begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Psikopatak gu gaituk/n eta pixka batez gara hilik

2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bildu ziren Bilbon joan den larunbatean formatu txikian aise, libre eta sesiante dabiltzan hainbat euskal zinemagile. Gehi gure inguruetara behin baino gehiagotan arrimatu den Valentziako Alberto Vazquez, Bilbokoa eta Bilbon irudi irakasle den Pedro Riverorekin batera, hamaika sari lortu duten Birdboy eta Los Psiconautas animaziozko lan mardulak burutu dituena.

Bildu ziren bildu Alondegian, eta a zer barre karkarak entzun ziren han! Elkartu zen agertokian zinema jendaia, eta aupa! eta gora! hartu zuen besaulkietan zegoen jendaia-saldoak.

Suelto, bikoteka edo multzoka aurkeztu zituzten Fant Laburrean izeneko saila osatzen zuten 11 zinema puskak. Eta denetan eta bakoitzean deskubritu genituen joera, jarrera, eragin, jario, harrikada, amets, ameskeria, burutazio ehunka.

Deskubritu genuen, esaterako, zenbait egilerentzat euskal unibertso fantasiazkoa hezea dela. Iluna. Ospela. Arrea. Gauekoa. Eta gau horretan bizi diren izakiena. Defentsarik gabe, babesik gabe gara gu multibertso horretan, non Urtzik (Thor goiko eta Iparreko zeru jaunaren anaia, askoren ustez) aterpe hartu baitu kamino guztietatik at dagoen taberna batean.

Hozkirria, hozkirri atsegina, deliziosa nabaritu zuen edukiera mugatua mukuru bete zuen jendaiak Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua eta Xanti Rodriguezen Ospel horiek ikusterakoan, dastatzerakoan. Hozkirria eta beldurra erraietan, ez baikenuen Azkuna zentroan eskura gure arima, azienda eta etxea salbatuko zituen eguzki-lorerik.

Beldurrez, ikaraz, dardaraz ginela, zonbiak agertu ziren pantailan. Zonbi-zonbiak eta zonbi izateko prozesuan zeuden bi. Uxatu genituen izu printzak. Gosez ginen, goseak akabaturik. Zer edo zer jan beharrean geunden. Giza haragia balitz, hobe. Erik Campos Garcia zen gure zazpi egunetako gosearen kulpante alaena. Egiari zor eta errespetuz: bere Si te mueres te mato-ren 17 minutuetan baino ez ziguten iraun tripetan eragindako minak eta burrunbak.

Sinetsi ala ez, amodiozko istorioa da Eriken jukutria majoa. Zonbi bilakatu diren bi gizakiren artekoa. Elkarri egiten diote, trauskilkeria eder galant horretan, beldurrezko zinema serio eta tragikoan behin eta berriro sinaturiko juramentua: hiltzen bazara, hilko zaitut. Ederki dakigu Donostiako beldur eta fantasiazko akelarreetan, Bilboko Fant-eko meza beltzetan eta Sitgesko San Sebastian kanposantuan beilan gabiltzanok gure uni/multi/bertsoan Herioa ez dela, inoiz ere ez, inon ere ez, inola ere ez, Amaia.

Ez hilik ez bizirik geundela (Schrodingerren katua bezala) agertu zitzaigun pantailan Iñaki Altolagirre definiezina. Bera zen, bera da zinez eta zinemaz hain ondo mimatua den Aitor Mendilibarren eta Ibon Goikoren Irten barrura aldrebeskeriaren izarra. Protagonista, pertsonaia eta soinu bandaren demiurgo goreneko eta hardcorea.

Kristorenak zituen, ditu, filmak goitik hartutako plano beltzak, eta ordainezina da Irunberriko belarretan landaturiko telefono kabina (bai, zeharo ohikoa da film labur kuantikoetan telefono kabinak soroetan landatzea, ez pentsa...).

Aurrera (eta atzera) egiten zuen emanaldiak. Donostiako Larrotxene kultur etxean zinema eskarmentu polita hartuak diren ameslari batzuek (Juanmi Cuesta zuzendari lanetan, Amaia San Sebastian gidoigile...) eskaini ziguten beren Bombardeo. Amaiak esanda, hauxe duzue, kideok, lau lagunek egin dezaketena hiru sos txikirekin eta bi lokalizazio gunerekin. Ba, nahiko. Bastante. Dexente. Kotxe bat, irratia piztuta, eta gasolindegian ahazturiko panpina...

Minutuak baino ez ziren falta etxeratze agindurako, baina Azkuna zentroa hustu aurretik, Alberto Vazquezen Homeless Home-ren tristezia hurrupatu behar genuen. Tinta beltz-beltzaz tindaturiko labur honetan, orkoak, sorginak eta piztiak dolutan, minetan dira aterpe (edo) duten eremu estrainioan. Denek dakite egia (edo gezurra), gaztelaniaz Galiziako doinuz mintzatzen den zezentzar itxura duen abereak izan ezik. Piztiaren hitzetan, «pixka bat hilik sentitzen naiz».

Gu bezalaxe. Izua, terrorea, gaueko auzoak bidelagun ditugunok, beti sentitzen gara pixkatxo bat hilik. Eta gozoa da sentsazioa. Zin dagizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.