Dena ohikoa zen, eta ezustean pertsona multzoak gaixotzen hasi ziren, ordura arte ezezagunak ziren sintomak garatuz. Gaitzaren izenik jakin gabe, gaixotutako pertsonen kopurua handitzen joan zen; ohartzerako, mundu mailan hedatu ere egin zen. Adin tarte guztietako pertsonei eragin zien, heriotza tasa esanguratsuak sortuz. Zenbaitetan zaila izan zen gaitzaren datu zehatzen berri izatea, interesak zirela medio datuak eraldatuak eta isilduak izan baitziren
Gaixotuek sukar altuak, gorakoak, beherakoak, neke latzak eta pneumonia pairatu zituzten, besteak beste. Sintoma horietatik aparte, hilgarriak bilaka zitezkeen hamaika konplikazio ere jasan zituzten.
Herrialde batzuek bortitzago pairatu zituzten gaitzaren eraginak; esaterako, Mediterraneoko herrialdeek herrialde nordikoek baino bortitzago bizi izan zuten. Hirigune zehatzak, Madril esaterako, oso kaltetuak izan ziren.
Eta, behin zabalkuntza emanik, gaitzaren itsasoetan nabigatu beharra sortu zen, lehen olatua igo eta jaitsi, ostera bigarrena, eta hirugarrena... eskifaiak ur apaletan nabigatzeko bide egokia topatu arte, hedapena murrizteko baliabideekin jo arte. Kutsatu kopuruak gora eta gora, hildakoenak ere bai. Ekonomiaren gainbehera, gizartea kalakan, eta osasun sistemaren gabeziak geroz eta ageriago gelditzen joan ziren.
Honekin guztiarekin, neurri berriak hartzeko beharra hasi zen. Higiene neurri orokorrak ezartzea batetik, maskaren erabilera bestetik, baita konfinamenduak ere. Ekitaldiak bertan behera uzten hasi behar izan zuten, jaialdietatik hasita, hiletak bertan behera uztera arte.
Ez naiz COVID-19az ari. Aurreko paragrafoetan aipatutako datuek 1918 eta 1921 artean mundu mailan pairatutako gripe espainiarra deituriko pandemiari egiten diote erreferentzia. 40 milioi hildako baino gehiago utzi zituen mundu osoan zehar. Garai horietan egun mugitzeko dugun bizkortasunik ez zuten arren, mundu osora hedatu zen. Eta garai horietan kalte handiena egin zien herrialdeei egun ere kalte egin die.
Historia errepikatzen da, baita akatsak, giza kalteak eta baliabideen kalteak ere. Eta, txarretik aparte, ezer onik ere badu, haiek ikasitakoaz ikas dezakegulako, eta horren baitan ekin. Baina, batez ere, horren ilun ikusten dugun tunel honen amaieran argirik badagoela jakiteko balio digu. Haiek lortu zutelako, atera zirelako, eta guk ere berandu baino lehen egingo dugulako.

Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN
Eta ostera argia iritsi zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu