Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Utzi bertan!

2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ez naiz ulertzen saiatzen nire ulertzearen gorabeheran ez dauden auziak. Are gutxiago, nire ulermenean sartzen ez direnak. Ilunean sakonduz, ilun gehiago bakarrik aurkituko duzu. Galdera batek ez du funtsezkoa izan beharrik mendeetan errepikatu delako. Esan nahi du, seguruenik, galdera funsgabea dela. Aizu, nola esplikatzen da...? Utzi bertan! Hemen ez da behar merkuriozko zapatarik. Zorte handia da, noski, egiazko baretasun bat lortzea, funtsez nahiz funts gabe, mundu honetara mugatzen deino. Harago nahi dutenei ondo joatea opa diet, detaileetan sartu gabe.

Eternitateaz ez naiz arduratzen, bai baitakit bertara itzuliko naizela. Bitartean, ez dut maite neure buruaren bila inora joaterik. Beldur naiz, ni iristean, bera joana izango dela handik. Zorionez joana, bestalde, zeren han aurkituz gero, dezepzioa errepika bailiteke. Hori ere ez litzateke tragedia bat. Dezepziotik dezepziora pozik bizi naiz. Dezepzio bakoitzak itxaropen bat izan du. Garbi esanda, nire amets gehienak sasira joan dira, baina amets izan dira.

Bere burua aurkitu nahi duenak kokapen bat esan nahiko du. Altuagoa, nonbait ere. Esango dizu ez zela ari toki baten bila, bere pertsonaren bila baizik. Orduan norbait inportanteagoa esan nahiko zuen, zaila baita inor hastea nortasun kaskarrago baten bila. Orain arte, bere ahalguztiak ere ezin izan du Jainkoa bakartasunetik libratu.

Hala ere, zer gehiago nahi zenuke zeuretzat ahalguzti eder bat baino, konformitate iraunkor batera iristeko? «Iraunkor» esatean, zerbait «betikoa» ulertu nahiko duzu, jakina. Hala gerta baledi, ez ahaztu ez zarela bakarra, betirauna gozatu edo pairatu beharko duena. Denak ala inor ere ez. Ba, zortea opa dizuet dileman. Nik egingo dut modua bazterrak ikusten geratzeko. Arrarotasun tenporalak gerta daitezke, baina arrarotasun eternalak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.