Libano. Beiruteko portuko leherketa

Bere historiaren aurka borrokan

Beiruteko portuko leherketan hil zirenen familiek borrokan jarraitzen dute erantzuleak epaitu ditzaten, baina klase politikoak ez du ardurarik aitortu nahi, eta ahal duen guztia egiten ari da ikerketa oztopatzeko.

Beiruteko portuko leherketan hildakoen senideek elkarretaratze bat egiten dute hilero. JOAN CABASES VEGA.
Beirut
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Amorru eta presa keinuak desagertu egin zaizkie aurpegitik, baina azalpenak lortzeko borrokak bere horretan jarraitzen du. Gizonek arropa iluna janzten dute; emakumeetako askok, berriz, zapi beltzez estaltzen dute ilea, eta kolore bereko maskarak erabiltzen dituzte. Hilero bezala, hilaren 4an, tragedia izandako tokian bildu ziren Beiruteko portuko leherketaren ondorioz hildakoen guraso eta senideak. Hori bezalako hamasei elkarretaratze egin dituzte, eta deialdiak isil eta indargabe bilakatu dira. Hildakoren batekin odol loturarik ez duen ia inor ez da biltzen: egunaren amaieran fakturatzeko lanen baten bila gerturatzen den fotokazetariren bat baino ez. Burua makurtuta eta protesta egiteko indarrik gabe dagoen herrialde batean, hildako seme-alaben erretratuak daramatzaten amak dira komunikabideen eskura dauden herritarren adierazpen bakanetakoak.

Familiak borrokan ari dira Libanok eta nazioarteak gaia ahaztu ez dezaten auzia argitu aurretik. Badakite helburu hori defendatzeko indarra dutela, eta ez zaie axola beren burua arriskuan jartzea. Salatzen dute klase politikoa gotortuta dagoela Tarek Bitar epailearen erasoetatik babesteko. Epaile hori funtzionario soil bat da, Beiruteko portuko leherketaren ikerketaren ardura duena, eta, nahi gabe, inpunitate orokorra amaitzea eskatzen dutenen aldarrien ordezkari bilakatu dena.

220 hildako eragin ditu Libanon bake garaian inoiz gertatu den tragediarik handienak, eta aukera eman du herrialdearen norabidea aldatu eta, lehen aldiz, goi kargudunei kontuak eskatzeko. Libanon boterea metatzen duten alderdi tradizionalak horren jakitun daude, eta legezko eta legez kanpoko baliabideak erabiltzen dituzte justiziaren lana blokeatzeko, are gehiago Bitarrek leherketa izandako garaian ministro gisa ziharduten hainbat buruzagi inputatu zituenetik: galarazi egiten dute diputatuei immunitatea kentzea; salaketak aurkezten dituzte Bitar kargutik ken dezaten —ikerketaren ardura hartu zuen bigarren epailea da Bitar, antzeko difamazio kanpaina baten ostean Fadi Sawan kanporatu eta gero—.

Auzipetutako buruzagi guztiak matxinatu dira ikerketaren aurka. Jusef Fenianosek, leherketa gertatu zeneko Herri Lanetarako ministroak, hainbat salaketa aurkeztu ditu Bitarren aurka, «portaera arraroagatik». Beste hainbeste egin du Nohad el-Matxnuk Barne ministro ohiak ere. Hasan Diab lehen ministro izandakoak eta Ali Hassan Khalil Finantza ministro ohiak uko egin diote ikerketan laguntzeari. Ghazi Zaiter, egungo Herri Lanetarako ministroa, ez da agertu ere egin Bitarren aurrean.

Alderdi politiko eta erlijio batekoak eta bestekoak daude auzipetuen artean, baina Hezbollahek eta haren aliatuek jo dute gogorrenik Bitarren aurka, kasua politizatzea leporaturik. Urriaren erdialdean, bide judiziala gainditu zuten, eta estortsiora jo, esanez ez dutela gobernu bileretan parte hartuko, harik eta Bitar ikerketatik kanporatzen duten arte.

Auzipetuek azalpenak emateko duten interesa ez da sinesgarria, baina hainbat alderdik egoera baliatu dute beren burua botere banaketaren defendatzaile gisa aurkezteko. Hala ere, bi hilabeteko blokeo politikoaren ondoren, eta biztanleen % 80 pobreziaren atarian bizi diren herrialde batean, lider tradizionalak adostasun baterantz mugitzen hasiak dira, justiziarako bidean beste oztopo bat jarriz. Michel Aun presidenteak eta Najib Mikati lehen ministroak, zeinak politikoki esku hartzearen aurka zeuden ustez, aukera eman diote parlamentuari Bitarren boterea mugatzeko. Aunen arabera, ganberako diputatuek laster bozkatuko duten neurriak eskumenak kenduko dizkio epaileari, gobernuko kideen aurka jotzea ezinezko eginez.

«Nahikoa da azpijokoak antolatzeaz, eta justiziari oztopoak jartzeaz», aldarrikatu zuen familien bozeramaile batek abenduaren 4ko elkarretaratzean, Libanoren alde ilunena irudikatzen duen ekitaldi horretan. «Modu horretan bozkatzen duten diputatuak gure eta gure kausaren etsaitzat joko ditugu», esan zuen. Baina buruzagi tradizionalek frogatu dute euren esku dagoen guztia egingo dutela zigorgabetasuna bermatzeko.

