Etxebizitza larrialdia. Egoera orokorra

ETXEA ALA BIZITZA

2008ko krisiarekin gertatu zen moduan, oraingoa ere ondorio larriak izaten ari da etxebizitzaren arloan: prezio garestiak, alokairuak ordaindu ezina, kaleratzeak eta abar. Zenbait adituren ustez, okerrena irits daiteke pandemia dela-eta hartutako neurri bereziak indarrik gabe gelditutakoan.

Bilbon eraikitzen ari diren etxebizitzak. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Osasun arlokoa ez da pandemiak azaleratu duen larrialdi egoera bakarra. Lehenagotik ere, herritar askok kezka handiz bizi izaten zuten etxebizitza bat lortzeko ezintasuna edo alokairuen prezioen etengabeko igoera. Orain, arazoa areagotu egin da, eta okerrena da aurreikuspenak ez direla batere baikorrak.

2008ko krisiak lurrikara moduko bat ekarri zuen etxebizitzaren arloan. Ordura arte, merkatua etengabe hazten ari zen, baina krisiak errotik moztu zuen hazkunde hura, eta zenbait ondorio utzi zuen: alde batetik, etxe gutxiago egin ziren; adibidez, krisiaren aurretik 8.000 etxebizitza inguru eraikitzen ziren urtero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2011tik 2016rako epean, urteko 3.000ra jaitsi zen kopuru hori. Nafarroan, 6.200 etxe berri eraiki zituzten 2006an, eta 560 baino ez 2016an.

Prezioetan ere eragina izan zuen: 2008tik aurrera etengabe jaitsi zen metro koadroko salneurria, 2016an behea jo arte. Baina horrek ez zuen esan nahi etxe baten beharrean zeudenek askoz erraztasun handiagoak zituztela bizitoki bat lortzeko. Seguru asko, prozesua alderantzizkoa izan zen: krisiak sorrarazitako estutasun ekonomikoek zaildu zioten familia askori etxe bat erosteko aukera, eta, horren ondorioz, prezioek behera egin zuten.

Merkatua 2017an hasi zen egoerari buelta ematen. Prezioak egonkortu ziren, goranzko joera txiki batekin, eta etxe berrien eraikuntza ere suspertu egin zen: Hego Euskal Herrian, berriro iritsi zen 2009ko antzeko kopuruetara, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, 2000ko hamarraldian izandako gorakada ikusgarriaren ostean, berriro itzuli zen 2001 baino lehenagoko kopuruetara: 2.800 etxebizitza urtero hiru herrialdeetan. Salmentak ere emendatu ziren.

Orain, COVID-19aren izurriak ekarritako krisiak berriro astindu du egoera. Prezioak igo egin dira: Idealista enpresak egindako ikerketaren arabera, bigarren eskuko etxebizitzen prezioak %2,9 egin du gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemiaren urtean, hots, 2020ko martxotik 2021eko martxora, eta Nafarroan igoera hori %1,2koa izan da. Baina, batez ere, herritarren egoera ekonomikoa kaskartu da izugarri. Pandemiak 21.300 langile utzi ditu langabezian 2020ko martxotik hona Hego Euskal Herrian, eta beste 35.000ri enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri diete. Horrek, dudarik gabe, ondorioak izango ditu etxebizitza lortzeko aukeretan ere.

Aurreko krisitik osatu gabe

Mario Ioldi (Sestao, Bizkaia, 1959) Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailean. «Gu beste krisi batetik gentozen, eta gizartearen sektore batzuk oraindik osatu gabe zeuden orduko ajeetatik», azaldu du. «Hori kontuan hartuta, aurreikustekoa zen pandemiak kaltea eragingo ziela sektore horiei, eta kaltea ekarri du, baina ez aurreikusten genuen bezain handia».

Ioldiren esanetan, erakundeek hartutako «neurri berritzaileek» lagundu dute kolpea leuntzen: «Adibidez, 2020. urteko hiru hilabetez errenta ordaintzetik salbuetsi genituen alokairuko parke publikoko zenbait erabiltzaile, COVID-19aren ondorioz zailtasunak zituztenak, hau da, 1.400 etxebizitzatan Jaurlaritzak ordaindu zuen alokairua. Eta beste neurri bat izan zen alokairu libreari laguntzeko programa bat. Praktikan 2.300 familiari lagundu diegu alokairua ordaintzen: kasurik arruntenean, 250 eurorekin hilean».

