Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Zarata

2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baionako hipermerkatu batean musika isildua dute eta apaldua dute argia, autistengatik. Baina asko dira erabakia gustura hartu zutenak. Argi geratu da. Izan ere, musika aparatua izorratu zenean, egun batzuk pasatu zituzten batere musikarik gabe, baina makina konponduta musika berriz jartzen hasi zirenean protesta egin zuen jendeak; nahiago zuela isiltasuna. Eta halaxe egin dute. Hipermerkatuko zuzendariak dio: «Bereziki autistei begirako lote bat da: soinua kendu genuen eta argia apaldu, baina askok eskertzen dute, aitatxi-amatxiek, langileek... askok!».

Aurtengo udan, musikarik gabeko orduak egon dira hainbat herritako barraketan. Autistak izan dira horretarako arrazoi, baina herritar asko izan dira aukera hori baliatu dutenak hango buelta egiteko, dibertsio orduak ez daitezen estres ordu bihurtu.

Musikak hainbat erabilera terapeutiko eta onuragarri dituela ez dago zalantzarik. Autistekin ere baliatzen dituzte, noski. Baina, noiz da musika eta noiz da zarata? Gizarte batean bizitzeko besteen beharrak ere kontuan hartu behar dira. Aisialdia bizitzako atal garrantzitsu bat da denentzat, eta horregatik behar dute autistek ere gizartean integratutako aisialdi bat. Horretarako, baina, denen espaziotzat hartzen diren horiek «gehienen» espazio izateari utzi behar diote, eta benetan «denen» espazio izatera pasatu behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.