KRITIKA. Opera

XX. mendeko melodrama

2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun

'Il Masnadieri'

Ahots taldea: AquilesMachado, Marta Torbidoni, Vladimir Stoianof, Mika Kares. Bilboko Operaren Abesbatza. Eszena zuzendaritza: Leo Muscato. Musika zuzendaritza: Miguel Angel Gomez. Musikariak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregian. Eguna: Urriak 24.

Beste urteetan baino apalago hasi da OLBEren opera denboraldia, Giuseppe Verdiren Il Masnadieri (Bidelapurrak) obrarekin —Friedrich Von Schillerren eleberrian oinarritutakoa—. Verdik bere opera gauzatzeko, melodrammaren moldea hartu zuen; aitoren semeak protagonista jarrita, eta muturreko erromantizismoa baliatuta —patuak, halabeharrez, pertsonaia nagusi guztiak hiltzen ditu—. Estiloaren aldetik, berriz, askeago ibili zen aria eta caballeta jokoetan. Verdiren ibilbidean erdibideko lana da, eta Bilbon kalitatez eskaini dute oraingo honetan.

Esaterako, Leo Muscatoren eszenografia ildo minimaletik joan da, zeharo baztertuz, adibidez, Friedrich margolariaren paisaia erromantikoak. Damaskinatuen moduko atze-oihalak jarri ditu Muscatok goitik behera eskegita, biribil formak eginez agertokiko esparruan, horren bidez basoaren eszenak edo jauregiarenak irudikatzeko. Atrezzoko osagai bakarrak zuhaitzak ziren lehen kasuan eta besaulkiak bigarrenean. Argi dago pertsonaien tragediara gidatu nahi dutela arreta osoa, eta horretarako argiak abeslariengana edo ondoko konpartsetara —lapurrak kanpoko eszenetan etazerbitzariak barrukoetan— zuzendu dituzte. Gure aldetik, ontzat eman dezakegu indarra Verdiren musikan jartzea. Merkeagoa ere bada.

Kantuaren alorrean, Aquiles Machado tenorrak —Carloren rolean— mailari eutsi dio errezitatiboetan eta azken eszenetan, baina arazoak izan ditu ahotsa kokatzeko hasieran, eta batez ere, sopranoarekin izandako maitasunezko duoan. Aldiz, ustekabe atsegina izan da Marta Torbidoni soprano ordezkoak egin duen kantaldi ziur eta erregularra Amaliaren rolean. Hasierako Lo sguardo avea degliangeli-n adierazi du bel canto-aren tresnak —maiteminduaren baliabideak—oso ondo maneiatzen dituena, eta ondorengo duoetan zein arietan ahots polit, zabal eta afinatua atera du publikoaren gusturako.

Asko gustatu zaigu ahots grabeen kantaldia ere: Vladimir Stoianof baritonoak gaiztoaren rol sinesgarria irudikatu du tauletan, eta akats gabeko abestaldia burutu du.

Mika Kares baxuak jaso du publikoaren txaloaldirik handiena. Aitaren rola betetzeko, beluzko ahotsa, tinbre atsegina eta lerro-kantu zuzena haizeratu ditu, gehienetan etzanda kantatu arren. Particela laburragoetan Juan Antonio Sanabria tenorrak, Petros Magoulas baxuak eta Alberto Nuñez tenorrak ondo bete dituzte lanak, bai tauletan bai kantuetan. Bilboko Operako Abesbatzako gizonezkoek gehienetan ahots bateratuez eta ederto abestu dute, bidelapurren gupida gabeko izaera adierazteko.

Miguel Angel Gomez Martinez musika zuzendariak mimatu egin ditu abeslariak bere arreta guztiarekin ferekatuz. Haren eskuetan eta keinu orokorrekin bakarrik, Bilboko Orkestra Sinfonikoak distira egin du Verdiren partitura indartsua errealitatera ekartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.