Albistea entzun

Koronabirusa. Urtebete lehen kasuetatik

Izurri arorako lezioa

Zientzia ezinbestekoa izan da COVID-19a ulertzeko. Miren Basaras, Izortze Santin eta Ana Galarraga batu zituen BERRIAk 'online' solasaldi batean, ikasteko, ikasitakoa kontatzeko eta azken lezioak esplikatzeko; sarean dago. Bideoa albiste barruan.
?????? Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2021eko otsailak 28

Otsailaren 17an online egin zen mintegi batean elkartu zituen BERRIAk COVID-19aren gaineko informazioa emateko jardunean lehen lerroan ari diren hiru zientzialari: EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia irakasle Miren Basaras Ibarzabal, Biologia irakasle Izortze Santin Gomez eta Elhuyarreko zientzia dibulgatzaile Ana Galarraga Aiestaran. Oparoa izan da hiru andreok urte osoan egin duten ekarpena, eta mamiz betea izan zen solasaldian eman zuten lezioa ere. Izena emanda, ehun lagunek baino gehiagok parte hartu zuten mintegian. Gaurtik, sarean dago, BERRIAren webgunean. Horra laburpen bat:

Birusa ez da hain apartekoa ere

«Arnas bideen bidez transmititzen den birus bat da. Alde horretatik, beste birus askoren antzeko portaera du, ez da bereziagoa. Gainera, konparatzen badugu beste birus batzuekin, ez da oso aldakorra». Hara, Miren Basaresen hitzetan, labur-labur, zer den SARS-CoV-2 koronabirusa: COVID-19 eritasuna eragiten duen agente infekziosoa. Gaixo askok gaitza «asintomatiko» igarotzen dutela onartu du, eta beste birus batzuetan ere ezaugarri hori bera maiz ikusi izan ohi den arren, hori izan dela izurriak lortutako hedatze handia ulertzeko motiboetako bat: isila baita usu, atzeman ezina. Bide horretan, beste aldagai bat ere erantsi du Izortze Santinek: «Presintomatikoak ere kutsakorrak dira; sintomak garatu baino bi edo bost egun lehenago gaitza transmititu dezakegu». Eta badira motibo gehiago ere birus honen hedatze azkarra ulertzeko, aurrez arrisku berezia erakutsi duten beste birus batzuekin alderatuta, apartekoa zerk egin duen esplikatzeko. Santinek zerrendatu ditu. Baga: gaitz honetan eriek karga biriko «altuagoa» izan ohi dute arnas bide altuetan, eta horrek erraztu egiten du transmisioa: «Finean, arnas bide altuetan badaukagu karga biriko altuagoa, transmititzeko gaitasun gehiago daukagu». Biga: «Kasu honetan, gainazalean dagoen spike proteina pixka bat ezberdina dela dirudi; horrek ematen dio abantaila bat ACE2 hartzailearekiko afinitate altuagoa duelako».

Birusari bakarrik begiratuta, ordea, ezin da ulertu gertatu dena; tankerako izurri baten gaineko ohartarazpenak bazirela gogoratu du Basarasek, eta gobernuek, oro har, ez zituztela kontuan hartu: «Protokoloak ezarrita zeuden, protokolo horietan ezarrita zegoen nola jokatu behar zen: zer egin behar zen, zelan erabili behar ziren babes neurriak, zelan erabili behar ziren maskarak, zelan agintari guztiek aldez aurretik hornidurak izan behar zituzten: maskarenak, babes neurrienak... Hala eta guztiz ere, ikusi zen herrialde horiek hornidura horiek ez zituztela. Hori uste dut akats bat izan zela. Benetan harritu egin ninduen».

