Durangoko 56. Azoka. Aurrez aurreko azoka

Berriro ere topagunea da

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

Sarrera. Landako gunearen sarrera nagusitik joan dira sartzen bisitariak Durangoko Azokara. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Liburuak, diskoak eta kartoizko kutxak baziren iaz Landako Gunean, baita Durangoko Azokako langile eta boluntarioak ere. Baina ez salmahairik, ez sortzailerik, ez bisitaririk; pandemiaren ondorioz, online bidezkoa izan baitzen azoka. Aurten, baina, denda birtualari eusteaz gain, jendearentzat berriro ireki ditu ateak, zenbait neurriren pean bada ere. Eta berriro egin dute topo bertan bisitariek sortzaileekin eta aurtengo kultur uztarekin. Presentziala izatera itzulita, ohiko topagune izaera berreskuratu du azokak.

Antolatzaileek aurrez jakinarazi zuten moduan, azokara sartzeko izena eman beharra dago aurten. Bost txanda izango dira egunero, eta 1.200 lagun sartu ahalko dira gehienez bakoitzean. Horiek ordu eta erdi izango dute barruko 219 salmahaiak bisitatzeko. Tarte hori bukatuta, gunea jendez hustu eta ordu erdiz itxiko dute aldiro, hurrengo txandako bisitarientzat berriz atzera irekitzeko.

Atzo, Landako Guneko bi ate nagusiak 10:00etan ireki zituzten antolatzaileek. Ordu horretarako lekua hartua zuten asko bertan ziren zain, lau ilaratan banatuta, eta pixkanaka helduz joan ziren beste batzuk. Ordua sakelako telefonoan zeramaten ia denek, eta,atean ziren boluntarioei erakutsita, barrura sartuz joan ziren. Ez zen ilara luzeegirik osatu, martxa onean joan baitzen sartzea. Izan zen txertoa han jartzen ote zuten galdetzera bildu zenik ere, Julen Errastik anekdota gisa irriz kontatu duenez. Durangoko Jesuitak ikastetxean egiten du lan, eta, dozena bat lankiderekin batera, boluntario aritzera animatu da aurten. «Bakoitzari zereginen bat eman digute, eta guri kanpoan egotea egokitu zaigu, jende ilarak kontrolatzen». Jendeari maskara ongi jantzita eramateko eta izen ematea erakusteko prest izateko gogorarazten aritu ziren. «Oso ondo joan da; hasieran, jendea pilatu da ilaretako batean, bakarra zegoela pentsatuz-edo, baina gero dena oso ondo joan da. Aplikazioa ere oso ondo dabil».

Ordu horretarako txanda hartua zutenen artean zeuden Urko Aurtenetxe eta Eunate Bustinza. Zornotzatik (Bizkaia) heldu ziren Landakora, eta lasai zebiltzan korridoreetan zehar. Aurtengo sistema «erosoa» iruditu zaie biei. Baita bisita egitean ere. «Batzuetan, jende larregi egoten da, eta gauzak ikusteko, behintzat, askoz ere hobeto horrela». Buruan zekartena laster topatu zuten, eta 40 minutu aski izan zituzten nahi zituzten produktuak erosteko.

Mahaiaren beste aldean, Elkar argitaletxearen erakuslekuetako batean zeuden Antxiñe Mendizabal eta Lander Irizar. Eta azokaren lehen orduak izanagatik, gustura zebiltzan jendearen martxarekin. Mendizabal: «Atzo [herenegun], prestaketetan ari ginela, ez genekien zer gertatuko zen, baina pozgarria da; beste itxura bat du azokak, baina jendea dabil, eta hori da inportanteena». Jende pilaketarik gabe ere, eta lehen orduak izateko, salmentekin ere gustura zegoen. «Ikusten da jendea begiratu eta erostera etorri dela. Jendea lasai begiratzen eta galdetzen ari da, eta erosten ere bai». Haiek ere bisitariei harrera egiteko asti handiagoa dute era horretan. Aurreko urteetako jende gutxiko tarteen edo jende askoko kolpeen aldean, jario erregularragoa izango dela ere aurreikusten du. Bestalde, online denda ere martxan denez, egunean behin hartarako zein eskaera izan dituzten jakinaraziko dietela azaldu du Irizarrek; iluntzeko tartean prestatuko dituzte horiek. «Bi salmentei kasu egin beharko diegu; nahiz eta ziurrenik ez den horrela izango, ea bien arteko batura azoka normal batekoa den».

