Noiz sortua: 2020-02-02 00:30:00

Nafarroako Pirinioak. Datuak eta neurriak

PIRINIOAK, ARGI BILA

Azken ikerketek zurian beltz azaleratu dute arazoa: jendez husten ari dira Nafarroa ekialdeko Pirinioak. Adituen arabera, politika publiko okerren ondorio da lurralde desoreka hori: urteetan Iruñerriko hazkunde neurrigabea sustatuta, administrazioak basamortu bihurtu ditu mendialdeko haran asko.
<b>Erronkari. </b>Eronkariko ibarrean dauden mendien ikuspegi panoramikoa.
Erronkari. Eronkariko ibarrean dauden mendien ikuspegi panoramikoa. J.J. GUILLÉN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2020ko otsailak 2
Tantaka-tantaka odolusten ari dira Nafarroa ekialdeko Pirinioak. Mortu bilakatzeko bidean da Aezkoa, Erroibar, Erronkari eta Zaraitzuko ibarrak biltzen dituen eskualdea, urtero-urtero galtzen baititu biztanleak. Ez da oraingo kontua. Gazte askok hiribururako bidea hartu zuten aspaldi, hori zelakoan aukera bakarra etxea, lana eta, oro har, etorkizun hobea bermatzeko. Urteetako joera horren ondorioak gordin azaleratu dira orain, populazioaren murrizketa latzak muturrera eraman baititu lehendik zeuden arazoak: besteak beste, oinarrizko zerbitzuen eskasia, etxebizitza egokiak lortzeko zailtasunak eta enplegurik eza.

Hala ere, bizirik daudela aldarrikatzen dute, behin eta berriro, Pirinioetako herritarrek. Konponbideak eskatzen dituzte: aukerak, despopulazioaren isuria gelditzeko. Arazoa ikertuta, eskualdean lanean ari diren eragileak bat datoz gauza batean: ertz anitzeko arazoen aurrean ez dago konponbide errazik. Beharrezko jotzen dute erakundeen ikuspegia «zeharo» aldatzea, elkarlana sustatzea eta estrategia berriak «neurri zehatzetan aplikatzea, tokian tokiko beharren arabera».

Nafarroako Gobernuak eta Errealitate Sozialaren Behatokiak argitaratu berri dute Nafarroako Gizarte Desorekak izeneko txostena, eta hori izan da alarma piztu duen azken agiri ofiziala, despopulazio hitza hedabideen lerroburuetara eraman duena. Ikerlan horrek, baina, azken urteetan beste hamaika erakundek esandakoa berretsi baino ez du egin. Gaindegiak, Cederna Garalur elkarteak eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak hamaika txosten eta diagnostiko egin dituzte despopulazioaren eta lurralde desorekaren auziari buruz, eta ondorio bertsuetara iritsi dira denak ere: husteko bidean daude Pirinioak, abiadura bizian.

Batez ere lurraldeen arteko desoreka utzi dute agerian azken ikerketak. Nafarroa osoko datuak hartuta, kilometro koadro bakoitzeko 67 lagun bizi dira gaur egun. Dentsitateari buruzko datuak ibarrez ibar aztertuta, ordea, agerikoak dira ezberdintasunak: Europako Batasunak «despopulatze arriskuko gunetzat» hartzen ditu kilometro koadroko hamabi biztanle baino gutxiago dituzten lurraldeak. Pirinioetan, lau pertsona bizi dira kilometro koadroko. Basamortua da, ofizialki.

Egoera larrian

«Despopulazioarena ez da fenomeno berria», azaldu du Idoia Napalek. Cederna Garalur agentzian dihardu, Erronkari eta Zaraitzu ibarretarako teknikari gisara. Egoera larriaz ohartarazi du. «Pirinioetakoa ez da despopulazioaren arriskuak jotako eskualde bakarra; Nafarroan, hortxe dauzkagu Estellerria, Nafarroako erdialdea, Zangozaldea eta Pirinioaurrea ere. Baina Pirinioetako herrietan muturrera heldu da egoera».