Galdera garrantzitsuak badira erantzuteko

Zientziaren jardunak argitu gabeko galdera asko daude oraindik. Egun itaunik behinenak, birusaren ezaugarriekin lotuta ez ditu ikusten Galarragak, kutsatuengan duen eraginarekin baizik. «Immunitate sistemaren ezaugarrien eta pertsona bakoitzaren erantzunaren arabera, aldakortasun handia ikusten da; arrazoi genetikoengatik, adinarengatik, generoarengatik... Faktore horiek ondo identifikatu nahi dira immunitate sistemak izango duen erantzuna lotzeko patologiaren bilakaerarekin». Sintomak zenbaitetan «luzaroan» irauten dutela ere gogoratu du, eta horrek ere itaun handiak eragin dituela. Eta badira galdera gehiago, gaitzaren aurkako erantzun immunearen iraupenarekin lotuta, adibidez: «Ez dakigu zenbat iraungo duen, zer bilakaera izango duen». Badira adin tarte jakin batzuetan birusak duen eraginari begira lausoak ere: «Falta zaigu, adibidez, haurrengan daukan eragina ondo ezagutzea. Ez dakigu zenbateraino transmititzen duten. Haurrek galdera ikur handi bat dute oraindik ere».

Erantzuteko dauden galderak buruan, birusaren transmisioari erreparatuta ikusten diren zenbait ezaugarri ere artaz aztertu behar dela adierazi du Basarasek: «Galdera bat lotuta dago bizikideak diren pertsonekin: zer arrazoirengatik, hainbat pertsona batera bizi badira, batzuek ematen duten positibo, eta besteek, ez. Hori bada benetan galdera bat». Antzeko bidetik, Santinek ere, itaun bat: «Zergatik pertsona batzuk transmititzen dute hainbeste eta beste batzuek hain gutxi?».

Aerosolena, gainditu gabeko ikasgaia

Basarasek onartu du hasieran pentsatzen zela arnas aparatuaren bidez kanporatutako «aire tanta handietan» transmititzen zela birusa: «Zergatik hori? Birusak duen egituragatik, eta beste koronabirus askorengatik». Ohiko agente infekzioak dira, hotzerien-eta motibo sarri askotan. «Horiek, batez ere, arnas tanta handien bidez transmititzen dira, eta uste zen hau ere horrela transmititzen zela». Hori dela eta, «gainazalen» garbitasunari erreparatu zitzaion arta handiz hasiera hartan: tanta horiek gainazaletan geratzen zirela adierazi zen, eta ondo garbitu behar zirela. Aldatu da ordutik ikuskera: «Ikusi da gainazalen bide hori garrantzia galduz joan dela, nabarmen; gainazalen bidez ez da transmisioa horrenbeste gertatzen, eta gehiago da aire tanten bidez; bai tanta handiak, baita ere, askoz ere gehiago, txikiagoak: aerosolak». Hori dela eta, orain arte behar bezain beste sustatu ez diren prebentzio neurriei erreparatu behar zaiela esan du. Horra horietako bat: «Aireztapena. Funtsezkoa da aireztapen egokia toki itxietan, bestela aerosol horiek denbora guztian airean egongo direlako, eta pertsonak kutsatu egingo direlako». Gai horretan sakondu egin behar dela uste du Santinek ere: «Jendeak ez du guztiz ulertu aerosolen bidezko transmisioa zer den». Adibide bat jarri du: igogailura sartu, eta han bakarrik dagoen pertsonak maskara kendu du: ohiko keinua izan daiteke. Baina badu arriskua: «Aurretik beste norbait egon bada bertan musukorik gabe, eztula egin badu, adibidez, hor esekita denbora luzean manten daitezke aerosol horiek, eta kutsatuta bazaude, hurrengo pertsona kutsa dezakezu». Hori ondo esplikatu behar dela defendatu du Santinek ere: «Pedagogia egin behar da jendeari hori ulertarazteko».

