Liburuen gerizpean, Zarautzen

Gaur amaituko da Literaturia, Iñigo Astizen eta Jon Basagurenen emanaldiarekin. Bederatzi argitaletxe parte hartzen ari dira azokan. Hamasei liburu berriren aurkezpenak izango dira Ahotsenearen egitarauan.

Lander Majuelo Igela argitaletxeko editorea, Anjel Lertxundi idazlearekin hizketan, atzo, Literaturiak antolatu duen liburu azokan. JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
Zarautz
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Euskarazko literaturari bakarrik eskainitako plaza eta azoka da Literaturia. Euskal letren benetako neurria eta distira erakusten dituelako dauka berebiziko garrantzia. Larrabetzun (Bizkaia) 2009an egin zen lehentze, eta Zarautzen (Gipuzkoa) egiten da 2014. urteaz gero.

Literaturiaren hamahirugarren aldia Lutxo Egiaren Itzalak hitzaldi jolasti eta zirikatzailearekin abiatu zen, ostiral arratsaldean, Modelo aretoan. Ondoren, iluntzean, Sugarren mende ikusgarri dramatizatua eskaini zuten; irudia, musika eta antzerkia uztartuz, Asisko Urmenetak taula gainera egokitu zuen komikia.

Atzo 11:00etan tanko zabaldu ziren Literaturiako liburu azokaren ateak. Lege Zaharren enparantzan altxatutako karpa zuri handi baten gerizpean, bederatzi argitaletxeren mahaiak liburuz beteta ageri ziren: Alberdania, Ataramiñe, Elkar, Erein, Gure Berriak, Igela, Maiatz, Susa eta Txalaparta.

Egun eguzkitsua eta beroa izan zen, eta halakoxea suertatu zen azokako giroa ere, jendez mukuru: familiak haurrekin, idazle andana, irakurleak eta erosleak.

Azoka eremuaren barnean, gibeleko aldean kokatuta dago Ahotsenea, oholtza txiki bat ezkerrean eta aurrez aurre entzuleentzako aulkiak. Hantxe egiten ari dira argitalpen berrien aurkezpenak.

Agus Perezek Aititaren betaurrekoak liburuan bildutako antzerki kritikez jardun zuen; Aiora Jaka itzultzailea Juliana Leveille Trudelen Nirliit eleberriaz mintzatu zen; Adriano de Matak bere lehen nobela azaldu zuen: Sanrokeetarako, etxean.

Jarraian, Irati Jimenezek Ogia eta zirkua saiakera plazaratu berria aurkeztu zuen, Harkaitz Canoren Neguko zirkua ipuin liburuaz diharduena. Eta Uxue Alberdik Hili haurrentzako albuma erakutsi zuen, Araiz Mesanzak dotore ilustratua.

(H)ilbeltzari gorazarre

Literaturian urtero laguntza ematen jarduten dute (H)ilbeltza literatura beltzaren jaialdiko adiskide baztandarrek. Atzo eguerdian omenaldia egin zieten. «Literaturia erreferente bat izan da euskal literaturgintzan», azaldu zuen (H)ilbeltzako Ane Cuesta Muguruzak. «Hasmentatik Literaturiako kideekin harreman estua izan dugu, elkarlanean aritu gara, arras lagungarria eta aberasgarria izan da guretzat. Modu pertsonalean bizi izandako hori orain talde gisa gozatzen jarraitu dugu, eta urtero etorri gara Zarautzera. Eskertzen dizuegu (H)ilbeltzari jendaurrean egiten diozuen aipamen hau. Gure lana estimatzeak eta kontuan hartzeak animatzen gaitu aurrera jarraitzeko».

Gorazarre ekitaldia profitatu zuen Cuestak iragartzeko hurrengo (H)ilbeltza literatura jaialdia 2022ko urtarrilaren 24tik 30era bitarte egingo dela Baztanen. Eta, gainera, iragarri zuen Literaturian gaur, igandea, (H)ilbeltzaren ekitaldi batez gozatzeko aukera izango dela: Aitziber Zapiainek gidatuko duen Itzalekoak ibilaldi dramatizatua. Goizeko 11:00etan abiatuko da, Musikaren plazatik.

Ahotsenean liburu berriak aurkezten segitu zuten arratsaldez. Jon Gerediaga Dama antzezlanaz aritu zen; eta Gaizka Sarasola, Zerrakuretan obraz. Enara Garmendia bi liburuz mintzatu zen: EtxetikAmeriketara eta Hiru gara, baina niri bost. Yolanda Larreategik haurrentzako Ur eta Lur aurkeztu zuen. Xabier Lizardiren jaiotzaren 125. urteurrenaren karietara, Bihotz-begietan liburuko olerkiak gaurko grafiara aldaturik argitaratu ditu Susak.

Dom Campistron idazle eta marrazkilariak Bekatorosak ikuskizuna eskaini zuen Maindi Murua eta Andoni Egaña bertsolariekin. Afalostean, Joseba Tapiak eta Gotzon Barandiaranek Apoaren itzala estreinatu zuten kantuz, testuz eta trikitiz.

Gaurko egitaraua

Azoka 11:00etan zabalduko dute gaur ere. Liburuak aurkezten ariko dira Josu Zabaleta eta Amaia Apalauza itzultzaileak eta Eric Dicharry, Patri Urkizu eta Bertol Arrieta idazleak.

Mireia Delgadok Hitzak josten ipuin kontaketa egingo du 11 urte arteko haurrentzat. Segidan, Galtzagorri haur eta gazte literatura elkarteari omenaldia egingo zaio.

Arratsaldean, Iñigo Astizen eta Jon Basagurenen Oraindik, orain eta oraingoz poesia eta musika emanaldiarekin amaiera emango diote aurtengo Literaturiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.