milaka lagunek abagunea baliatu zuten horiek igarotzeko, handik beste estatu kide batzuetara jauzi egiteko itxaropenez. Greziak, baina, indarrez kanporatu zituen, eta gogor salatu Erdoganen mugimendua. Migratzaileek eurek emandako testigantzen arabera, Turkiako segurtasun indarrek jakinarazi zieten mugak zabalduko zituztela, baita hara gerturatzeko autobusak eskaini ere. Erdogan kurrikak estutzen hasia zen, EBri presio egiteko baliatuz migratzaileak.

Mugak irekitzeko erabakiaren atzean Siriako gerra zegoen. Ordu batzuk lehenago jakin zen 34 militar turkiar hil zituztela Idliben, Turkiak hogei urtean izandako galera militarrik handiena. Mugak irekita, Siriako esku hartzearekin jarraitzeko babesa ere bilatzen zuen Ankarak, baina baita herritarren sostengua bermatzea ere —iazko martxoan egindako galdeketa baten arabera, soilik herritarren %40 leudeke Idliben jarraitzearen alde; aldiz, %80 inguruko babesa izan zuten Siria iparraldean egindako aurreko bi esku hartze militarrek—. Bide batez, 2016an Bruselak hartutako konpromisoak betearaztea ere bazuen xede lehen abisu hark.

Turkiak bere helburuak lortzeko baliatu ditu migratzaileak tarte honetan, baina EBk ere badu erantzukizunik gertatutakoaren inguruan. Herbehereetako eurodiputatu Kati Pirik iaz idatzitako artikulu baten arabera, Bruselak akordioaren bere zatia bete izan balu, Turkiak ez zukeen muga zabaldu beharko: «Egia da Erdogan iheslariak baliatzen ari dela Idlibeko gerrarako sostenguak lortu eta bere helburu politikoak erdiesteko. Badaki Europako bihotzera heltzeko modurik azkarrena beste migrazio krisi baten inguruko beldurra zabaltzea dela. Baina egia da, era berean, ardura handia hartu duela bere gain, eta ez duela trukean ia ezer jaso». Piriren iritziz, EBk bazekin ez zituela beteko paperean hartutako konpromisoak, baina «guztia zen onargarri» krisia amaitzeko. «Europak bete duen konpromiso bakarra ekonomikoa izan da. 6.000 milioi euroak migratzaileei laguntzera bideratu ditu, [NBE] Nazio Batuen Erakundeko agentzien bitartez. Baina, aldi berean, begiak itxi ditu Turkiaren giza eskubideen urraketen aurrean, besterik egiteak akordioa hautsiko zuelakoan».

Akordioarekin kritikoa da Olivia Sundberg Diez ere. Europako Migrazio eta Aniztasun Programako analista politikoa da Sundberg, eta Europako Batzordeko Atzerri Politiketarako aholkularia. Hark zalantzan jartzen du akordioaren legezko balioa bera: «Haren egiletza nahita utzi zen zehaztu gabe. Europako Batasunaren akordioa da, edo estatu kideena? Juridikoki loteslea da, edo informala? Erantzukizun argirik ez egoteak eta lege estatus argirik ez izateak ahalbidetu zuen akordioa azkar adostu ahal izatea, baina erantzukizunak banatzeko garaian hutsune bat eragin zuen. Ondorioz, hura Europako Justizia Auzitegira eraman zutenean, epaileek atzera bota zuten, argudiatuz ez zela EBren akordio bat».

Giza eskubideen alorrean ere «hutsune handiak» ditu itunak, Sundbergen arabera. «Testuan ez da jasotzen migratzaileen giza eskubideak errespetatuko direla bermatuko duen tresnarik. Akordioari egin zaizkion ebaluazioetatik bakar batek ere ez ditu aintzat hartu eskubideak; soilik haren eraginkortasuna». Horren adibide gisa jartzen du iheslaria jazarria izan daitekeen herrialde batera ez itzularazteko printzipioa urratu izana; izan ere, Turkiari leporatu diote Siriatik ihesi joandakoak herrialdera indarrez itzularaztea, egoerak bere hartan jarraitu arren.

Europako Batzordeko aholkulariak argi du, hala ere, EB ez dela gai gatazkan dauden herrialdeetatik ihesi doazen pertsona guztiak hartzeko, baina ohartarazi du akordio berri bat adosteko garaian aldeek hainbat baldintza berrikusi beharko lituzketela. «Lehenik eta behin, itun berriak giza eskubideak bermatzeko mekanismoak jaso behar ditu, zeintzuek ahalbidetu beharko luketen balizko urraketak gainbegiratzeko prozedura bat», azaldu du.

Duela bost urteko migrazio krisi hura eteteko adostutako behin-behineko itunak, baina, baditu puntu onuragarriak ere, eta horiei bere hartan eustearen aldekoa da Sundberg. Horietako bat litzateke iheslariei laguntzeko sortutako 6.000 milioi euroko funtsa. «Laguntza ekonomikoari eutsi beharko litzaioke, eta aldiro berrikusi, betiere bermatuz errefuxiatuen luzera begirako beharrak betetzeko eta haien gizarteratzea errazteko erabiltzen dela diru hori». Bere konpromisoak betetze aldera, Sundbergek dio EBk ahalegin berezia egin beharko lukeela asilo eskatzaileak hartzeko garaian; izan ere, Turkiak hartu dituen lau milioi iheslarien aldean, EBk soilik 28.000 asilo eskatzaile hartu ditu. «Ez da ardura partekatu inondik inora ere».

Pirik bezala, Sundbergek ere uste du talde komunitarioak urratsak egin behar dituela iheslarien eta asilo eskatzaileen giza eskubideak bermatuko badira, baina horretarako oinarrizkotzat jotzen du Turkiarekiko konfiantza sendotzea: «Turkiak Mediterraneo ekialdean hartu duen jarrerak ez du laguntzen; ezta turkiarren bisen inguruan piztutako eztabaidak ere, eta zer esanik ez Turkia EBko kide izateko elkarrizketak etenda egoteak. Tentsioa murrizteak lehentasuna izan behar du, elkarlanak oinarri sendoak izan ditzan, eta iheslarien bizitza arriskuan egon ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.