Megafoniatik oharra entzun da aurrez, hartutako neurriak gogorarazi, eta arduraz jokatzeko eskatuz. Eta berriro entzun da ahots bera bozgorailuetatik gero, gunea husteko ordua heldu dela jakinarazteko. Badoa jendea poliki-poliki kanporantz, eta isilago geratu da gunea tarte batez. Baina laster hasi dira ilaratik barrurako bidea hartzen eguerdiko txandako bisitariak. Eta bete dira berriro korridoreak; ez aurreko urteetan adina, baina bai azokari ohikoagoa duen itxura bat emateraino.

Kantitatea eta kalitatea

Proiektu batekin edo bestearekin, hainbatetan izana zen Pello Reparaz aurrez Landakon. Zetak taldearekin «azoka bakarraz gozatu» ahal izan zuen orain artean, baina bertan zen atzo berriz ere, Zeinen ederra izango den diskoaren edizio bereziarekin. «Guretzat ezinbesteko heldulekua da Durangoko Azoka, eta aurten berriz hona presentzialki etortzea, zaleekin aurrez aurre egotea, hitz egitea, ezagutzea eta sinatzea —eta, gainera, aurten are denbora pixka bat gehiagorekin—, gauza ederra da. Itxaropen izpi indartsu bat eta aurrerapauso bat balitz bezala bizi dut». Txandengatik kopuruz jende gutxiago ibili arren, tarte handixeago hori izatea eskertzen du berak. «Alde horretatik ere, ongi dago txarrenari onena ateratzea».

Txakur Gorria sormen kolektiboaren salmahaian ziren Mariñe Arbeo eta Ane Labaka. Eta haiek ere pozik aurrez aurreko azokara itzultzearekin. Arbeo: «Guretzat beti izan da oso berezia, ze hemen hasi ginen, eta, orduan, ilusio handia genuen». Gunea husten den tarteak egin zaizkio arraroak berari. «Baina, bestalde, jendearekin kontaktu hori edukitzea, jendearekin egotea... ederra da». Bisitariekin lasaiago egoteko tartea izan dutela sumatu du berak ere. «Lehen aurrealde hau dena beteta egoten zen, agian hiru ilara izaten ziren iristeko, eta han atzetik beste lagun bat agurtzen... Orain, lasaiago dago. Jende asko, horretarako tarte bat duenez, zer erosi nahi duen pentsatuta dator, baina ikusi nahi duenak aukera handiagoa du denbora gehiago pasatzeko».

Leire Bilbao idazlea liburuak sinatzen zebilen Susa argitaletxearen mahaian, eta berarentzat ere pozgarria da aurrez aurreko azoka egin izana. «Gauza ederra da berriro ere irakurlearekin gertuko harreman hori edukitzea. Zirkunstantziak zirkunstantzia, hemen gaude berriro ere, eta espero dugu datorren urtean osorik egotea, baina ez dugu etsi, eta Durangoko Azokak irauten du zutik». Aurreko urteen aldean jende gutxiago egoteari alde onik ere aurkitu dio berak. «Egia da kopurua igartzen dela, lasaiago gabiltzala pasilloetan barrena, eta datorren jendea erosteko gogoz datorrela, interes handiarekin. Arnasagehiago dago, eta kantitatea bitxia da, baina kalitatea ona».

Gorabeherarik gabe

Antolatzaileak pozik agertu ziren atzoko egunak izandako bilakaerarekin, gorabeherarik gabe joan zela nabarmenduta. Bost txandetako lau bete egin zirela jakinarazi zuten, baina bazebilen jende ugari bestean ere.

Gaurko bost txandak ere beteta daudela adierazi dute. Denda digitalak martxan jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.