Oso bestela ikusten dute egoera azken bolada honetan Euskal Herriko txoko askotan agertu diren etxebizitza talde, maizterren sindikatu eta antzeko eragileek. Karla Pisano Berrojalbiz (Bilbo, 1996) Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kidea da: «Etxebizitzaren arazoa ez da pandemiaren gestio burgesak ekarritako berritasun bat, klaseetan oinarritutako sistema kapitalistaren berezko ezaugarri bat baizik. Gestio horrek prozesu hau azkartu baino ez du egin, eta etxebizitzaren alorrean ondorioak oso argiak dira: jabe ertainen biolentzia handitzea, etxegabetzeak, errenta igoerak eta abar».

Alba Garcia Martin (Bilbo, 1988) eta Miguel Virizuela (Barakaldo, Bizkaia, 1990) Bilboko Maizterren Sindikatukoak dira: «Lehenagotik ere egoera zaila zen, batez ere alokairuetakoa», azaldu du Virizuelak. «Prezioen igoerak ez ziren Madrilen eta Bartzelonan bezain handiak, baina hori izan zen prezio garestiagoetatik abiatzen ginelako. Pandemiak are gehiago tenkatu du egoera. Gero eta familia gehiagok hautatu behar dute platerean zerbait jartzearen eta alokairua ordaintzearen artean».

Etxebizitzaren arloan diharduten eragileen artean, seguru asko Barakaldoko Berri Otxoak plataforma da beteranoenetako bat, ia 30 urte eman baitu pobreziaren eta bazterketaren kontrako lanean. Sheila Fernandezek (Barakaldo, 1990) dioenez, orain egoeralarriagotu da: «Guri industriaren birmoldaketaren garaiak oso urrun geratzen zaizkigu, baina orduan ordaintzen ziren soldatak ezin dira alderatu gaur egungoekin. Eta etxebizitzen prezioa, aldiz, handitu baino ez da egin. Orain badaude hipotekak baino garestiagoak diren alokairuak».

Ipar Euskal Herrian, berriz, orain arte ez da horrelako elkarterik egon, baina badirudi gauzak aldatzen ari direla, eta Gazte Ekintza dinamika sortu berriaren estreinako kanpaina etxebizitzaren ingurukoa izatea —apirilaren 15ean aurkeztu zuten— oso esanguratsua da. Iker Zurutuzak (Miarritze, Lapurdi, 1989) Hendaiako Laguillon etxebizitza agentzian zazpi urte eman ditu lanean, eta, dioenez, «orain arte ikusi gabea» da egungo egoera: «Hendaian, urte batean, maiatzetik hona, prezioak %15 edo %20 igo dira. Hemen ez da inoiz horrelakorik ikusi; normalki igoera urtean %4 edo %5 izaten zen».

Izan ere, eskaera izugarri handitu da: «Bankuan diru apur bat dutenak beldurtzen dira, eta etxe batean dirua inbertituz lasaiago bizi dira bankuan edukita baino. Gero, erretiroa hartutako jende asko ere badugu, hiri handietatik alde egin nahi dutenak. Eta, beste aldetik, telelana garatzen ari da, ohiturak aldatzen ari dira, eta badago jendea etxetik lan egiten duena eta gero astean egun bat edo bi Parisen edo Bordelen ematen duena. Hori fenomeno berria da, eta eskaera handitzen du».

Horren ondorioa da askoz erosle gehiago daudela eskaintzen diren etxeak baino, eta horrek prezioak igoarazi ditu. Erosle izan nahi duten asko Frantziatik datoz, Paris, Bordele eta Tolosa aldetik. «Pandemia aurretiko egoerarekin konparatuz, bikoiztu egin da eskaera kanpotarren aldetik», azaldu du Zurutuzak.

Garai batean, bazeuden Hego Euskal Herriko erosleak ere, baina hori «egun batetik bestera» amaitu zen: «Hegoaldeko bankuek maileguak emateari utzi ziotenean. 2000ko hamarkadan, Hegoaldeko herritarrak izaten ziren merkatuaren erdia, baina hori desagertu zen. Gaur egun, Hegoaldeko jendea ikusten dugu saltzaile gisa».

Alokairuak, gora

2008ko krisiak beste ondorio bat utzi zuen: alokairu eskariak gora egin zuen. Hego Euskal Herrian horrek ez zuen ekarri alokairuen garestitze nabarmenik, hasieran behintzat: lehenagotik zetorren prezioen gorakada handia apaldu egin zen 2008tik 2012ra, eta 2012tik 2016ra jaitsi ere egin zen alokairuaren batez besteko prezioa. Baina geroztik prezioek etengabe egin dute gora; adibidez, 2016tik 2019ra %8,45 Bizkaian, %11,25 Gipuzkoan eta %14,87 Araban.

