Politika ekonomikoa. Industria politika berria

Aro berria industria politikarako

Klimari eta gizarteari dagozkien erronka erraldoiei aurre egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da egungo sistema errotik eraldatzea. Industria politikak giltzarri izango dira transformaziorako estrategian, eta Euskal Herriak ere bere bidea urratu beharko du.

Irune Lasa.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Itzelezkoak dira munduak aurrean dituen erronkak, txirikordatuak guztiak: gizarte desberdintasunak, demografiaren bilakaera, migrazio krisiak, globalizazioa, eta erronka klimatiko izugarria. «Orain, arazoak mundu osokoak dira», nabarmendu du Mikel Navarrok, Deustuko Unibertsitateko ekonomia katedradun eta industria lehiakortasunean eta berrikuntza sistemetan adituak.

Navarroren ustez, orain gutxi arte politika ekonomikoen zeregin nagusia zera zen, batzuetan huts egiten zuen merkatuaren arazoak konpontzea. «Berrikuntzaren munduan hala zen, garbi asko: merkatuak, enpresek ez dute behar beste I+G Ikerketa eta Garapen egiten; beraz, estatuak lagundu behar du hori». Baina hori ez da nahikoa; ez du balio itzelezko erronkei aurre egiteko. «Iritsi da garaia non ikusten baita ekonomiak trantsizioak egin behar dituela, batzuetan oso sakonak, batzuetan ia-ia sistema osoa aldatu behar dela». Eta politiketan beste fase bat iritsi da.

Industria politikaren bidea

Erronka handiei aurre egiteko moduen gogoeta pandemiaren aurretik zetorren Europan. Hori ikusi zuen Cristina Oion SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Sailaren zuzendariak 2018an. Batasuneko lehen Industria Estrategia izango zenari buruz aholkatzeko batzordea osatu zuen Bruselak hogei aditurekin, eta haietako bat zen Oion.

2030. urtera begira jarri ziren, eta esan du hainbat gauzari buruz «lehen aldiz ausardiaz» hitz egin zela. «Mahai horretan eman genion kontzeptuari forma, eredu industrial berri baterako transformazioari, ez soilik balio ekonomikoa sortzeko, baita ingurumen balioak eta balio sozialak ere. Batez ere, balio europarrekin».

Misio eta helburuetara bideratutako politikak

Txinako Gobernuaren industria planifikatuari begira, industria politikarako eredu propio bila dabil Europako Batzordea, eta horren eta beste hainbaten aholkulari ibili izan da Mariana Mazuccato ekonomialari italiarra, eta gero eta ezagunagoak dira haren proposamenak. Mazuccatoren izena aipatzen da, adibidez, Euskadin Next programaren sarreran, eta baita EH Bilduk Next Generationeko laguntzei buruz egindako proposamenean ere.

Mazuccatok dio estatuak askoz ere rol aktiboagoa izan behar duela ekonomian, haren lana ez dela dirua jarri eta merkatuaren akatsak konpontzea soilik. Berrikuntza eta industria politiken bidez, ekonomiaren diseinuan egon behar du, ekonomiak eta enpresak bideratuz misio-asmo-helburu jakin batzuk lortzera. AEBetako Gobernuak gizakia Ilargira eramateko hartutako helburua jartzen du adibidetzat..

«Ilargira joatearen atzean, funtsean, larrialdi nazional bat zegoen», baina Mikel Orobengoa Mondragon taldeko ISEA kooperatibako zuzendari jerenteak uste du misioena kontzeptu interesgarria izan daitekeela. Hori bai, haren ustez, arriskua dago izenarekin gelditzeko kontzeptuarekin gelditu beharrean. Espainiako Gobernuak Bruselara bidalitako Next Generationeko planaren izenburua, esaterako, XXI. Mendeko Industria da, «eta hori ez da misio bat. Minbizia amaitzea, edo alzheimerra: hori da helburu bat, misio bat. Baina industrian... Jarri beharko dira helburuak».

