Langile etorkinen lan baldintzak. Lan istripuak

Langile atzerritarren hilobia

Orain arte, bederatzi langile hil dira AHTa egiteko lanetan, Euskal Herrian. Haietako gehienak atzerritarrak ziren, eta azpikontratatutako enpresetan ari ziren lanean. Hona hemen istripu horien bilduma bat.

BERRIA.
inaki petxarroman
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ukraina, Portugal, Espainia, Maroko... AHTa egiteko lanek zauri lazgarriak utzi dituzte familia askotan. Herrialde horietatik Euskal Herrira lanera etorritako bederatzi langile hil dira lan istripuz tren lasterraren obretan. Ondoko zerrendan falta dira izen-deitura batzuk. BERRIAk eskatu ditu izenak, baina erakundeek ez ematea erabaki dute, ezin dituztela eman argudiatuta.

2008KO UZTAILAREN 14A

Florian Popa 51 urteko langile errumaniarra hil zen, Lukun (Araba) gertatutako lan istripuan. Pisu handiko xafla metaliko bat erori zitzaion gainera. Kofratu baten hiru zati ari zen bereizten haietako bat jausi zitzaionean. Osalanek egindako azterketaren arabera, langilea erabiltzen ari zen lan prozedura «ezegokia» zen. Segurtasun planak ez zuen jasotzen nola lan egin pieza horiekin, eta ordubete baino gehiago aritu ziren Popa eta harekin batera ari zen beste langile bat inolako gainbegiratzerik, garabirik eta eusteko tresnarik gabe. Popa Mecanotubo Kataluniako enpresa azpikontratatuarentzat ari zen lanean istripua izan zuenean. AHTko zati hori egiten ari zen enpresa taldeak —Tecsak eta Altuna y Uriak osatua— azpikontratatuta ari zen Mecanotubo.

2010EKO ABUZTUAREN 11

49 urteko langile portuges bat hil zen Duran (Araba), elektrokutatuta. Langilea Construcciones Gomes azpikontratatutako enpresarentzat ari zen lanean. Metalezko pieza batzuk mugitzen ari zen behargina zubibide batean. Goi tentsioko kable batzuk zeuden inguruan, eta haien eraginez elektrokutatu zen. Osalanek egindako txostenaren arabera, lan metodo «desegokia» erabiltzen ari zen.

2010EKO ABENDUAREN 9A

Mikola Vistxenski langile ukrainarra hil zen, eta haren lankide Dragomiv Iordanov bulgariarra larri zauritu, lehergaiak deuseztatzen ari zirenean, tren lasterraren obraren eremuan, Eskoriatzan (Gipuzkoa). Hain zuzen ere, goma-2 kartutxoak sutara botatzen ari ziren, sei metroko distantziatik, horrelakoetan erabiltzen den protokoloa errespetatu gabe. Arauaren arabera, 400 metroko distantzia errespetatu behar da halako lehergaiak desegiteko prozeduretan. Gainera, ez eurek eta ez Ferrovialen azpikontratak, Hergon enpresak, ez zeukaten halako materialak manipulatzeko baimenik. Legutio-Eskoriatza zatian gertatu zen ezbeharra, kartutxo baten eztandak bi langileak hainbat metrora bota zituenean. Iordanovek zauri oso larriak izan zituen buruan, begietan eta gorputzeko beste hainbat tokitan. 419 egun behar izan zituen osatzeko. Gertakariengatik egindako epaiketan, Iordanovek aitortu zuen lehergaiak desegiteko prozedura bera erabili zutela beti istripuaren aurretik ere, eta ez zegoela inongo teknikaririk euren lana kontrolatzen. Enpresak kofratzaile lana egiteko kontratatu zituen bi langileok, eta Jaurlaritzaren meatze teknikariak «akats larriak» atzeman zituen aztertutako dokumentazioan; besteak beste, ezbeharra izan zutenen artezilari titulazioa istripua gertatu eta egun batera bete izana. Jaurlaritzak %50eko «laguntza errekargua» ezarri zion Gizarte Segurantzari.

2011KO MARTXOAREN 8A

46 urteko kamioi gidari bat hil zen Antzuolan (Gipuzkoa), bihotzekoa emanda.

2011KO IRAILAREN 6A

50 urteko langile portuges bat hil zen Tolosan (Gipuzkoa), Aldaba Txiki auzoan, dumper artikulatu batekin amilduta. Bertsio ofizialaren arabera, langileak ez zuen segurtasun uhala jarria istripua izan zuenean, baina Osalanek aitortu zuen lan txandak antolatzeko sistemak arazoak sor zitzakeela. ELA sindikatuak salatu zuenez, Excavaciones Jove enpresako beharginak 12 orduko bi lan txandatan ari ziren lanean. Hildako langileak arratseko 19:00etan fitxatu zuen, eta 04:00 aldera gertatu zen ezbeharra; alegia, bederatzi bat ordu lanean zeramatzala. Legez, gaueko txandako langileek ezin dute aparteko ordurik egin. Azpikontratatuta zegoen Excavaciones Jove obra horretan, eta istripu hori izan eta hilabetera epaitegian salatu zuen ELAk, langileei 12 orduko lanaldiak ezartzen jarraitzeagatik. Hain zuzen ere, ezbeharra izan eta astebetera, enpresa bereko beste behargin bat bizirik atera ahal izan zen, maldan behera kontrolik gabe joan zen traktore batetik salto egitea lortu zuelako. Hilabete lehenago, beste langile bat zauritu zen obra horretan, lanean ari zen dumperraren kabina irauli egin zitzaiolako.

2012KO UZTAILAREN 12A

Antonio Alvarez Rodriguez 55 urteko langile espainiarra hil zen Arrasaten (Gipuzkoa), 40 tonako porlanezko xafla batek zanpatuta. Ikerketaren arabera, langileak ez zuen pieza horien gainean egon behar, baizik eta aldamio batera igota eta arnes batekin bermatuta. Sacyr eta Amenabarrek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteko UTE Mondragonek azpikontratatutako Tierra Armada enpresarentzat ari zen lanean langilea. 2011ko abenduan, ELAk lan ikuskaritzan salatu zituen istripua gertatu zen AHTko zati horretako (Aramaio-Arrasate) enpresa arduradunak, langileei «abusuzko lanaldiak eta baldintza latzak» ezartzen zizkietelako.

2013KO ABUZTUAREN 26A

Jose Maria Castillo Alonso 44 urteko langile espainiarra hil zen Bergaran (Gipuzkoa), AHTaren lanetan, makina zulatzaile batekin 6,5 tonako konpresore bat zeramala izandako istripu baten ondorioz. Bergara-Antzuola zatian lan batzuk egin ostean, makineria garraiatzen ari ziren langileak pista batetik errepide bateraino. Han, kamioietan zamatu behar zuten konpresorea. Errebuelta baten ostean, langileak makinaren kontrola galdu, eta 40 metro inguru joan zen, pareta bat jo arte. Kolpearen ondorioz, konpresoreak eta makina zulatzaileak langilea zanpatu zuten. Istripuaz egindako ikerketan, hainbat irregulartasun bildu zituen Osalanek. Batetik, langileak zuen makina zulatzailearen eskuliburua ez zen makina berarena, baizik eta beste batena; gainera, alemanez zegoen. Gidaliburuak argitu zuen makina zulatzaileak ez duela aurreikusten jarri zitzaionaren moduko makina bat eramatea, are eta gehiago lau tona baino astunagoa izanez gero. Horrez gain, frogatutzat jo zuten bi makinen arteko lotura gaizki egin zutela. Makinari behar bezalako mantentzea egiten ari ote zitzaion jakitea ezinezkoa zela berretsi zuen Osalanek, orduak zenbatzen zituen tresna erabileratik kanpo zegoelako. Hildako langilea azpikontrata baten azpikontrata batentzat ari zen lanean, FCCk, DCk eta Lurgoienek adjudikatua zuten obraren zati batean.

2018KO IRAILAREN 22A

46 urteko behargin bat hil zen Zornotzan (Bizkaia), AHTaren lanetan ari zela. Istripu horren inguruko informazio asko ez da zabaldu, baina, erakundeetatik jakin zenaren arabera, gizona ondoezik sentitu zen lana amaitzen ari zenean. Sorosleak joan ziren lankide batek eskatuta, baina ez zuten lortu bere onera ekartzea. Obrako zuzendaritzaren arabera, «berezko heriotza» izan zen langilearena, baina sindikatuek zalantzan jarri zuten hori, bero handia egiten baitzuen hil zen egun hartan. Gizona Hierros Sancho azpikontratatutako enpresarentzat ari zen lanean.

2018KO URRIAREN 3A

Getarian (Gipuzkoa) bizi zen 30 urteko langile marokoar bat hil zen, Zizurkilen (Gipuzkoa) izandako lan istripuan. A.B. azpikontrata baten azpikontratarentzat ari zen lanean, Tecnolevers and Mobile Cranes enpresarentzat, hain zuzen ere. Tunel barruan gertatu zen istripua. Bi kamioi elkarren parean geratuta utzi zituzten, eta kamioilariak jaitsi egin ziren, baina baten balaztak huts egin zuen, eta elkar jo zuten. Hormigoi makinak atzera egin zuenean ikusi zuten langile gaztea lurrean. Bere onera ekartzen saiatu ziren sorosleak, baina ezin izan zuten salbatu. Osalanek ikerketa martxan du istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.