Sagardogintza

Ahots gazte bat sagardo berriari

Astigarragako Alorrenea sagardotegian abiarazi dute 2020ko txotx garaia, eta Izaro Andres kantaria arduratu da hasiera emateaz. Guztira 12 milioi litro ekoiztu dituzte, eta sagardo «orekatua» dela adierazi dute.

Dantzariak. Txalapartarien deiarekin batera dantzatu zuten sagar dantza. Gero, sokadantza eere egin zuten sagardotegi barnean. GORKA RUBIO / @FOKU.
Nagore Arin.
Astigarraga
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun

Urduritasuna antzematen da Izaro Andres abeslariaren aurpegian; urduritasuna eta ilusioa, proportzio berean. Abeslaria arduratu da Astigarragako (Gipuzkoa) 2020ko txotx garaia inauguratzeaz, eta, paradoxikoa izan daitekeen arren, ez du alkoholik edaten. «Gure sagardo berria!» oihu eginda eman dio hasiera txotx garaiari. Alorrenea sagardotegian izan da ospakizuna, eta, urtero bezala, txalapartarien deiarekin batera iritsi da sagardo berriaren garaia.

Sagardotegiaren atarian egin dute sagar dantza: sagardozale, gonbidatu eta kazetari andana bildu da ekitaldira, eta kantuan eta dantzan sartu dira barrura. Goizean sagardo berriaren nondik norakoak azaldu dituzten ordezkariak ere mugiarazi dituzte dantzariek, tartean Izaro Andres. Sokadantza amaitzean gerturatu da abeslaria kupelera: edalontzia eskuetan, sagardoz bete, eta lehen zurrutada edan du.

Joan den urtean eginiko lanaren emaitza da abeslariak dastatu duen sagardoa. Edariaren atzean dagoen lan horren guztiaren adierazgarri da goizean landatu duen sagarrondoa. Astigarragako Sagardoetxean egin du, eraikinaren alboan dagoen sagastian: aitzurra eskuetan hartuta landatu du zuhaitza, «naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena» irudikatuz. Bertan izan dira Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu bertsolariak, Izaro Andresen jardunari doinua eta errimak jarriz.

Bertsolaria izateaz harago, sagardogilea ere bada Laburu, eta gertutik bizi du sagardogintzaren kultura: «Askotan egon izan gara egun honetan, baina aurten izan da lehenengo aldia bertsotan egin duguna. Ez da bertsotarako plaza bat, baina, astigartarra izanik, ohore bat izan da hemen egotea». Gaztelumendik, berriz, bigarren urtea du: «Sagardotegi giroak beti izan du lotura bertsolaritzarekin. Hala ere, txotx garaiak hartu duen handitasunarekin, zaila da bertsotarako pausa bat hartzea». Bi mundu horien arteko loturei buruz abestu dute bertsoaldian. Xabier eta Jokin Mariezkurrena aita-semeak aipatu ditu Laburuk; Alorrenea sagardotegiko jabeak dira: «Xabier eta Jokin, semea ta aita/ parean dauzkagunez, nahi nituzke aipa/ sagardoa zerbitza, sagardoa maita».

Familiako semerik zaharrena da Jokin Mariezkurrena, eta, adierazi duenez, «oso egun berezia» da Txotx garaiaren inaugurazioa: «Lan handia dago kupel hau ongi irekitzearen atzean. Irekitzeko ardura niri uztea eta aita alboan izatea berezia da. Biok ibiltzen gara lanean, jo eta su, eta egun honi aurre egiteak eta kupela nik irekitzeak ilusioa egiten dit».

Sagardogintzarekin harreman zuzena duen jende ugari bildu da, baita sagardoarekiko harreman hori garatzen ari den jendea ere. Alice Glareren kasua da hori, eta Australiatik etorri da. Erresuma Batuan, Italian eta beste hainbat txokotan izan da sagardogintza bertatik bertara ezagutzen, eta, Australiara itzuli baino, lehen Euskal Herritik igaro nahi izan du, kultura gertutik bizitzeko: «Etortzen naizen lehen aldia da; entzun izan dut zerbait hemengo giroaz, baina ez dut inoiz bertatik bertara ezagutu: izugarria eta liluragarria da». Australian sortzen eta garatzen ari da sagardogintza: «Zerbait berria da: azken bost edo hamar urteetan garatu da gehien, eta hazten ari da. Ereduak izan daitezkeen erreferente bila etorri naiz, gero ideia horiek Australiara eramateko. Tradiziorik izan ez dugunez, geure kabuz sortzen ari gara tradizio hori». Liluratuta eta harrituta mintzo da giroari buruz: «Oso atsegina da jendea irekiera ospatzen ikustea: kantua, dantza, janaria, edaria... Guztia biltzen duen ospakizun bat da».

«Sagardo orekatua»

Eguerdian eman dituzte 2019ko uztaren, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak. Ohikoa denez, Sagardoetxean egin dute aurkezpena, eta ordezkari ugari elkartu dira; haien artean izan dira Unai Agirre eta Nere Lizeaga. Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren kudeatzailea da Agirre, eta, adierazi duenez, 2019. urteko uztarekin hamabi milioi litro sagardo ekoitzi dira Euskal Herrian; 8,5 milioi bertako sagarrarekin. Kopuru horretatik hiru milioi litro ekoitzi dituzte Euskal Sagardoa jatorri izenean. Haren iritziz, ekoizpena hazten ari da urtez urte, baina merkaturatzean jarri behar dute arreta.

Ezaugarriei so, heldutasuna iaz baino apur bat geroago etorri dela azaldu du Lizeagak, Sagardoaren Lurraldeko sagardogileen ordezkariak. Azukre gutxiago duenez, alkohol ehuneko txikiagoa du. Hauek dira sagardo berriaren beste hainbat ezaugarri: «kolore alaiagoa» du, usain garbikoa da, maila karboniko ona du, eta, oro har, «sagardo oso orekatua» da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.