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak argi dauka gobernuak heldu behar diola sektore produktiboaren eta politika industrialen diseinuari; «inertziak ez duelako balio». Casanovaren aburuz, «guk industria ahaltsua daukagu XIX. mendean hartu genuelako trena. Horren ondorioa da estatuan industrian daukagun abantaila, eta ez dio erantzuten EAJk egindako politika ekonomiko eta industrialari». Aldaketa garaia iritsi da, «paradigma aldaketa eta aldaketen paradigma», dio Casanovak, «eta hori ulertzea inportantea da. EAJren orain arteko eskema guztia izan da egonkor mantentzea eta ez mugitzea, orain ez gaude inertzietarako».

Soilik Power Pointen?

Arrisku bat izan daiteke misio eta helburu horiek, deskarbonizazioa eta halakoak agintari ekonomikoen hitzaldietan gelditzea. Gordinago formulatu du Cristina Oionek: «Power Pointen gelditzeko arriskua, diozu? Esango nizuke aldaketa ez dela agerikoa, eta ez dela goizetik gauera etorriko. Baina uste dut gero eta enpresa gehiago daudela gero eta kontzienteagoak direnak beren ingurumen aztarnaz eta sozialaz. Eta gero eta pertsona gehiago daude prest beren erosketa ahalmenarekin gauzak aldatzeko».

Oionek dio gustuko dituela Mazuccatok esaten dituenak:«Baina agian oso teorikoa da; hor egiten du distira, eta ideiak oso ondo saltzen ditu; gero hori guztia indarrean jartzea ez da horren erraza eta agerikoa. Baina ondo dago ideia horiek sistema bustitzea».

Mikel Navarro, erronkei adi, ezkorragoa da: «Mundu erreala oso atzetik doa benetan errealak diren erronketatik. Pandemia, adibidez, akademikoek iragarria zuten aurretik, behin eta berriro, baina inork ez zuen sinetsi, eta zaplaztekoa ikaragarria izan da. Klima aldaketarekin eta erronka demografikoarekin berdin gertatzen da». Navarroren ustez, horren erakusle da Donostiak ez izatea gogoetarik itsasoko uraren igoeraz, edota jendeak ez onartzea gasolinaren gaineko zergak.

Administrazioak esku hartzeko moduak

Mikel Navarrok uste du kontratazio publikoa eta erosketa berritzailea bezalako tresnak oso garrantzitsuak izango direla ekonomiaren fase berri honetan, azken urteetan ia ez dela erabili erosteko ahalmena, eta administrazioak erabili egin behar duela berea. Adibidez, bio-zientzien alorra bultzatzeko, Osakidetzaren erosketa ahalmena erabiltzea litzateke aukera bat, «hemen ekoitzitako produktuak probatzeko, gure sistemak testatzeko...».

«Ez da erraza», aitortu du Cristina Oionek, tresna horiez galdetuta: «Baina hasi behar dugu enpresei eskatzen baldintza batzuk bete ditzatela, orain Gizarte Segurantzan eguneratuta egotea eskatzen diegun bezala». Azaldu du eskaerak egin daitezkeela digitalizazioan, jasangarritasunean, gobernantzako aniztasunean, «laguntzen onuradun izateko, edo puntu gehiago kontratazio publikoan».

Deustuko katedratikoaren aburuz, «Euskadi oso trebea izan zen bi kasutan. Guggenheimekin, hemengo arkitektoekin lan egin beharrean, Jaurlaritzak Frank Gehry hautatu zuen, baina behartu zuen hemengo ingeniaritzekin lan egitera. Eta haiek Gehryrekin ikasi zutenak eta lortu zuten irudi onak egin du posible Idom edota Sener munduan barrena nazioartekotzea. Beste adibide bat Bilboko Metroa da: tren horien enkargua CAFi egitean, halakoak munduan saltzeko oinarria eman zion tren konpainiari».

