Makroustiategiak. Caparrosoko behitegia

BEHITEGI HANDIENA, ETXEAN

Europako makroetxalderik handiena Euskal Herrian dago, Caparroson. Epaitegien erabakiak lagunduta, 7.200 esne behi izango ditu 2023rako. Behitegiak eta hari lotutako biometanizazio plantaren hondakinen kudeaketak alarma piztu dute Nafarroan.

BEHITEGI HANDIENA, ETXEAN.
joxerra senar
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Eta hemen zegoen erraldoia. Azken hiruzpalau urteotan, arreta guztia Noviercaseko makroproiektuak bereganatzen zuen bitartean, Europako behitegirik handiena etxean zegoen,Euskal Herriko hegoaldean. Ez da erraza hara iristea, kokagune diskretu batean baitago; Caparrosoko lur eremuetan (Nafarroa), baina herritik urrun, Alesbesko, Martzillako eta Bardeako mugatik gertu. Begiradetatik urrun badago ere, dena da handia makroetxaldean: produkzio eta lan erritmoak, behi kopurua, enpresak inguruan dituen lur sailak... 59 hektareako eremuan, hamar nabetan pilatuta daude 5.200 behi inguru, eta egunean esnea jaisten diete hiru aldiz, 365 egunez. Etenik gabe.

Handia da esne sektorearen kezka ere. Azken finean, Nafarroako bost esne behitik bat Caparroson dago. Valle de Odieta enpresa da makrobehitegiaren jabea, eta, Alberto Gerendiain Azpiroz arduradunaren hitzetan, esne sektorearen arazoa ez da jarduna, «belaunaldien errelebo falta baizik». Orain arte hamasei milioi euro inbertitu dituztela adierazi du, eta 80 enplegu zuzen sortu dituztela aldarrikatu. «Inbertsio eta lanpostu horiek ez dira deslokalizatuko, eta inguru honen mesederako izangoda».

Guztiz alderantziz pentsatzen du Alesbesko eta Martzillako herritar talde handi batek —Caparroson bertan, proiektuaren aurkako jarrera apalagoa da—. Martzillan, Makroproiekturik ez dioten kartelak eskegi dituztehainbat etxetako balkoian. «Gurea herri lasaia da; oso gutxi mobilizatu ohi da, eta, lehen aldiz, protesta egin dugu, arriskuan ikusten ditugulako geure osasuna eta elikagai industria», azaldu du Marcilla Viva plataformako kide batek —nahiago du izenik ez eman, enpresaren presioaren beldur baita—.

Izan ere, aspaldidanik kezka bizia dute: behitegiak kalte larria egiten ari ote zaion ingurumenari, batik bat Aragoi ibaiko arro aberatsari eta haren akuiferoei. Otsailean, ohartarazi zuten digestato gehiegi isuri zuela makroetxaldetik gertu diren lur eremuetan. Marcilla Vivako kideak«40 metro altuerako mindaz [behi pixa eta gorotz arteko nahasketa] edo digestatoz osatutako benetako jauziak» ikusi zituen labarretatik behera.

Handik egun batzuetara, beheko urmael bateko ur beltzetan nitrato maila neurtu zuten bai Greenpeacek, baita Martzillako Udalak ere: 81,7 miligramo litroko; hots, behar baino lau aldiz gehiago —25 miligramotik gora arriskua dago, eta 50etik gora toxikoa da—. Ia hiru hilabete geroago, putzua urez hustu dute, eta simaur usaina duen lokatz beltz moduko bat geratu da. Aragoi ibaia gertu dago, eta ingurua kontserbazio bereziko eremua da.

Salaketa horrek eta enpresaren beraren asmoek alarma piztu dute. Izan ere, Valle de Odietak instalazioen tamaina handitu eta orotara 7.200 behi izateko helburua du aspaldidanik. Nafarroako Gobernuak atzera bota zion eskaera, eta, foru dekretu bidez, ganadutegien tamaina mugatu zuen 2019an. Baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak bi aldiz arrazoi eman dio Valle de Odietari. Epaitegiek behartuta, martxoan, gobernuak beste ingurumen baimen bat eman zion enpresari, asmo horiek gauzatzeko. Hondakinak kudeatzeko baldintzak zorroztu bazaizkio ere, iraganean kontrol neurriei izkin egiteko ahalmena erakutsi du Valle de Odietak. Gobernuak asteon iragarri du ofizioz beste baimen bat prestatuko duela eta are zorrotzagoak izango direla baldintzak zein zaintza.