Indarkeria eta jazarpena

Zigorgabetasunaren eta justiziaren arteko lehia ez da eremu neutral batean jokatzen. Urriaren 14an Beirut gerra eremu bilakatu zuen leherketa abisu bat egon zen. Alderdiek mezu argia helarazi zieten egun hartan herritarrei: bizimodua zailduko dizuegu kontuak eskatzen tematzen bazarete. Hezbollahk eta Amalek, gobernu koalizioko kide diren alderdi xiitek, manifestazio batera deitu zuten Beiruteko justizia jauregiaren aurrean, Bitar epailearen aurka protesta egiteko eta kasutik kanporatzea eskatzeko. Manifestarien aurka tiroka hasi ziren inguruko eraikinetan zeuden frankotiratzaileak. Manifestazioa gudu bilakatu zen, bi aldeak metrailetak eta suziri jaurtigailuak hartuta elkarren kontra hasi baitziren; borrokek bost ordu iraun zuten, eta zazpi lagun hil ziren—tartean, liskarretan parte hartu ez zuen zibil bat—.

Hezbollahko buruzagiek diote tiro egin zutenak Samir Geagea buru duen Libanoko Indarrak alderdi falangista kristauko kideak zirela —Geageak bere gain hartu du Bitarren defendatzaile rola—. Geagearen eta tiroketak izan ziren auzoko bizilagunen arabera, bizilagunek beren kabuz hartu zuten «beren burua defendatzeko erabakia», Hezbollah bertan zegoela ikusita.

Libanoko sistemaren oinarriak dira alderdiek beren militanteen bitartez bultzatzen dituzten beldurtze ekintzak, eta alderdi bakoitzak bere botere kuota du sistema horretan. Erregimenak, gobernu agintari bihurtutako gerra jauntxoak buru dituela, bahituta dauka herrialdea gerra zibilaren amaieratik, eta zigorgabetasuna ala indarkeria aukeratzera behartu du.

Hurrengo egunean heldu zen ezustekoa, eta berriz agertu zen beldurraren eta ziurgabetasunaren esku beltza: Ibrahim Hoteitek, ordura arte biktimen familien bozeramaile izanak, bideo bat argitaratu zuen goizaldean Bitar epailea kargutik kentzeko eskatuz. Bideoan, Hoteitek hainbat orrialdeko testu bat irakurtzen zuen, bi aldeetara eta kameraz kanpo begiratzen zuen bitartean. Susmoa piztu zuen Hoteiten bat-bateko iritzi aldaketak. Ekintzaileak salatu zuen Bitar epaileak «partzialtasunez jokatu eta erabaki politikoak hartu» zituela, baita AEBen «esku hartze lotsagabea» izan zela ere —Hezbollahk defendatzen dituen ideiak dira biak—. Biktimen familiek 24 ordu baino gutxiago behar izan zituzten prentsaurreko bat antolatzeko. Bertan, Bitar babesten zutela berretsi zuten, eta aldendu egin ziren Hoteitek irakurritako manifestutik.

Errudunen bila

«Zigorgabetasunaren kultura dago Libanoko arazoen oinarrian», azaldu dio BERRIAri Aja Majzubek, Libanoko Human Rights Watcheko ikertzaileak. Majzuben esanetan, kultura horrek modua eman die alderdi politikoei era guztietako gehiegikeriak egiteko, beren helburu politikoak lortu eta beren borondatea inposatze aldera, inolako konturik eman gabe. HRWeko kideak uste du horren adibide dela Beiruteko tiroketetan gertatutakoa.

Majzuben arabera, segurtasun indarrak oldartu egin zaizkie azken bi urteetan herrialdean izan diren gobernuaren aurkako mobilizazioei: «Manifestari baketsuak jipoitu dituzte, eta eraso egin diete. Behin eta berriz ikusten dugu nola segurtasun indarrek ez duten borondaterik manifestariak babesteko».

Komunikabideak alderdien esku dauden herrialde batean, HRW da 2020ko abuztuaren 4ko tragedia eragin zuten kausei buruzko ikerketarik handiena argitaratu duen erakundea. Ikerketak argi uzten du arduradunek abisua jaso zutela Beiruteko portuan milaka tona amonio nitrato zeudela, baina ez zutela behar bezala erantzun. Presidenteak, lehen ministroak eta zenbait ministrok aitortu dute alertak jaso zituztela leherketa baino aste batzuk lehenago, baina errugabetzat jo dute beren burua, esanez ez zela haien eskumena, edo ardura beste baten esku utzi zutela. Diabek ere jaso zuen txostena, non estatuko segurtasun agentziek ohartarazten zuten lehergaiek sei urte zeramatzatela portu eremuan. Gaiari buruz galdetu ziotenean, lehen ministroak erantzun zuen ez zituela irakurri dokumentuak.

42 urterekin hildako Amin Zaheden arreba da Rima Zahed, eta biktimen familien taldearen buru izan da. Haren aurretik karguan egon zenak jazarpena jasan behar izan zuen, eta desagertuta ere egon zen aldi batez, baina Zahed irmo agertu zen bere lehen ekitaldi publikoan: «Ohituta daude azalpenik ez ematera, baina biktimen familiak elkartuta gaude, eta errudunak nahi ditugu. Ordaindu egingo duzue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.