2020ko hasieran, itxialdia iritsi aurretik, Araban batez beste 917 euro hileko balio zuen etxebizitza bat alokatzeak, hileko 1.014 euro Bizkaian, 1.137 Gipuzkoan, eta 880 Nafarroan. Eta pandemiak ez du joera hori moztu. Bizkaian 2020ko abenduan jo zuen goia alokairuaren prezioak; Araban eta Gipuzkoan, 2021eko urtarrilean egon ziren prezioak inoizko garestien; eta Nafarroan, 2021eko martxoan izan da inoizko preziorik garestiena.

Eskaria handitu bada ere, Euskal Herrian oraindik ere alokairura bideratzen diren etxebizitzen kopuruak txikia izaten jarraitzen du. Erabilera iraunkorra duten Euskal Herriko etxebizitzen %16,3 baino ez ziren alokairukoak 2019an. Horri dagokionez, hegoaren eta iparraren arteko aldea nabaria da: Hego Euskal Herrian, etxebizitzen %13,5 ziren alokairukoak, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, %38,7, Gaindegia institutuak emandako datuen arabera.

Hala ere, eskaerari dagokionez, gauzak aldatzen ari dira, Mario Ioldik dioenez: «EAEn, etxebizitza publikoa eskatzen dutenen %80k alokatzeko etxebizitza eskatzen dute, eta horretan aldaketa izugarria izan da, duela urte batzuk alderantziz zelako. Horietatik %70 jada alokairuan bizi dira, merkatu librean, baina alokairu publiko eta merkeagoa lortu nahi dute. Haien arazoa ez da emantzipazioa, jada emantzipaturik daudelako, baina hilean 600 euro ordaindu beharrean, 300 ordaintzea behar dute».

«Guk uste dugu alokairuan bizitzea hautu guztiz duina dela», esan du Maizterren Sindikatuko Miguel Virizuelak, «eta posible izan beharko litzatekeela alokatutako etxe batean bizitza proiektu bat garatu ahal izatea eta eskubide guztiak bermatzea, baina dena antolatuta dago etxebizitza merkatu ondasuntzat hartzeko. Etxebizitza merkatutik ateratzen ez dugun bitartean, kapitalismoak arrakalak topatuko ditu errentagarritasuna bilatzeko eta jendearen ongizatea bortxatzeko».

Edonola ere, alokairuen aferan arazo bakarra ez dira prezioak, Alba Garciak dioenez: «Ez dago kontrolik higiezinen enpresen gainean, eta horrek dakar jabe batzuek nahi dutena egitea. Ez da onargarria jabe batzuek esatea beren pisuan ez dutela beltzik nahi, edo ez dutela diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen duenik nahi, eta higiezinen enpresak hori ontzat ematea jabeak agintzen duelako. Inork ez du hori arautzen. Badirudi batzuek nahi dutena egin dezaketela inpunitate osoz».

Kaleratze motak

Izurriari aurre egiteko hartutako neurri bereziek ekarri dute etxegabetze kopurua murriztu izana azken urtean, kaleratzeak desagertu ez badira ere. CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera, 2020an 112 desjabetze egin zituzten Hego Euskal Herrian, 2015ean gauzatutako 459etatik oso urrun. Baina estatistika horretan ez daude kaleratze guztiak.

2008ko astinaldiaren osteko urteetan, soslai zehatz bat agertu ohi zen kaleratzeen inguruko albisteetan: adreiluaren burbuilaren garaian etxebizitza erosteko bankuari mailegua eskatutakoak, eta egoera okertu zenean hipotekari aurre egin ezinik lotu eta etxebizitzarik gabe gelditu zirenak.

Azken urteetan, berriz, asko ugaldu dira etxegabetze motak, eta gehienek Hiri Errentamenduen Legearekin dute zerikusia: alokatutako etxebizitzatik kaleratzen dituzte maizterrak, lanik gabe gelditu ostean alokairua ezin dutelako ordaindu, edo egun batetik bestera alokairuaren prezioa neurririk gabe nola garestitzen den ikusi dutelako. Hego Euskal Herrian, horrelako kaleratzeek 2017an jo zuten goia: 1.611 izan ziren orotara. Baina 2013tik hona, ia urtero gainditu dute 1.500 kaleratzeen langa. 2020an, berriz, 889 izan ziren. «Etxebizitzaren merkatuak osagarri espekulatibo handia du, errenta kapitalista duelako oinarri», azaldu du Pisanok. «Horregatik, prezioak izugarri garestiak dira, eta egiten diren etxegabetze gehienak alokairuzko etxeenak dira».

Berri Otxoak plataformako Sheila Fernandezek mahai gainean jarri du kaleratzeen tipologia aldatu izanaren beste ondorio bat: «Lehen, bankuak egiten zuen etxegabetzea, bankua zen etsaia, eta herritarren artean enpatia handiagoa zegoen, erraza zelako horren kontra jartzea. Etxearen jabea ere pertsona fisiko bat denean, batzuei zailago egiten zaie kaleratutakoarekin identifikatzea».

