KRITIKA. dFeria

Dantzaz beti gazte

Dantzaz konpainiaren Grouwing Young ikuskizuneko pasarte bat. JANPOL.
Agus Perez.
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

'Growing Young'

Konpainia: Dantzaz. Koreografiak: Janis Claxton, Daniele Ninarello, Itzik Galili, Wubkje Kuindersma. Argiak: Koreografo bakoitza, Alberto Arizaga eta Jaime Mayo (Lead-en). Jantziak: Koreografo bakoitza, Marina Bestard, Nahia Salaberria. Dantzariak: Pauline Bonnat, Riccardo Ciapella, Karlijn Degroog, Ioritz Galarraga, Thijs Hogenboom, Juliana Javier, Miren Lizeaga, Fernando Luis, Gian-Baptiste Prieur-Capdevielle, Iker Rodriguez, Teresa Royo, Iker Sanz, Olaia Valle. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Martxoak 8.

DFeriako azken egunean aurkeztu du Dantzaz konpainiak bere azken produkzioa, bere ekoizpen eta formakuntza zentrotik datozen dantzari gazteen esku eta nazioarte-maila duten lau koreograforen sorkuntzekin. Konpainiaren maila artistikoaz jabetzeko, jakin beharra dago lau koreografo hauek —eta beste askok aurreko denboraldietan— bereziki sortu dituztela beren sorkuntzak Euskal Herriko konpainiarako.

Growing Young (Gazte hazten) deitu da gaurko egitaraua, eta lehen pieza —Une— Janis Claxtonena izan da. Jatorriz Australiakoa da, baina Eskoziako hiriburuan ezarri da koreografoa. Ikusleen artean kokatu ditu dantzariak hasiera batean, eta dantzan joan dira handik agertokira, jarraikortasun polita ezarriz bizimodu arruntaren eta dantzaren artean. Dantzari guztiek jantzi dituzte gazte arropa eta prakak, eta dantzarako pista batean baleude bezala aritu dira —bikote bila lehendabizi eta giro erromantikoan gero—, argiak, saxofoia eta soul estiloko musika lagun. Ezer berezirik ez dugu gogoratuko agian pieza honetatik, baina berarekin hasi gara sentitzen ikuskizuna abian zegoela, kalitate bikainekoa zela eta dantzaren arteaz gozatuko genuela denbora tarte batez.

Bigarren atalean, laukizuzen handi baten inguruan kokatu ditu dantzariak Daniele Ninarello italiarrak, eta txalapartaren moduko soinu obsesiboak bete du dantzarako espazioa, in crescendo etengabe batean. Hala ere, kolpeek ez zeukaten egurra egurraren kontrako izaera, eta fitxa teknikotik jakin dugu Steve Reich estatubatuar minimalista izan dela musikaria. Hara non, ironiarik gabe, orain deskubritzen dugun gure txalaparta minimalista zela avant la lettre. Ninarellok sotiltasun handiz sartu ditu dantzariak laukizuzenaren barruan, ia inor konturatu gabe hasi baina geroan geldiezinak bihurtzen diren fenomenoetan bezala, eta, konturatu garenerako, orbitan zebiltzan seina dantzari neska baten eta mutil baten bueltan, eta haiek biak ere geldo-geldo desplazatzen ziren agertokiaren inguruan, astroak espazioan bezalaxe. Dantzari birakarien orbitak elkartu, infinituaren zeinua osatu eta denak bikotearen inguruan orbitatu direnean, klimaxera heldu da zirrara handia eragin digun proposamen hau.

Itzik Galili jatorriz israeldarra aspaldi finkatu zen Herbehereetan, eta honezkero Dantzazen kolaboratzaile finkotzat jo dezakegu. Prelude to a Wasted Tear (Alferrik galdutako malko baten preludioa) piezak dantza-lan bati eska geniokeen guztia dauka: sentsualtasuna gorputzetan, koloreak arropetan eta argietan, erritmoa, gaztetasuna, energia, zehaztasuna, koordinazio orbangabea... eta, osotasun horrekin batera, mezu sakon bat gaurko gizarterako. Alde horretatik, intentsitate handikoa iruditu zaigu azken aurreko pasartea, non dantzariek, txandaka eta continuum batean, panel zuritan idatzitako esaldiak atera eta zati haiekin planetaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko diskurtsoa eratu duten. Diskurtso hori Isidor Feinstein Stonek bota zuen, 1983an, AEBetako Ford Hall Forumen. Profetikoa benetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.