Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Erakustaldiaz harago

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'Blind Spot'



Zuzendaria: Tuva Novotny. Aktoreak: Pia Tjelta, Anders Baasmo Christiansen, Oddgeir Thune, Per Frisch, Marianne Krogh. Herrialdea: Norvegia. Iraupena: 102 minutu.

Film osoa plano-sekuentzia bakarrean egitea planifikazio milimetrikoa eskatzen duen erabaki ausarta da. Are gehiago istorioa ez denean espazio itxi eta bakar batean gertatzen, eta pertsonaiak —eta haiekin kamera— hara-hona mugitzen direnean. Arrisku handiko hautua da, eta ez bakarrik alderdi teknikotik, baizik eta, batez ere, artistikotik.

Izan ere, muturreko baliabide hau askotan birtuosismoaren izenean erabili izan da, erakustaldi moduko bat egiteko —kasu bakarra aipatzearren, hor da Iñarrituri horren errentagarria atera zitzaion Birdman—. Zorionez, Blind Spot-en ez da gauza bera gertatzen, eta, oraingo honetan, forma primeran egokitzen zaio kontatu nahi den horri. Hala, ikuslea gertatzen ari denaren lekuko zuzena bihurtuko da, denbora errealean, bestelako apaingarririk gabe.

Horrekin, Tuva Novotnyren pelikulak gorantz joanen den tentsioa ongi transmititzen asmatzen jakinen du. Hasierako normaltasunari tartea eskainiz, zerbaiten esperoan egonen da ikuslea, deseroso. Gertatzean, errealismoak segituko du nagusi izaten, eta ongi marraztutako pertsonaien bitartez kolektibotik asko duen drama pertsonal gordin baina neurtua garatuko du.

Erantzunak ez, galderak planteatzen dituen filma da Blind Spot, modu zuzen eta bortitzean edonoren bizimoduan sartzen ahal den ustekabeko baten bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.