Horiek horrela, maskaren erabilera sustatzen jarraitzea ere ezinbestekoa dela argudiatu du Galarragak, eta gai horren inguruko dudak argitzea. Izan ere, zalantza handiak daudela uste du, eta, hein batean, gaiaren inguruan egon diren paradoxekin daudela lotuta duda horiek, izurriaren hasieran osasun agintariek eman zituzten mezu kontrajarriekin: «Gardentasun falta ikaragarriarekin esan zen ez zirela beharrezkoak: osasun langileek bakarrik behar zituztela. Noski, haientzat bakarrik bazeuden, haiek jantzi behar zituzten, baina oihalezkoak, adibidez, denok egin genitzakeen, eta ez zuten hori bultzatu». Halakoak saiheste aldera, «komunikazioan» hobera egin behar dela esan du Basarasek: «Benetan dibulgazio falta itzela egon da pandemia honetan agintarien bidean; bai maskaren gaian, bai aerosolen gaian, jendeak oraindik ez daki zergatik den garrantzitsua aireztapena, zergatik den garrantzitsua, adibidez, kirola egiten dugunean bat bestearen atzean ez joatea, zeren eta nik kanpora ditzaket aerosolak, eta atzean datorrenari bidali... Hainbat gauza daude hor hobeto azaldu behar zirenak hasieratik, eta, hala eta guztiz ere, orain ez direnak ondo azaltzen».

Horrekin lotuta, maskaren erabilera «derrigorrezkoa» denez, une, toki eta egoera bakoitzerako maskara egokiak «eskura» ematea ere garrantzitsua dela azaldu du Galarragak: «Batez ere, leku publikoak badira, eskura eman behar dira maskarak, jarrarazi egin behar dira, eta ematen dizuten hori jarri egin behar duzu, gainera». Garraio publikoan-eta, aireztapen on bat bermatu ezin denean eta ezinbestean jendez inguratuta joan behar denean, halako neurriak hartu beharko liratekeela uste du. «Daukagun babes bakarrenetarikoa da; ezin badugu distantzia izan, ezin badugu aireztapena izan. Zer geratzen da gure esku? Hori bakarrik daukagu»

Gaitza kronikoa bihur daiteke

Erien eboluzioari begira, ikusi da luzerako ondorioak dituela zenbaitetan COVID-19ak. Ondo ikertu beharreko eremua dela uste dute. «Hor oso aurrerapen gutxi ikusi dut», adierazi du Galarragak, eta arazoaren larriaz ohartarazi du: «Horrelako patologia bat daukaten askok benetan zailtasun handiak dauzkate bizimodu arruntera bueltatzeko». Basarasek ere arazoaren larritasuna nabarmendu du: «Ohituta geunden normalean koronabirusek sintoma arinak ematera; honetan ikusi genuen zenbaitetan ematen dituela sintoma larriagoak, eta ondoren ikusi dena izan da iraunkortasuna pertsona batzuetan». Horrekin lotuta, ikerketarako akuilu izan daitekeen galdera bat du buruan, jirabiran: «Ea COVID-19 iraunkor hori dutenengan beharbada birusa latente gordeta geratzen den leku batzuetan. Hor badago esparru bat ikerketarako». Gaitzak eragiten dituen sintoma eta ondorio iraunkorren gaineko kezketan bat dator Santin ere. «COVID-19a gaixotasun kronikoa bihur daiteke, eta COVID-19ak eragiten dituen beste gaixotasun batzuk ere kronikoak dira», azaldu du. «Ikusi da, adibidez, COVID-19a pairatu duten pertsona batzuek diabetesa pairatzen dutela: hori ja bizi osorako gaixotasun kroniko bat da». Hortik abisua: «Osasun sistema prestatu behar da kronifikazio horri aurre egiteko».

Birusaren kasu «iraunkor» horiek izurriaren bilakaerari begira ere arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazi du Galarragak: «Bada zerbait arreta handia jarri behar zaiona, hori izan daitekeelako gero mutazio kaltegarri eta kezkagarrien jatorrietako bat. Zeren eta mutazioak etengabe gertatzen dira, eta gehienak ez dira aintzat hartzekoak ere, baina justu pertsona horietan, infekzioak hain luze irauten duenean, orduan bada oso kezkatzekoa. Hor galdera ikur handi bat dago».

