Albistea entzun

Koronabirusa

Nafarroak murrizketei eutsi nahi die, «bide onetik segitzeko»

Neurriak bi astez luzatzeko baimena eskatu diote auzitegiari. Labik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako neurri murriztaileak aztertuko ditu bihar. Txertoak 1.500 heriotza eragotzi ditu Nafarroan
Ostalaritzako murrizketei eutsiko diete Nafarroan, bi astez.
Ostalaritzako murrizketei eutsiko diete Nafarroan, bi astez. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz -

2022ko urtarrilak 27

Beste bi astez gutxienez. Nafarroako Gobernuak COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak otsailaren 14ra arte luzatzeko baimena eskatu dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari. Epaileek erabakia berretsiz gero, urte hasieratik indarrean izan diren neurriek hala segituko dute otsailaren 1etik aurrera ere: ostalaritza lokalak ixtea 01:00etatik 06:00etara, mahaian eserita kontsumitu behar izatea, eta gehienera hamar pertsona elkartzeko muga dira arau horietako batzuk.

Nafarroako Gobernuak bezala, Eusko Jaurlaritzak ere aurki helduko dio neurri murriztaileen auziari. Hain zuzen, Labi Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea bihar biltzekoa da, COVID-19aren aurkako egungo prebentzio neurriei eutsi edo horiek aldatu erabakitzeko.

Maria Txibiteren gobernuak abenduko azken egunetan ezarri zituen neurriak, eta urtarrilaren 14an luzatu zituzten lehen aldiz. Bietan, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren onespena jaso zuen Maria Txibiteren gobernuak. Izan ere, epaileen iritziz, «beharrezkoak eta neurrikoak» ziren. Oraingo honetan ere, neurriei eustea «garrantzitsua» dela uste du Santos Indurain Osasun kontseilariak. «Beheranzkoa nabaritu dugu birusaren transmisioari dagokionez, baina joera hori sendotu beharra dago; bide onari eutsi. Ez dugu atzera egin nahi», azaldu zuen atzo, gobernu kontseilu osteko agerraldian. Neurriei eustearen aldeko faktoreen artean, osasun sistemaren egoera aipatu zuen: «Ospitaleen okupazio maila hasi da pixka bat apaltzen, baina oso handia da oraindik».

Indurainek azaldu zuenez, neurri murriztaileen luzapenaz gain Nafarroako Gobernuak erabaki du «osasun sistema indartzen segitzea» eta «gaitzaren arakatze sistema egokitzea, trantsiziozko fase baterantz». Besteak beste, lan kontratua udara arte luzatuko diete izurriagatik behin-behinean hartutako osasun langileei: «Horrek arnasa hartzeko aukera emanen dio gure osasun sistemari, oraindik oldartuta dagoen seigarren olatuaren ostean». Kontseilariak nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuak 15 milioi euro erabiliko dituela horretarako.

Txertoen eragina

COVID-19aren aurkako txertoaren indartze dosiei buruz ere mintzatu ziren osasun erakundeak atzo. Nafarroako Gobernuaren kasuan, 18 urtetik gorako guztiei hirugarren dosia jartzeko aukera emanen diete otsailaren 1etik aurrera. Indurain kontseilariak azaldu zuenez, Osasun Departamentua hasia da adin tarte horretan diren 60.000 herritarrei ordua eskatzeko bideak zehazten dituen SMSa bidaltzen.

Hain zuzen, txertatzeak izan duen «eragin positiboa» nabarmendu zuen Indurainek atzoko agerraldian. Nafarroako Lan Osasun eta Osasun Publikoko Institutuak argitaratutako azken txostenean jasotako datuak erabili zituen horretarako. Han azaltzen denez, COVID-19ak Nafarroan eragindako kutsatzeak eta heriotzak halako bi izanen ziratekeen txertoengatik izan ez balitz: «170.000 infekzio eta 1.500 heriotza eragotzi dituzte txertoek orain arte».

Indartze dosiak daude orain ezbaian. Hirugarren dosiaren onurak «frogatuta» daudela berretsi zuen kontseilariak atzo, «batez ere sektore zaurgarrienen artean», eta Frantziako Txertaketa Kanpainaren Orientaziorako Batzordeak ere hizpide izan zituen indartze dosiak, atzo. Zehazki, batzordeak uste du oraingoz ez dela beharrezkoa laugarren dosia orokortzea, «ez duelako berehalako abantaila indibidualik» eskaintzen. Gaineratu zuten bigarren indartze dosia jarri beharrak txertatze kanpainarekiko atxikimendua «apaldu» dezakeela. Dosi hori «immunoeskasia larria» dutenek soilik hartzea aholkatu zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irungo alarde parekidea, atzo. ©JON URBE / FOKU
COVID-19aren aurkako Moderna txertoa ©Idoia Zabaleta /Foku

Omikronaren aldaera berrietara egokitutako txertoek immunitatea handitu dezaketela adierazi dute

Edurne Begiristain

Koronabirus kasuen gorakada dela-eta, toki itxietan maskara janzteko gomendioa eman du Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak.

Donostiako Udaltzaingoaren auto bat. ©JON URBE / FOKU

Donostiara bidalitako udaltzain berri ia guztiak erdaldun elebakarrak dira, LABek salatu duenez

Julen Aperribai

Sindikatuak udalari eskatu dio bere lan poltsa osatu dezala, udaltzainek bete beharreko hizkuntza eskakizunak aintzat hartuta. Egoera bera urtero errepikatzen dela ohartarazi du, baina urtetik urtera gehiago direla euskaraz ez dakiten udaltzainak.

Ertzaintzako ageneak, etxegabetzea geratzera gerturatu diren bizilagunen ondoan. ©Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua.

Emakume bat eta haren semea etxegabetu ditu Ertzaintzak Galdakaon

Iñaut Matauko Rada

Familiak ez zuen zorrik ez bankuarekin eta ez beste inorekin, eta ez du bizitzeko beste etxerik. Bizilagun horien etxegabetzea gelditzen saiatu dira, baina ez dute lortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...