Donostiako gazte auziperatuak. Gorenaren epaia. Aitor Olaizola. Espetxera zigortutako gaztea

«Ez diegu erraza utziko; ikus dadila bakoitzaren jokaera»

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Atzo goizean jakin zuen Aitor Olaizolak sei urteko espetxe zigorra berretsi zietela berari eta beste zazpi laguni. Hala ere, indarra transmititzen zuen.

Zer moduz zaudete?

Gaur goizean jaso dugu epaiaren albistea, eta amorru horrekin gaude, berriz kartzelara joan beharko dugula jakinda.

Senide, guraso eta lagunen inguruan ere nabaria da tristezia eta amorrua. Amorrua ematen du injustizia hori berriz bizitzeak. Baina ez digute kenduko ez aurrera egiteko gogoa, ez alaitasuna, ez bizitzeko poza, ezta bizitzeko gogoa ere.

2007an izan zen zuen aurkako sarekada. Nola bizi izan dituzue azken urteak?

Sei urte dira sarekada izan zela,eta urte horietan sentimendu pila bat izan ditugu: atxilotu gintuztenekoak, lagunak inkomunikatu eta torturatu zituztenekoak, espetxera sartu gintuztenekoak... Gutako baten senideek istripua izan zuten, eta beste batzuek hainbat borrokaldi egin behar izan ditugu espetxean, gose grebak barne. Gero, kalera irten ginen, bermea ordainduta. Berriro poza, berriro epaiketa... Mila sentimendu dira,bizitza normal bat egiten uzten ez dizutenak. Beti zaude horrekin. Azkenean, gaur iritsi da azken epaia. Orain, elkarri animoak ematen eta geure burua prestatzen ari gara: nola etorriko diren, nola eramango gaituzten, eta nola egingo diogun aurre berriro espetxeari.

Espetxea, berriro. Zer esan nahidu horrek gazte batentzat?

Gutako gehienentzat bigarren aldia da, eta batzuentzat hirugarrena. Gazte-gaztetatik egon gara errepresioaren gurpil zoroan, eta gaztaroa guztiz baldintzatu digute. Ezin izan dugu aurrera begirako planik egin. Horrek sekulako amorrua ematen du, bizitza mozten dizu. Nola aurre egin? Tokatu zaigu hau bizitzea, eta aurrera egin behar dugu. Lagun batek esaten zidan bezala, apurtzen ez zaituzten egoerek indartu egiten zaituzte.

Politikoki, zer interpretazio egiten duzue?

Estatuak ez du aurrerapausorik ematen. Euskal Herria konponbiderako bidean jarri dugu, Euskal Herrian bertan. Normalizazioari begira sekulako aurrerapausoak ematen ari gara, baina estatua bere itxikerian dago, eta ez du errepresioa eten. Presioa eginez bakarrik mugituko dira. Guk mugitzen ez baditugu, ez dira mugituko.

Babes dinamika hasi zenuten. Zer pauso emango duzue orain?

Nahiko babes handia jaso genuen jendearen eta eragile politiko, sozial eta sindikalen eskutik. Orain, kartzelara sartu nahi gaituztela jakinda, aurrerapauso txiki bat eman eta babes hori elkartasun bihurtu behar dugu. Benetan erakutsi behar dugu ez dugula epaia onartzen. Eskubide zibil eta politikoen aldeko gunea jarriko dugu martxan, eta mundu guztia gonbidatzen dugu bertara babesa adieraztera. Eskubide zibil eta politikoen defentsa guztiok egin beharrekoa da. Beharrezkoa da ahalik eta jende gehienak batera lan egitea, ideologia ezberdina edukita ere. Horregatik da garrantzitsua jendea kalera ateratzea. Gero eta gehiago garela erakusten badugu, estatuari gero eta zailago jarriko diogu halako epaiak ematea. Eta baita Poliziari eta Poliziaren arduradunei ere atxilotze aginduak betetzea.

Bestalde, desobedientziari bide bat ireki nahi diogu. Jendea eramaten ari dira kartzelara, eta ematen du ez dela ezer gertatzen. Behingoz «nahikoa da» esateko garaia da. Ez dakigu nola aterako den, baina ahal dugun guztia jarriko dugu gure aldetik. Gure bila etorri nahi badute, etorri egin beharko dute gure bila. Ez diegu hain erraz utziko gu atxilotu eta espetxeratzen. Beste batzuek agindu eta bila etortzen badira, horrek ikusaraziko du zein den bakoitzaren jokabidea. Badakigu makineria osoa dutela gu eramateko, milaka polizia dituztela. Behintzat, ikus dadila beraiek daudela iraganean ainguratuta, eta herri bat daukatela aurrean, ez diena utziko gazte gehiago kartzelara eramaten. Badakigu zaila dela, baina hori da gure nahia.

Zer esango zeniokegazteriari? Eta, oro har, gizarteari?

Mezu baikor batekin amaitu nahi dugu. Egia da gogorra dela hau guztia: espetxeratuko gaituzte, eta amorru handia ematen du. Baina jendeak ez dezala animoa galdu, aurrera jarraitu behar dugu. Duela astebete ikusi zen Urduñan milaka gazte prest daudela lanean eta borrokan jarraitzeko, Euskal Herriaren alde. Errepresioak sortutako egoerari aurre eginez, beste bide batzuk ireki dira, eta jende horrek guztiak erakutsi du lanean jarraitzeko prest dagoela. Eutsi horri, eta ez etsi.

Oro har, jendeari esango nioke denok jarri behar dugula zerbait hau gelditzeko. Denok ez badugu zerbait egiten, jarraituko dute jendea espetxeratzen eta gatazka ez da bukatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.