Alokairu publiko bat lortu ostean, horri aurre egin ezinik etxera uztera behartuta daudenak ere badira: «Gugana etorri den jende askok alokairu sozialekin izan dute arazoa», esan du Maizterren Sindikatuko Alba Garciak. «Instituzioak ari dira jendea kaleratzen, eta hori oso larria da».

Gizarte eragileei onartezina iruditzen zaie ustez herritarrak defendatu beharko lituzketen instituzio publikoak izatea etxegabetzeak egiten dituztenak. «Guk duela gutxi Barakaldoko kasu bat salatu dugu, maiatzean gauzatu behar dena, eta horretan Alokabide erakunde publikoak egiten du kaleratzea», azaldu du Fernandezek. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak ere kanpaina bat abiarazi du Alokabidetik bultzatutako kaleratzeen aurka.

Galdera da zer gertatuko den amaitzen direnean pandemiaren harira harturiko salbuespenezko neurriak; adibidez, alokairua ordaintzeko moratoria enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan daudenentzat, egoera bereziki larrian dauden familiak etxetik ez kaleratzea eta abar. Pentsatzekoa da krisiaren ondorioak hasiko direla bere gordinean azaleratzen.

Azken asteetan hedabideetan agerturiko zenbait informazioren arabera, kalkulatzen zen maiatzaren 9tik aurrera —aurreikusita dago orduan amaituko dela alarma egoera— Espainian 40.000 kaleratze inguru gauzatuko direla, eta egoerak behartuta alokairua ordaintzeari utziko diotenak %8tik %15era pasatuko direla. Espainiako Gobernuak iragarri du maiatzaren 9tik aurrera beste hiru hilabetez luzatuko dituela etxegabetzeak galarazteko neurriak, baina luzamenduak baino zerbait gehiago beharko da etor daitekeen triskantzaren aurrean.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuaren aburuz, moratoria «miseria kudeatzeko egina dagoen erreformaren ikuspegitik» guztiz baliogabea da. «Hainbat salbuespen ditu moratoriak, eta errealitate sozialaren erdia baino gehiago ez da baldintza horietan sartzen», adierazi du Pisanok. «Ondorioz, etxegabetzeak atzeratu badira ere, egunero exekutatzen jarraitzen dute. Etxegabetzeen atzerapena baino ez da moratoria, eta etortzear dagoen etxegabetzeen uholdearen aurrean, sozialdemokraziak eskuak garbitu nahi ditu. Horregatik luzatu du moratoria hiru hilabete gehiago, eta, horregatik, seguru aski luzatuko du ahal duen guztia».

«Pentsatzekoa da egoera ekonomikoa kaskartzearen ondorioz askok zailtasunak izango dituztela alokairuak ordaintzeko», esan du Ioldik. «Beste aldetik, litekeena da orain arte lozorroan egon diren zenbait etxegabetze hipotekario ere berraktibatzea. Beraz, 40.000 kaleratzeen kopuru hori ez da asmakeria. Baina horren aurrean neurriak har daitezke».

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak uste du kaleratzeen kontra ezarritako protokoloa ez dela «perfektua», baina «funtzionatzen ari da», eta datu bat eman du: 2018tik 2020ra 81 etxebizitza bideratu zituzten kaleratzeen kalteak leuntzeko.

Gizarte eragileek, berriz, uste dute protokoloa ez dela betetzen: «Ez dakit zer gertatuko den maiatzaren 9tik aurrera, baina argi dago erakundeek zerbait egin beharko dutela. Kaleratzeen kontrako protokoloek ez dute funtzionatzen», esan du Alba Garciak, eta harekin bat dator Sheila Fernandez: «Askotan, oztopo nagusia gizarte zerbitzuak dira. Epaileek batzuetan neurriak hartzen dituzte egoera ahulenean dauden familiak babesteko, baina gizarte zerbitzuek eman behar duten txostena erabakigarria izaten da, eta ez dute beren eginkizuna betetzen».

Beste pauso bat emateaz mintzatu da Miguel Virizuela: «XX. mendean osasun publikoa eta irakaskuntza publikoa erdietsi ziren moduan, orain lortu behar dugu etxebizitzamerkatuaren eraginetik kanpoko eskubide izatea. Datorkigun olatuaren aurrean neurriak hartu behar dira, errentei mugak jarriz eta, are, desjabetzera joz ere zenbait kasutan. Bestela, 2012an Amaia Egañaren suizidioarekin ikusi genuen mina txiki geldituko zaigu. Elkartasuna eta elkarri laguntzea baino ez zaigu geratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.