KRITIKA. Performancea

Funtsezko kontuak

¿Hay alguien ahí? obraren irudi bat. BERNARD LHOMME / BAD JAIALDIA.
Agus Perez.
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun

'¿Hay alguien ahí?'eta 'Pugna'

Konpainiak: Legaleon-T / Kolectivo Monstrenko eta Node. Lekuak: Bilboko La Fundicion eta Campos Cupula aretoak. Datak: Urriak 17 eta 20.

Bilboko BAD jaialdian bi euskal konpainiaren erabateko estreinaldiak ikusi ditugu azken egunotan. Fundicion aretoan Irungo eta Genevako (Suitza) Legaleon-T eta Gasteizko Kolectivo Monstrenko konpainiak elkarlanean aritu ziren ¿Hay alguien ahí? (Inor al dago hor?) aurkezteko, eta horrela izan dugu Espe Lopezen eta Txubio Fdez. de Jauregiren ahalmen eszenikoaz berriz ere gozatzeko parada.

Beren ohiko estiloari jarraituz, funtsezko auziak planteatu zituzten, zintzotasun eszenikoa nagusi, publikoarekin kontaktu hurbilean eta umore existentzialez edozer gauza zipriztinduz. Une batzuetan hainbat galdera sakon entzun ziren Espe Lopezen off-eko ahotsean —galderok euskaraz izan zitezkeen, ahalegin handirik gabe—, eta bai haietatik bai planteamendu eszenikotik kontu nagusi bezala ondorioztatzen zen munduaren ustezko koherentzia auzitan jartzeko borondatea.

Bien jarduera eta presentzia fisikoaz gain, ganora osoz erabili ziren performance eran disposatutako objektuak eta elementuak, eta dramaturgian pisu nabarmena hartu zuten bideo-kamerarekin hartutako irudiek, beste irudi proiektatu batzuek eta, batez ere, zenbait dioramatan planteatutako egoera poetikoek.

Igandean, Donostiako Node konpainiak Campos antzokiko goiko aretoan aurkeztu du Pugna (Norgehiagoka). Performance bezala har litekeen lan honek dantza, musika, antzerkia eta bideo-irudiak elkartzen ditu, eta bere lurraldea bilatzen ari den taldea gizonen arteko amodioaren gorabeheretan oinarritu da sumisioa eta menderakuntza bezalako gaiak planteatzeko.

Bide horretatik, hiru gizonen esku geratu da interpretazioa, Ion Estalaren gidoiarekin eta haren zuzendaritzapean. Estalaren gogoetak euskaraz eta gaztelaniaz entzun dira Ivan Aizpuruaren ahotan, eta Ruben Albeldaren esku geratu dira mugimenduzko pasarte ugariak. Albelda Antzinaro klasikoaren estiloko soineko beltz batekin agertu da, eta gizonen arteko erotismo esplizituko pasarteak —esplizituegiak askotan— interpretatu ditu, bere gaitasun atletikoan oinarrituta. Bitartean, bere bikote antzeztua —Aizpurua— ia biluzik zegoen, eta eszenako hirugarrena —musikaria— gona beltz batekin jantzi da, soina agerian utzita.

Atzeko pantailan proiektatzen ziren irudiek ahalmen poetiko handia zuten batzuetan —hasierakoak eta amaierakoak bereziki—, baina beste batzuetan nolabaiteko betelan itxura hartzen zuten. Azkenik, Serrulla izeneko interpretearen musika izan da lan honetako osagairik asmatuena. Bere musikak asko du elektronikatik, kontakizun eszenikoa gidatu du, after eta trance ukitu bikainak izan ditu han-hemenka eta, gainera, musikariak berak aberastu du soinu-banda bere ahots sanpleatuarekin eta gitarra nahiz perkusio elektrikoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.