Elkarlanpubliko-pribatua

Industria politikak ulertzeko modu berrietan gero eta gehiagotan agertzen da elkarlan publiko pribatuaren kontzeptua. Herritarrengan, dena den, kezka hor dago, elkarlan hori zenbateraino den egiatan administrazioak dirua jartzea eta etekinak arlo pribatuak jasotzea.

Navarroren iritziz, elkarlan publiko-pribatua ondo egiteko moduak daude, eta ondo antolatzen bada, gauza batzuetan «askoz modu efizienteagoa da» estatuak berak bakarrik egitea baino, edo enpresak berak egitea baino. «Gauza batzuk estatuak egin behar ditu, ezinbestez; Interneten sorrerarako beharrezko inbertsioak ez zituzkeen egingo arlo pribatuak». Baina, era berean, estatua ezin da denera iritsi; beharrezkoa da enpresek funtzio sozialak ere betetzea eta trebakuntzan esku hartzea. Navarroren ustez,«enpresak hori ikusten hasi dira, agian ikuspuntu berekoi batetik bada ere».

EH Bildu ere elkarlan publiko-pribatuaren aldekoa da: «baina kontua da batzuek elkarlan hori nola ulertzen duten», zehaztu du Iker Casanovak. «Jaurlaritzak gaur arte zera ulertu du kolaborazio publiko-pribatu gisa, gobernua izatea enpresen akuilua, dirua banatzea eta isiltzea».

Aurrera begirako gabeziak eta aukerak

Eta honetan guztian zein izan daitezke Euskal Herriaren bideak? Ezinezkoa da paragrafo bakarrean biltzea aditu bakoitzaren ekarria. Gabezietan, Navarrok enpresa handien falta aipatu du: «Batzuetan ez dute handitu nahi, hainbat arrazoirengatik: ez dutelako sindikaturik nahi, edo ez dutelako atzerriko kapitalarekin kontrola galdu nahi. Baina hainbat ligatan jokatzeko tamaina behar duzu, giharra. Horrekin batera, politikak neurri erdiko enpresetarako daude pentsatuak; ez dira enpresa txikietara heltzen». Navarroren aburuz, beste gabezia bat berrikuntza ez teknologikoan dago.

Mikel Orobengoak erronka nagusietan aukerak ikusten ditu: «Batetik, eraldaketa digitalean, adimen artifizialean, datuetan eta abar, gure enpresak erabiltzaileak izango direla uste dut, hor AEBetako eta Txinako enpresa erraldoiak direlako nagusi. Erronka sozialetan, hirugarren adinean eta zerbitzuetan, berriz, aukera asko daude, gure filosofiarengatik eta zaintzaren kemenagatik. Eta, hirugarrenik, jasangarritasunean, energia arloan aukerak izango dira, zeren horrelakoak egiten trebeak gara».

Norabideei begira, soldatak-zergak-lanaldia hirukoaren garrantzia azpimarratu du Casanovak: «Ezkerreko ikuspuntutik, errail sozialari dagokionez, hiru ardatz daude garbiak: batetik, soldatak igotzea eta aberatsen gaineko zergak handitzea, aberastasunaren banaketa minimoki onargarri bat izateko; eta, bestetik, lan orduak murriztea, gure bizitza berreskuratzeko. Hein batean hor dago haustura soziala: gero eta jende gehiagok sentitzea baztertuta sistemak eskaintzen dituen alternatibetatik».

Transformazioa dator, Cristina Oionek dioenez: «Urratsez urrats, uste dut barneratzen ari dela hori gure ekosisteman. Diotenez, 25 urte behar dira sektore industrial bat transformatzeko. Agian, orain denbora tarteak aldatu egin dira, eta hamar urtean egin beharko dugu. Ni oso ziur nago 2030ean gure inguruan ikusten duguna oso diferentea izango dela 2015ean ikusten genuenarekin alderatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.