Azken hegaldira gogoz iristeko

Metrokoadroka antzerki konpainiak gaur emango du azkenekoz 'Zertarako hegoak', Donostian

Metrokoadroka konpainiakoak, Zertarako hegoak obra antzezten. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2015eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
BERRIAren proiektuari arnasa eta hegoak emateko sortu zuen Zertarako hegoak antzezlana Metrokoadroka Sormen Laborategia antzerkia konpainiak, 2013ko udaberrian, egunkariak 10. urtemuga ospatzen zuela baliatuz. Ia bi urteko ibilia egin du obrak, bi epetan banatuta, eta gaur emango dute azkenekoz, Donostiako Guardetxean, 22:00etan. Antzerki taldekoek ospakizun festa egin nahi dute azken emanaldiarekin batera, eta «superbotere absurduak dituen superheroiz jantzita» joateko animatu nahi dituzte ikus-entzuleak; «baina ez da derrigorrezkoa». Emanaldiaren ostean, Love Boat eta kX disko jartzaileak ariko dira.

BERRIAk berak bota zion amua antzerki taldeari, urteurrenaren harira antzezlan bat sor zezan. «BERRIAren ekimenez eta BERRIA buruan izanik sortu genuen Zertarako hegoak. Sekula ez zitzaigun horrelako zerbait idaztea bururatuko BERRIA tartean egon izan ez balitz», azaldu du Oier Guillanek, Metrokoadroka taldeko kideak eta antzezlanaren egileak.

Ainara Lasa BERRIAko marketin arduraduna ondo oroitzen da egitasmoaren ernamuina non egon zen: «BERRIAk babes eta laguntza handia jasotzen du irakurle eta sortzaileen aldetik, eta babes hori guk ere modu berean eskaintzea zen asmoa. Planteatu genuen urtemugaren ardatza kultur bira bat izatea». Baina sortzaileei plaza bat eskaintzeaz gain, beste pauso bat eman nahi izan zuen orduko hartan egunkariak: «Guretzat, BERRIA bada kultur eragile bat ere, eta polita iruditzen zitzaigun antzezlan bat sortzen laguntzea edo sustatzea».

2013ko apirilaren 12an eskaini zuten aurrenekoz Zertarako hegoak, Errenterian, Niessen aretoan, BERRIAk berak antolaturiko kultur bira horren barruan. Orotara dozena bat aldiz eskaini zuten antzezlana hiru hilabete eskasean. Birako azken emanaldia ekainaren 2an eman zuten, Donostian, Antzoki Zaharrean. Han jasotako indarrak bultzatu zituen ondoren antzezlana euren kabuz Euskal Herrian barrena erakusten jarraitzeko. «Emanaldi oso polita eta indartsua izan zen azken hura. Ordura arte biran denetik egon zen, beste antzezlan batzuekin gertatu izan zaigun bezala. Euskarazko antzezlanekin herri bakoitzak bere erantzuna izaten baitu».

Euren kasara Bilboko Kafe Antzokian hasi zuten ibilbidea, 2013ko irailaren 18an, eta orduz geroztik beste bederatzi alditan taularatu dute Zertarako hegoak. «Antzezlanak oso ondo funtzionatu du. Estreinatu eta ia bi urtera Gasteizko Baratza aretoan eta Azpeitiko Antzerki Topaketetan eman genuen, eta jende asko joan zen ikustera».

Komunitatearen zentzua

Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iraia Elias, Iñigo Ortega eta Joseba Roldan aktoreek taularatzen dute Oier Guillanek taldearen laguntzaz idatzi eta atondutako antzerki testua. Pertsonaietako batek leihoa zabal-zabal irekiko du, goizeko haize freskoa eta munduaren berri jasotzeko gogoz. Baina leihoa zirudien hura egunkariaren orriak izango dira, eta leiho horretatik jakingo du gizaki guztiek dutela superbotereren bat, zertarako balio duen oso argi ez izan arren. Hori du abiapuntua antzezlanak.

Enkarguz jaso zuten antzezlana sortzeko ideia. Eta abiaburu bezala planteaturiko kontzeptua zehatza eta irekia zen aldi berean, irekia baina zehatza. «Guretzat, garrantzitsua zen komunitatearen ideia. Orduan bete-betean ari ginen komunitatearen kontzeptua sustatzen. BERRIAk egiten gaitu, BERRIAk egituratzen gaitu. Hori planteatu genien, gero askatasunez nahi bezala gara zezaten», dio Ainara Lasak.

Lan egiteko modu hori, enkarguzkoa, «zaila» izan zen hastapenean, Guillanen hitzetan. «Estreinaldiaren egunean adinako urduritasunik ez dakit inoiz pasatu dudan. Enkargua egin dizun horrekiko konpromiso sentipen hori dago,eta BERRIAren kasuan bereziki presioa handiagoa zen, herri egitasmoa delako, euskalgintzaren munduan esanahi handia duelako eta irakurleek oso bere sentitzen dutelako egunkaria».

Metrokoadroka konpainiakoei ere ez zitzaien arrotza egiten komunitatearen ideia, hasieratik horren inguruan lan egin izan baitute. «Oso gurea den zerbait da, bai zentzu filosofikoan eta baita zentzu praktikoan ere. Antzerkia maite duen jende multzo handi bat gara, eta badakigu honetan jarduteko edo enpresa ikuspegi erabatekoan sartu behar dugula, edo bestela talde lanean aritu behar dugula, elkar laguntzen, edo trukearen eta auzolanaren filosofia zaharrean. Guk bide horri ekin genion. Oso utopikoa irudi lezake, baina era berean oso praktikoa da».

Guillan esker oneko sentitzen da BERRIArekin: «Konfiantza osoa eman ziguten. Eman zizkiguten ideia batzuk, eta geure kasa lan egiten utzi ziguten. Presioa ere bazen, baina gure lan egiteko modua hori da, arrisku txikiak hartzea eta ez merkatura begira egotea».

Ainara Lasa ere erabat esker oneko agertu da antzerki konpainiak egin duen lanarekin, eta hala azaldu nahi izan du BERRIA osatzen dutenen izenean. «Elkarlana ederra izan da, eta nabarmentzekoa taldearen eskuzabaltasuna. Elkarlan honen ondorioz, guk ere superbotere berriak ditugu».

'ZERTARAKO HEGOAK'

Antzerki taldea: Metrokoadroka Sormen Laborategia.

Non: Donostian, Guardetxean.

Noiz: Gaur, 22:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.