Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Printzearen arazoak

<em>El príncipe constante</em> antzezlaneko eszena bat.
El príncipe constante antzezlaneko eszena bat. SERGIO PARRA / ARRIAGA ANTZOKIA Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2021eko maiatzak 11

'El príncipe constante'

Konpainia: Compañia Nacional de Teatro Clasico. Egilea: Pedro Calderon de la Barca. Zuzendaritza, bertsioa eta musika: Xavier Alberti. Dramaturgia: Albert Arribas. Eszenografia eta jantziak: Lluc Castells. Argiak: Juan Gomez-Cornejo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzak 9.

Arrakasta handiz eta lau egunez programatu da Bilboko Arriaga antzokian Calderon de la Barcaren El príncipe constante. Espainiako Compañia Nacional de Teatro Clasico delakoaren eskutik etorri da antzezlana, eta ekoizle kideak Arriaga bera eta Gasteizko Principal antzokia izan dira.

Laztasun handiko eremu eszeniko batean hasi da guztia, Calderonen estilo aszetikoari dagokion bezala, kaxa eszenikoko hiru aldeak iztuku itxurako horma bertikal ikaragarriek estalita. Agertokiaren eremu osoa hartzen zuen egitura metaliko bat egon da eskegita goian, eta zoruan hondarra zegoen, noizean behin antzezleek harekin eragitean antzeman dugun legez.

Klasikoak sakratutzat hartzeak dakarren arazoa da haien testuak ukiezintzat jotzen direla, eta, bide horretatik, hasierako hiru ordu laurdenak eman ditugu egileak huskerietan xahutu zituen atariko pasarteetan, kontuan izan gabe garai zoriontsu haietan ikusleak nahi zuten orduan sartzen zirela aretora, eta komeni zela aurretiazko betelana ahalik eta gehiena luzatzea, berandu etorritako edonork ulertu zitzan argumentuaren gako nagusiak.

Baina, tira!, oraingo denboretan gaude, eta hasierako atal horretan muntaiaren izaera aratz eta minimalistarekin konformatu gara, Guggenheimeko hoztasun perfektuan bageunde bezala: jantzi dotoreak nonahi, argiztapen delikatu baina kementsua —berrogei bat foku baino ez eszenan, guztira berrehun bat ere izan diren arren—, hari-laukote bat lauki eran jarrita eszenaren erdian, haien inguruan antzezleen joan-etorri pausatuak eta deklamazio orbangabea... Eta antzezle guztien maila paregabea, Lluis Homar handiarengandik ezertan ere desberdintzen ez zena.

Atarikoen ostean hasi dira Calderonen printzearen arazoak, zeren eta —eta orain datorrena ez diot nik bakarrik— Trentoren ildoko apaiz hura espainiar fundamentalismo katolikoaren ordezkari nabarmentzat jo izan da askotan, bere antzerkiaren balio ukaezinak eta bere silogismo moral antzuak gorabehera. Adibidez, El príncipe constante honetan Fernando printze portugaldarrak nahiago du esklabo bizi eta hil Ceutaren katolizismoaren defentsan, eta horren kontura jakin behar dugu Ceuta izan zela Lisboaren lehen konkista, baina hiria Espainiaren menpe geratu zela Portugal Espainiatik gerraz banandu ostean. Zer gehiago behar dugu paroxismora ailegatzeko? Portugal ere gurea zeneko denboretara bueltatu, Ceuta beti espainola eta Gibraltar español, zelan ez, eta katolikoa —ultrakatolikoa aukeran—, Calderon bezala.

Edo agian ari ziren preso politiko katalanei buruz, eta printze bahituaren idealen defentsa baketsu bezain irmoan Jordien eta enparauen etsenplua ikusi behar ote genuen? Izan ere, egunotan beren balizko indultua tramitatzeari uko egin diete haiek guztiek, Espainiako Auzitegi Gorenaren deiari muzin eginez... Beren historia ikasi nahi ez duten herriak hura errepikatzera kondenatuta daude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Formatu ezberdineko lanak bildu dituzte erakusketan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Fipadocek sariak banatu ditu.

Ainize Madariaga

Miarritzeko laugarren Fipadoc dokumental zinemaldiak sariak banatu zituen larunbatean, Gare de Midi aretoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.