Ane Pescador.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Erresilientzia

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Osasunaren Mundu Erakundeak erabateko ongizate fisiko, psikologiko eta sozialeko egoera gisa definitzen du osasuna. Pandemiaren harira, biztanleriaren bizia aldatu egin da, eta osasun globalaren eta unibertsalaren zein oinarrizko eskubideen galerak eragin ditu. Populazioaren osasun mentala kaltetua ikusten ari da isolamenduarengatik, kutsatzearen beldurrarengatik, diru sarreren galerarengatik eta doluarengatik. Substantzia toxikoen kontsumoa handitu egin da, buru osasuneko zerbitzuen demanda handitzen ari da, eta populazio orokorrarengan insomnioa eta antsietatea bezalako asaldurak ugaritzen hasiak dira.

Pandemiaren testuingurutik at, osasun profesionalek asaldura psikologikoetan morbilitate tasa handiagoak dituzte, biztanleria orokorrarekin alderatuta. Hainbat ikerketatan ikusi da pairatutako estres emozionalak epe luzera eraginak eduki zituela osasun alerta sortu zuten SARS, Ebola edota MERS eritasunetan jardun ziren osasun profesionalengan.

Pandemia batean asko dira osasun profesionalengan estresagarri gerta daitezkeen faktoreak. Kutsatzeari beldurra edukitzea da faktore estresagarri nagusia (bai norberaren kutsatzea eta baita senideak eta lankideak kutsatzearen beldurra ere) antsietatearekin, insomnioarekin eta estres postraumatikoko egoerekin erlazionatzen da. Bestalde, arlo soziala eta kulturala daude; gizaki sozialak gara, eta sostengu soziofamiliarra ezinbestekoa dugu osasun mental egokia edukitzeko. Hainbat osasun profesionalek bakartzea erabaki dute pandemian zehar, haien gertukoak ez kutsatzearren, eta horrek eragin negatiboak izan ditu euren osasun mentalean; izan ere, isolamendua sintomatologia depresiboarekin erlazionatzen da. Azkenik, lantokiarekin zerikusia duten aspektuak daude. Pandemia egoeran estres psikologiko eta fisiko handiarekin dihardute lanean osasun profesionalek, hainbat unitatetan lanaldi luzeagoak egin behar izan dituzte, protokolo gogorrak zehatz-mehatz bete, edota norberaren babeserako ekipamenduekin berez estresagarriak diren lan teknikak egin, besteak beste. Egoera horiek guztiek distres psikologikoarekin erlazio zuzena dute.

Eta osasun sistemaren zein osasun langileen erresilientziaz hitz egiten da edonon; gizakiak gertaera traumatikoak eta ezbeharrak gainditzeko eta haiei esker aurrera egiteko duen ahalmenaz, alegia. Baina, agerian gelditu da erabateko erresilientziarik ez dagoela osasun sisteman, hutsuneak daudela eta, zoritxarrez, profesional asko eta askoren osasun mentalari gogorki kalte egin diela, eta, ondorioz, emandako kalitate asistentziala ere okertu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.