Mutazioak, aztertu eta zaintzeko eremua

Mutazio hitzak aparteko kezka eragiten du usu, baina eboluzioaren bidean ohikoak direla adierazi du Basarasek ere: «Birus guztiek egiten duten mekanismo bat da; eboluzionatzeko, aldatzen joaten dira. Eta aldaketa hori nola egiten dute? Beren genoman aldaketak pairatuz... Noiz bihurtzen dira aldaera? Bada, normalean, mutazio bat baino gehiago dagoenean. Ez dago zenbaki jakin bat esateko: 'Hiru mutazio izan baditu, aldaera bat bihurtzen da'. Ez». Birusaren ezaugarri funtsezkoak eraldatzen dituzten aldaketak ikusten dituztenean hasten dira normalean zientzialariak aldaerak izendatzen. «Orain, adibidez, badirudi aldaerok errazago transmititzen direla».

Gai hau aztertzean ere, birologiaren arauez haragoko aldagaien eraginari ere adi erreparatu behar zaiola gogoratu du Santinek. «Mutazioak ematen dira: zerbait normala da. Baina Europan eta hemen jarraitzen ari diren estrategiak, birusarekin batera bizitzearen estrategia horrek, horretarako aukera ematen du, nolabait ere». Birusaren zabalkundea handitu ahala, mutazioak izateko arriskua ere handiagoa izaten dela adierazi nahi du: «Beste herrialde batzuetan, non beste estrategia batzuk jarri dituzten martxan, zero COVIDaren antzekoak, seguruenik ez dute horrelako arazorik izango». Erakundeetan hartzen diren erabakien itzala agerikoa da, beraz, gai honetan ere. «Hartzen ez diren erabakiena, batez ere», zehaztapena egin du Galarragak: «Hasteko, birusen sekuentziazio oso gutxi egiten delako hemen, adibidez. Eta badaude sistema oso errazak ur zikinetan, ur beltzetan; leku askotan aplikatzen dituzte jarraipena egiteko gaixotasunei, ez bakarrik koronabirus honena, beste batzuena ere bai, eta hemen oso-oso gutxi ari gara erabiltzen horrelako gauzak». Zer hobetua badela pentsatzen du: «Askoz gauza gehiago egin daitezke neurri murriztaileak jartzeaz gain».

Orain, txertaketa planek aurrera egin ahala, mutazioen arlo hori behar bezala ez kontrolatzeak ondorio gaiztoak izan ditzakeela esan du Basarasek: «Argi dagoena zera da: birusak nahi duena da nitxoak bilatzen joatea, eta adin tarte horiek, 80tik gorakoak edo 70etik gorakoak, babestuta badaude, eta gero adin horiek jaisten bagoaz, bada, birusak egingo duena izango da nitxo berriak bilatu, eta nitxo berri horiek izango dira jende gazteagoa».