1991. urtean sortu zuten Cederna Garalur elkartea, Nafarroako mendialdeko garapen sozioekonomikoa sustatzeko xedez. Helburu nagusi hauek ditu: «Zerbitzu publikoen sarea sendotzea, lan eta ekonomia ehuna sustatzea, eta bizilagunen bizi kalitatea hobetzea». Lan ildo horiei jarraikiz, urteak daramatza Pirinioetako despopulazioaz ohartarazten.

Napalekin batera, Pirinio aldeko ibarren beharrak asetzeko lanean dihardute Erro, Aezkoa eta Esteribarko teknikari Edurne Miguelek, eta Pirinioetako dinamizatzaile Andrea Rodriguezek. Kezkagarritzat jo dituzte eskualdeko biztanleriaren zahartzea eta belaunaldien arteko haustura: «Nafarroan, gazteen portzentajerik txikiena duen lurraldea dira Pirinioak. Nafarroako Gobernuak gazteriaren egoerari buruz egindako azken txostenaren arabera, gazteen populazioa erdira jaitsi da azken hogei urteotan».

Gaindegiak iaz argitaratutako Euskal Herria Eskualdeka txostenak ere berresten du baieztapen hori: ohartarazi zuen Pirinioetan «oso kritikoa» dela haurren eta gazteen presentzia —herritarren %8 eta %10, hurrenez hurren—. Sartze eta Abaurrepea herrietan, esaterako, ez da haurrik bizi; Gorzan, bi besterik ez —bost lagun bizi dira herri horretan—; eta Ariben ez dago gazterik erroldatuta. 45 urtetik gorako herritarrek, berriz, presentzia handia dute proportzioan. Pisu handiegia, adituen arabera, belaunaldi ordezkapena egoki egingo dela bermatzeko.

Gazteen migrazioa azaltzeko, hainbat faktore nabarmendu dituzte Cederna Garalurreko agenteek. Hasteko eta behin, hezkuntzarekin lotura duten arrazoiak: «Hainbat gaztek herrietatik alde egiten dute 16 urterekin, Batxilergoko eta ondorengo irakastaldietako eskaintza murritzak behartuta. Eta, ikasketak amaitzean ere, zailtasun handiak dituzte itzultzeko eta lana topatzeko».

Hori da, hain zuzen, despopulazioaren beste ondorioetako bat: enplegurik eza. Despopulazioaren eta zahartzearen fenomenoek makillatu egiten dituzte Pirinioetako langabezia datu orokorrak —%8,4—, baina horrek ez du esan nahi enplegua topatzea erraza denik. 2.600 pertsona aktiboren bizitokia izanik, 1.500 lanpostu daude ibar osoan. «Industria ehuna oso prekarioa da eskualdean», ohartarazi du Miguelek. «Negozio bat martxan jartzeak zailtasun handiei aurre egitea dakar, azpiegiturarik ezagatik: errepide sare, garraio publiko, telekomunikazio eta sare elektrikoen eskasiarengatik, besteak beste».

'Zaraitzu bizirik' aldarrikatzen duen murala, Gorzan. Iñigo Uriz / Foku

Ibarretan zerbitzu eta langile publikoak ezartzeko ratioak, bestalde, Nafarroa osorako pentsatuak daude, landa guneetako berezitasunetara eta ezaugarrietara egokitu gabe. Horren ondorioz, udalerri handienetan izan ezik, oso urriak dira oinarrizko zerbitzuak. «Egunerokoan, Pirinioetako biztanleak behartuta daude desplazamendu luzeak egitera, Iruñera batez ere, osasun eta hezkuntza zerbitzuak erabili ahal izateko, erosketak egiteko edo aisiaz gozatzeko», azaldu du Napalek. Horregatik, Zaraitzuko, Erronkariko, Erroibarko eta Aezkoako herri asko erdi hutsik —edo erabat hutsik— egoten dira astegunetan, eta asteburuetan edo opor garaian bakarrik berreskuratzen dute bizitasun apur bat.

