Italiako bozak

Ukrainako gerrak agerian utzi ditu ultraeskuindarren desadostasunak

Melonik eta Salvinik kontrako iritziak helarazi dituzte kanpainan, eta hori egonkortasunik gabeko agintaldi baten erakusle izan liteke

Matteo Salvini eta Giorgia Meloni, hilaren 4ko ekitaldian, Erroman. M. BAZZI / EFE.
ander perez zala
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hilaren 4ko ekitaldi batean, Giorgia Meloni FdI Italiako Anaiak alderdiko presidenteak eta Matteo Salvini Legako buruzagiak tentsio momentu esanguratsu bat izan zuten enpresarien aurrean. Meloni ziurtasun mezu bat saltzeko helburuarekin iritsi zen ekitaldihorretara, eta hala egiten saiatu zen, entzuleak konbentzitzeko bozen ondoren eratu nahi duen gobernuak ez diela kalterik egingo. Ezinbestean, Ukrainako gerra eztabaidagai bilakatu zen: FdIren presidentea zigor ekonomikoen eta orain arteko estrategiaren alde agertu zen orduan; ondoren, Salvinik argudiatu zuen Errusiaren kontrako zigorrak herrialdearentzat kaltegarriak direla, eta horiek bertan behera utzi beharra dagoela. Hori entzun eta berehala, Melonik burura eraman zituen bi eskuak, entzun zuena sinistu ezinik.

Desadostasun garrantzitsu horrek agerian utzi zuen errealitatea ez dela koalizio eskuindarreko bi agintariek aurkeztu dutenaren modukoa. Orain arte, batez ere ekitaldi bateratuetan eta sare sozialetan, Melonik eta Salvinik batasun, maitasun eta adiskidetze mezuak besterik ez dituzte helarazi, giro oneko eta irribarrez beteriko argazkiekin batera. Egiazki, bien arteko harremana bestelakoa da, eta desadostasun ideologiko eta politikoek ondorio bakarra izango dute koalizio gobernuan: zatiketak, egonkortasuna eta koherentzia ez direla bermatuta egongo datorren agintaldirako.

Meloni kritiko agertu da Errusiarekin, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aldekoa da; Salvini, berriz, Vladimir Putin Errusiako presidentearen zale sutsuetako bat da. Ukrainako gerrak eragindako ondorio ekonomikoetan ere ez daude ados bi agintariak: Legakoak, Mario Draghiren gobernuaren parte zenean, gastu publikoa handitzeko eskatu zuen bizitzaren kostuaren garestitzeari aurre egiteko; Meloni, aldiz, bestelako estrategia baten aldekoa da, eta nahiago du «zuhurtziaz» aritu afera horretan.

Adibide horiek kontuan harturik, lehen zantzuek diote ultraeskuindarren gobernua barne zalapartaz beterikoa izango dela. Are gehiago kontuan harturik Salvinik urteotan galduriko babesa berreskuratu nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.