Txertoak oso ondo ari dira funtzionatzen

Urtebete eskasean, COVID-19aren aurkako txerto ugari garatzea lortu da, eta horietako hainbat, gainera, oraindik merkatura heltzeko zegoen teknologia berri baten bidez ondu dira: RNA mezularia deiturikoaren bidez. Segurtasun irizpide guztien barruan, oso eraginkorrak direla egiaztatu da. Bide horrek eragindako liluraz solastatu dira zientzialari asko. Santin ados dago: «Prozesua zoragarria izan da; urtebete baino gutxiagoan 200 txertoren garapena martxan jarri da, ehun baino gehiago daude entsegu klinikoetan gizakietan, eta berez ja hamar bat badaude martxan; nire ustez, ikaragarria da. Nik ez nuen espero; nik hedabideetan askotan esaten nuen: 'Ez dut uste abenduan txertoa egongo denik: ezinezkoa da'. Eta, begira: sorpresa. Txertoa daukagu, eta ematen ari gara. Egia da, eta aipatu behar da, hor oinarrizko ikerketa asko egon direla urte askoan», azaldu du. «Eta nik oinarrizko ikerketaren aldeko apologia egin nahiko nuke. Hemen aplikazioa ikusten da: txertoa. Baina zenbat urtean egon zen Katalin Kariko, RNA mezulariaren bidezko txertoon ama, lanean», nabarmendu du: «Eta zenbat kolpe jaso zituen, inork ez zuelako dirurik jarri nahi berak zituen ideietarako». Halako ikerketa motek berebiziko garrantzia dutela uste du: «Askotan aplikazioa egun batetik bestera ikusi nahi dugu. Nik askotan aipatzen dut: ikerketa proiektuak eskatzen ditugunean, esaten digute: 'Eta patentea zein izango da? Zertan aplikatuko duzue?'. Uste dute egun batetik bestera egin daitekeela, eta honek erakutsi du ezetz; denbora asko behar da oinarrizko ikerketa egiteko».

Txerto berrion onurak defendatzera egin du Galarragak ere. Horra erabakigarria izan daitekeen alde positibo bat: «Azkarrago birdiseinatu daitezke aldaerei aurre egiteko». Orain, argi du txertoen arloan arazorik larriena berekoikeriak eragindakoa dela: herrialde aberatsenek dosi ia denak beraientzat hartu nahi izanak. «Txertoak ez ditugu bideratzen ez Covaxen bidez [txertoak mundu zabalean era bidezkoan zabaltzeko nazioarteko programa], ez beste bideetatik beste herrialdeetara». Eta hor ikusten du erronkarik handienetariko bat: «Banaketa etiko eta berdina».

Etxean ere, txertaketarako plan aurreratuagoak nahi lituzke Basarasek. Kritikoa da, bereziki, bigarren dosia bermatu nahi dutela argudiatuta, dosiak gordetzeko hautua egin duten instituzioekin. «Hori ez da bidezkoa», deitoratu du. «Hasieratik esan dut: txertoak ailegatu ahala jarri egin behar dira. Txerto bat gordeta badago, ez du ezertarako balio». Bat dator Galarraga ere iritzi horrekin; txertaketa erei buruzko ikerketak gero eta ugariagoak dira, eta txertaketa ahalik eta azkarrenaren onurak egiaztatuta daude. «Lehenengo dositik babes oso handia ematen du txertoak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Donostiako aldirietako geltokia. ©Gorka Rubio / FOKU

Doako 92.236 abonu eman ditu Renfek Hego Euskal Herrian

Julen Otaegi Leonet

Duela hilabetetik doan bidaiatu ahal da Renferen aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan. Abonuen %86,75 aldirikoei dagozkie; gainontzekoak, berriz, distantzia ertainekoei.

Sansoheta auziko epaituak, epaiketaren lehen egunean ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Fiskaltzak hamalau eta 34 urte bitarteko zigorrak eskatu ditu 'Sansoheta auziko' hamar akusatuetatik seirentzat

Irati Urdalleta Lete

Orotara, hamar gizon eseri dira akusatuen aulkian, baina beste laurek aurreakordioa erdietsita daukate. Adingabeak galbideratzea, sexu abusuak egitea, adin txikikoen aurrean pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egitea egozten diete.

Thomas Perlmann Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Batzordeko idazkaria Medikuntzako Nobel Saria iragartzen ©Henrik Montgomery

Svante Paabo suediarrak irabazi du Medikuntzako Nobel saria

Berria

«Desagertutako hominidoen genomei eta giza eboluzioari buruzko» aurkikuntzak egiteagatik saritu dute Paabo.

Logroñoko espetxean sartu dute narkotrafikoarekin lotu duten ertzaina. ©Raquel Manzanares / EFE

Etxean 54 kilo kokaina zituen ertzaina espetxean sartu dute

Berria

Polizientzako modulu berezi batean dago, Logroñoko (Espainia) espetxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...