Nafar askorentzat, izan ere, Pirinioak aisialdirako espazioa dira. Noizean behin joateko eta itzultzeko toki bat. Etxe hutsen kopuruak, ordea, zaildu egiten du eskualdean etxebizitza eskubidea bermatzea. Miguel: «Landa eremuan murritzagoa da etxebizitza eskaintza: gutxiago eraikitzen da, oro har, eta salmentarako eta alokairurako etxebizitza babestuen eskaintza ere urriagoa da».

Urteetako noraeza

Pirinioetako despopulazioaren jatorria aurkitzeko, hala ere, ez da nahikoa gaur egungo politikak aztertzea. Erroko motibo ugari daude fenomeno horren oinarrian: hiriburuarekiko distantzia luzea —Iruñea Otsagabitik 79 kilometrora dago, eta Erronkaritik 93 kilometrora—, komunikabideak zailtzen dituen orografia malkartsua, azpiegitura eta errepide sare makurrak, klima...

Arazo horien aurrean, baina, azken hamarkadetan lurraldeen arteko desoreka areagotu besterik egin ez duten neurriak ezarri dituzte administrazioek. Hala, berezko arazoak konpondu ez, eta arrakala handitu da, politika publikoen ondorioz. Iruñerria garapenaren, berrikuntzaren eta bizi kalitatearen epizentro izendatuta, hiribildu handien sorrera eta zerbitzuen zentralizazioa sustatu ditu Nafarroako Gobernuak historikoki, eta horrek kaltea ekarri die landa eremuko ibarrei.

«2005. urte inguruan abiatutako lurralde estrategiak ez zituen helburuak lortu». Isabel Elizalde mintzo da, aurreko legealdian Nafarroako Landa Garapeneko kontseilari izan zena. Ez da ari Nafarroan hartutako neurriez bakarrik. Uste du Europako politikek ere porrot egin dutela: «Nekazaritza Politika Bateratuak, adibidez, ez du emaitzarik izan. Beharrezkoa da bestelako eredu bat».

Despopulazioaren arazoa ongi ezagutzen du Elizaldek: gobernuko kide izan aurretik, Cederna Garalurreko arduraduna izan zen, eta, gaur egun, auziaren gaineko gogoeta bultzatzen ari da Eusko Ikaskuntzaren barruan. Oro har, administrazioan «ikuspegi integral eskasa» sumatzen du kontseilari ohiak: «Administrazioaren barruan, sail bakoitzak bereari soilik erreparatzen dio, eta, Pirinioen gisako eskualde batean, beharrezkoa da malguagoa izatea, zeharkako neurriak ezartzea eta bertakoekin solastatzea, tokian tokiko beharrak zein diren jakiteko». Elizaldek argi dauka landa eremuetarako politikak ezin daitezkeela bulego batean diseinatu: «Agintariek idatz ditzakete legeak eta arauak, baina beren bulegoetatik atera beharko dute, lurra zapaldu, tokian tokikoekin hitz egin, eta arazoak bertatik bertara ezagutu, konponbideak elkarlanean adoste aldera».

Aukera guneak

Kontseilari ohiak nabarmendu du aurreko legealdian saiatu zirela lan egiteko molde berriak ezartzen; besteak beste, tokiko administrazioen erreforma aipatu du, eta Lursarea agentzia sortzea. «Erreforma horretan ongi zehaztu zen eskualde bakoitzari zer eskuduntza dagozkion, eta Ogasunaren funtsetik zenbat diru dagokien. Eskualdeek azpiegitura propio bat izanen dute aurrerantzean, harremanak bultzatzeko, zerbitzuak garatzeko eta herriei aukera berriak eskaintzeko».