Hala ere, aurrera doa. Alberto Gerendiainek azaldu du zabaltzea «2022 amaierarako» prest izango dutela. Haren hitzetan, beste bederatzi milioi euro inbertituko dituzte, eta 30 lanpostu gehiago sortu. Eredua bera defenditu du: «Ez dugu gustuko makroetxalde hitza, familia kooperatiba bati kalte egiteko sortu baita. Bioustiategi honetan, ingurumenaren eta animalien errespetua ez dago zalantzan jartzerik». Hala al da, ala bada larritzeko arrazoirik? Horretarako, 11 urteotako ibilbidea ulertu behar da.

HASTAPENAK

Odieta haraneko Ziaurritz herrian 70 urtez abeltzaintzan aritutako etxalde batean du jatorria ibarraren izena duen sozietate kooperatiboak. Atzean, Gerendiain eta Zilbeti familiak daude. Alberto Gerendiainen arabera, etxaldea txiki geratu zitzaielakoan, Caparrosora mugitzea deliberatu zuten. Ziurtatu zien enplegua eta aberastasuna ekarriko zuela Nafarroa erdialdeko herri horretara, eta udalak 59 hektareako lur komunalak utzi zizkion 30 urterako, 2007an —beste 30 urtez luzatu dezake—. Gerora, beste 50 hektarea utzi zizkion. Kontratuan datorrenez, erregu lur bakoitzeko (898,5 metro koadro) hamar euro gehi KPI ordaintzen dizkio. Enpresak konpromisoa hartu zuen 40 lanpostu sortzeko, «gehienak herrikoak». Gainera, festetan behi bat oparitu izan du.

Caparroson hasieratik begi onez hartu zen proiektua. 2009an, UPNren gobernuak ingurumen baimena eman ondotik, egitasmoa abian jarri zen 2010ean, 1.500 behirekin. Alesbesen eta Martzillan jarrera bestelakoa izan zen hasieratik. Makroetxaldea gertuago izateaz gain, ibaian behera daude bi herriak. Onura ekonomikorik jaso ez eta digestatoen arriskua handia zelakoan, Alesbesko Udalak auzitara jo zuen proiektuaren aurka, eta hura geldiarazteko aukera izan zuen.

Izan ere, 2011n, Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zion udalari, eta baliogabetu egin zuen ingurumen baimenaren inguruko gobernuaren ebazpena. Epaiak ondorioztatu zuen enpresaren proiektuak «gabeziak» zituela. Batetik, hirigintza arloko txostena orri batekoa baino ez zen; eta, gobernuak balekotzat jo arren, auzitegiak ebatzi zuen «baliogabea» zela. Gobernuak zioenaren kontra, epaiak esan zuen biometanizazio planta ez zela abeltzaintzako instalazio bat, «jarduera industriala» baizik, eta«bereziki kaltegarria» izan zitekeela akuiferoentzat eta ingurumenarentzat.

2014ko uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak, enpresaren eta Nafarroako Gobernuaren kasazio helegitea onartu, eta ingurumen baimena berraktibatu zuen. Aurrera jarraitzeko aukerak zabalik izan arren, auzibidea han amaitu zuen Alesbesko Udalak. Zergatik?Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk aipatu du akordiora heldu zirela hiru aldeak. UPN zegoen agintean udalean, eta UPN zegoen agintean gobernuan —Javier Esparza zen Landa Garapeneko kontseilari—. Duela gutxi, Mari Carmen Segura Alesbes ko alkateak gogorarazi du auzi hark 15.000 euroko kostua eragin ziola udalari.

BIOMETANIZAZIO PLANTA

Behitegitik gertu, biometanizazio planta dago. Valle de Odietak azpimarratu du Europako araudiek gomendatutako tratamendua dela eta «ingurumenarekiko arduratsua» dela, gas emisiorik ez dagoelako. Guztiz alderantziz pentsatzen du Jesus Arbizu 3R Taldeko kideak: «Biometanizazio planta ez da hondakinak tratatzeko metodoa, argindarra sortzekoa baizik». Materia organiko bidez, biogasa sortzen du plantak aldi berean elektrizitatea ekoizteko, baina hondakin gisa digestato likido zein solidoa geratzen da.

HTN enpresa kudeatzailea eta Valle de Odieta urtero behartuta daude zehaztera noiz, nola eta zenbat digestato zabaldu duen lur sail bakoitzean, baita zein den hondakinen osaera kimikoa ere. 2014an, hori gaizki egiten ari ziren lehen mezuak heldu zitzaizkion Arbizuri. Nafarroako Gobernuari plan horien informazioa eskatzerakoan ohartu zen hutsune handiak zeudela, batik bat metal astun kantitatearen eta analisi kimikoaren ingurukoak.

2015 eta 2016 artean, hiru aldiz egin zieten eskaera, eta Landa Garapen Departamenduak onartu zuen enpresak ez zizkiela datu horiek bidaltzen. Arbizu: «Gure harridurarako, ez zegoen daturik. Orduan nola kontrolatzen da? Linbo moduko bat sortzen da, enpresak ongi egingo duen halako uste bat».

Alberto Gerendiainek azaldu duenez, biometanizazio plantan etxaldeko hondakin organikoez gain, «inguruko beste etxaldetakoak» iristen dira. 2014ko datuetan ikusten denez, 90 enpresak euren hondakin organikoak bidali zituzten Caparrosora: hiltegietako odolak, olioak, industriak merkaturatu ezin duen esnea, lohiak, elikagai industriaren hondakinak... Enpresen erdiak inguru Nafarroakoak badira ere, gainerakoak Hego Euskal Herriko beste lurraldeetakoak eta Errioxa, Aragoi, Madril, Asturias, Gaztela eta Leon, Kantabria eta Kataluniakoak dira.

Beste urteetako informazioan enpresen identitatea eta jatorria agertzen ez bada ere, deigarria da eurentzat errentagarriagoa izatea hondakinak Nafarroaraino eramatea gertuagoko beste plantaren batera baino. Prezioen inguruko bi zantzu daude. Batetik, 2014ko datuetan zaborra kudeatzen duten hiru erakunde ageri dira: Iruñerriko Mankomunitatea, Goi Erriberako Mankomunitatea eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa. Estatuko Aldizkari Ofizialean ageri denez, 2017an, GHK-k 2,1 milioiko kontratua esleitu zion HTNri eta Artaxoako Ecofert konpost plantari «abantaila handieneko eskaintza» egin zutelako —nahiz eta bertan ez zehaztu zenbat hondakin bidaltzen duen, 2014an GHK-k 1.526 tona igorri zituen—. Bestetik, Iruñerriko Mankomunitatearen kasuan, bosgarren edukiontziko zabor organikoa Caparrosoko plantara joaten da, 23 euro tonako salneurrian. 3R Taldeak gutuna igorri dio Iruñerriko Mankomunitateari hori egiteari utz diezaion eskatzeko.

«Bi negozio batean, horixe dira», dio Arbizuk. Esne produkzioa negozioaren aurkia den moduan, biometanizazio planta da ifrentzua. Hondakin organikoen planta horretatik ateratako digestatoa ongarri gisa erabiltzen da, eta hori barreiatzeko 3.200 hektarea ditu Valle de Odietak. Hala ezarri zuen 2009ko ingurumen baimenak eta indarrean egon da martxora arte. Bitarte horretan, etxaldetik plantara iristen zen mindaren eta kanpoko enpresen hondakinen kopuruek handitzen jarraitu dute. Nolatan ez dute behartu enpresa digestatoa barreiatzeko eremua handitzera? Aldea handia da: martxoan emandako baimen berriak 8.000 hektareako eremua ezartzen du, eta Tafallatik Tuterara arteko 23 udalerritako zoruak jasotzen ditu.

ZIGOR ESPEDIENTEAK

Gobernuak jakinarazi duenez, hemeretzi zigor espediente ireki dizkio Valle de Odietari. Gerendiainen arabera, «hamar urtean pilatutako kontu txikiak» dira. Alde batetik, baimendu baino behi gehiago dituela erreklamatu zaio hainbat aldiz. Berez, 2013an, enpresak makroetxaldea bikoiztu eta 7.200 behi izateko eskaera egin zuen; baina, lau urte geroago, gobernuak atzera bota zion. Hala ere, apurka, Valle de Odietak behi kopurua handitu du: 2017ko martxoan, 4.918 behi eta 893 txekor eta txahal zituen; 2019ko ikuskaritza baten arabera, 5.192 behi eta 1.780 txahal eta txekor. Alta, ez du eraginik izan. Enpresak argudiatu du administrazioak birritan ez diela euren eskaerei erantzun, eta atzerapenak ez duela justifikaziorik.

Horri lotuta, 2009ko baimenean jasota ez zeuden azpiegiturak eraikitzea edo epez kanpo egitea leporatu zaio. Azken hiru urtetako sateliteko argazkietan egiaztatu daiteke nabeak eraikitzen jarraitu duela enpresak, nahiz eta hori ahalbidetuko liokeen ingurumen baimena martxoan jaso duen. Epaileek azkenean arrazoi eman badiote ere, ustiategia zabaltzeko auzia epaitegietan zen bitartean, enpresak aurrera jo du.

Zigor espediente gehienek ingurumen baldintzak ez betetzea egotzi diote. 2016ko irailaren 26an, basozainek egiaztatu zuten ur zikinak isurtzen ari zirela makroetxaldetik kanpo, eta La Espartosa izeneko arroila azpiko urak behien mindarekin kutsatu zirela «inguruko landareriaren heriotza eraginez». 2016ko azaroaren 11n, Ekonomia Zirkularraren Zerbitzuak egiaztatu zuen lur sail batzuetan behar baino nitrogeno gehiago zabaltzen ari zirela, ez zutela modu homogeneoan zabaltzen, baimendu gabeko hondakinak barreiatu zituztela, metal astunen analisia sei hilean behin egiten zutela eta ez hilean behin, simaurren kudeaketa plana epez kanpo aurkeztu zutela...

2017an, Nafarroa erdialdeko hainbat lur sailetan baimendutakoa baino nitrogeno kopuru gehiago hedatu zuela egiaztatu zuten; kasu batzuetan, bikoitza, eta Melidako sail batean, baimendutakoa baino sei aldiz gehiago.

Haatik, denborarekin isunak bildu egiten dira, eta enpresak auzitegietan erreklamatzen ditu. Adibidez, gobernuak 2018an jarritako 45.000 euroko isun baten azken ebazpena otsailean heldu zen, eta partzialki Valle de Odietaren alde egin zuen.

INGURUMENA

Noviercaseko egitasmotik tiraka heldu zen Caparrosoko makroustiategiaren xehetasunak ezagutzera Luis Ferreirim Greenpeace erakundeko ordezkaria. «Kutsadura handia egon da uran nitratoekin, eta praktika irregular horiek jarraituko dutela uste dugu». Otsailean digestato isuria izan zen Aragoi ibaiaren arroan, Soto de la Cueva izeneko eremuan. «Lehen eskutik ikusi genituen kalteak. Usain txarreko putzu bat zegoen». Ia hiru hilabete geroago, urmaelean ez dago urik eta inguru guztian isuriaren arrastoak ezabatu dira. Nafarroako Gobernuak landaredian eta inguruko animalietan eragindako kalteen inguruko txostena landu du, eta epaitegien esku utzi du.

Zein da, baina, 11 urteko jardunaren ondorioa? Marcilla Viva taldeak denbora darama arriskuaz ohartarazten. Duela gutxira arte enpresak digestatoa zabaltzeko 3.200 hektareako eremua izan du, baina Marcilla Vivak susmoa du etxaldetik gertu diren lurretan kontzentratzen duela gehiago. Taldeko kideak apirilean lur horietan izan ziren: «Horiztatuta zeuden [laboreak]; ikusten zen ez zutela burutuko. Bat-batean lehortu ziren. Ezin zuen digeritu lurrean zegoena». Valle de Odietak digestatoa barreiatzeko aukera ematen die laborariei, eta hasieran askok hartzen bazuten ere, gehienek nahiago dute ez egin. Zenbaitek inguruko lurrak saldu dituzte.

Zein da inguruetako uraren kalitatea? Marcilla Vivak azterketa bat egin du. Aragoien arroan, Martzillako eta Alesbesko hiru estazioek nitrato igoera «esanguratsua eta iraunkorra» izan dute 2009tik. EBk galbahe gisa litroko 37,5 miligramoko maila jarri du eta hiruak 50 miligramotik gora dira egun. Historikoki eskualdean txerri ganadutegi ugari izan badira ere, hamasei urtez nitrato maila «egonkorra» izan da. «Hiru ur estazioetan joera aldaketa dator makrobehitegiak ekarritako nitrogeno igoerarekin», dio txostenak. Marcilla Vivak gogorarazi du akuiferoetatik hartzen dutela ura nekazariek zein ganadutegiek. Horregatik, nitrato maila jaisteko neurriak hartzeko eskatu dio gobernuari.

Arazo orokorra bada ere, makrobehitegiak ingurumenean utzitako lorratza sakona da. Nafarroako Gobernuak animalien osasunerako legea aldatu eta etxaldeen tamaina mugatzeko urratsak eman ditu. Bitartean baimenik ez emateko urtebeteko epea ezarri du. Luis Ferreirimen ustez, eskualde bakoitzak arautu behar egin du ganadutegi kopurua: «Gidaririk gabeko tren baten gainean goaz bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.