Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Mugak mugagabeak direnean

La trinchera infinita filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'La trinchera infinita'



Zuzendariak: Aitor Arregi, Jon GaraƱo eta Jose Mari Goenaga. Herrialdea Euskal Herria-Espainia-Frantzia. Iraupena: 147 minutu.

Mugak ditugu guztiok, eta norberak bere mugak zeintzuk diren jakin badakigula pentsatzen dugu, baina hori, agian, uste soil bat besterik ez da.

Moriarti ekoiztetxekoen azken lana mugagabea da, Antonio de la Torre protagonistak bizi duen esparrua bezala; egitura estua, arkitektura hertsia.

Mugek espazioak banatu egiten dituzte, itxi, definitu, multzokatu, eta mugek errealitatea definitzen laguntzen digute, ulertzen, antolatzen. Kontua da mugarik gabe bizitzea zaila izaten dela, muga zurrunegiekin bizitzea bezainbeste seguruenik. La trinchera infinita filmak horren inguruan asko dauka esateko, eta, horrez guztiaz gain, are eta gehiago esateko parada izango du.

2 ordu eta 27 minutu izango ditugu protagonistaren eta familiaren lubakian sartzeko, bere azal eta muinean bizitzeko, eta nola, gainera. Filmak bere denbora hartuko du azaldu nahi duena azaltzeko, beharrezkoa den denbora, modu arin, zentzudun eta argudiatuan isolamenduak dakarren tortura modua uler dezagun.

Mugak mugagabeak direnean datorrelako gatazka. Muga fisiko, psikologiko eta sozialak: kontrola, beldurra, gabezia, frustrazioa, gaizkiulertuak, nola esan...

Zume zuntzak izango dira protagonistak filmean, beratzen ariko diren zuntzak; denborarekin, debeku, muga, inposizio guztiei gailenduko zaizkienak. Urteek aurrera egin ahala, bizirik irauteko gaitasuna duten zuntz torturatuak bihurritzen ikusiko ditugu isolamenduan: Antonio de la Torre eta Belen Cuesta bikain kiribiltzen espazio itogarrian, egokitu nahian, denboran luzatzen den muga infinituan.

Etxe osoa hartuko dute, mutur batetik bestera itolarrian, batak, paretaz bestaldetik, lubaki behartuan; besteak, paretaz bestalde maitasunetik lotua, aseezina izango den jazarpen estuan.

Biak helburu bakar batean loturik: askatasuna.

Eskertzekoa da benetan zuzendariek eskaini diguten erretratua, zirraragarria oso pertsonaiekin batera egiten dugun ibilbidea. 30 urte pasatuko ditugu elkarrekin, lubakian, arnastu nahian, nor garen ez ahazteko xedearekin, bitartean kanpoan inor ez denean gutaz akordatuko. Edo bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.