Landaguneen gaineko kontakizuna aldatzeko beharra ere nabarmendu du Elizaldek: «Landa eremuak ez ditugu tratatu behar arazo iturriak balira bezala. Ez dira arazo guneak, aukera guneak baizik». Mendialdeko herrietan bizitzeak «aukera eta abantaila ugari» dituela azpimarratu du Elizaldek: «Oso esperientzia interesgarriak daude herrietan, eta aintzat hartzekoak dira: bai ingurumenari dagokionez, baina baita energiari, teknologiari, elikadurari eta harreman pertsonalei dagokienez ere».

Gogoeta horrekin bat dator Ruben Goñi, Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia. Haren esanetan, historikoki oso hedatua egon da hiriburuaren nagusigoa azpimarratzen duen diskurtsoa, eta horri buelta eman behar zaio orain: «Ibarretako biztanleei esan izan zaie etorkizuna ez dagoela herrian, hiriburuan baizik; azkenaldian, ordea, herritar talde batzuk hasi dira mobilizatzen, eta, hain zuzen ere, beren herrian bizitzeko eta lan egiteko aukera aldarrikatzen dute. Etorkizuna herrian nahi dute, beste inora joan gabe».

Herritarren eskaerei erantzute aldera, antolatzen hasiak dira erakunde publikoak ere: 2018an, Pirinioetako Batzordea osatu zuten Nafarroako Parlamentuan, eta, horri segida emanez, Pirinioetako Plana diseinatu zuten Nafarroako Gobernuko Lursarea agentziak, Cederna Garalurrek eta Pirinioetako Mahaiak —eskualdeko udal ordezkariak biltzen ditu mahaiak—.

Neurri zehatzak, abian

Nafarroako Gobernuak abian jarriko dituen neurriez galdetuta, Goñik adierazi du bide orriak eta diagnostikoak «eginak» daudela jada: «Orain zera egin behar dugu: bide orri horretan jasotakoa praktikara eramatea».

Lehenik eta behin, lau pertsonako lantalde bat arduratuko da eskualdean bertan lan egiteaz eta baliabide teknikoak eskaintzeaz; eta, horrez gain, baliabide ekonomiko gehiago ere bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak Pirinioetan neurri zehatzak finantzatzeko: «Diru laguntza berezi bat sortu dugu despopulazioari aurre egiteko proiektuak finantzatzeko». Kopurua ere zehaztu dute: 100.000 euro banatuko dituzte, Pirinioetako udalerrien artean.

Despopulazioaren arazoa «zeharkako auzia» izanda, departamentu arteko lankidetza sustatuko dute, neurriak tokian tokiko beharretara moldatzeko. «Badago banda zabaleko Internet ezartzeko plana, edo errepideak konpontzekoa. Gu arduratuko gara gabeziak atzemateaz eta konponbide egokienak bilatzeaz, departamentu bakoitzarekin zubi lana eginez». Gobernuko ordezkariak nabarmendu du politika orokorrak «tokian tokiko errealitatera egokitu» nahi dituztela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©Berria

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.066 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 737 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.948 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona bat zebrabidea gurutzatzen, Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Alokairu turistikoak, debekatuta Lapurdiko kostaldean

Berria

Munduan 70.000 lagun inguru hil dira COVID-19 eritasunaren eraginez, eta atzemandako kasuak ia 1,3 milioi dira; joan den ostegunean, milioi bat ziren. AEBak eta, bereziki, New York dira pandemiaren epizentro berria. AEBetan, 337.000 positibo baino gehiago baieztatu dira, eta 9.600 lagun hil.. 

EGA Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko probak. ©Andoni Canellada / Foku

Jaurlaritzak udazkenera atzeratuko ditu hizkuntza maila egiaztatzeko probak

Jon O. Urain

Indarrik gabe utzi du maiatzaren 9rako aurreikusitako idatzizko proba, eta urrian egingo du. Onartutako eskabideak kontuan hartuko dira bigarren deialdi horretarako.

 ©Berria

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.066 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 737 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 3.948 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna