Koronabirusa. Adineko pertsonak. Bernardo Abel Cedeño. Geriatra

«Baliabideak eskas izateko atakan gaude; auzi etiko zailak sortuko dira»

Nafarroako Ospitale Gunean dihardu Cedeñok, urtetsuenen osasunaren artan; onartu du eritasunak aparteko arriskugarritasuna duela gizon eta andre horientzat. Edadea ez da, ordea, aintzat hartzeko aldagai bakarra.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Agenda aski estuan, tarte bat egin du Nafarroako Ospitale Guneko geriatra Bernado Abel Cedeñok adinekoen osasunaz mintzatzeko, eta koronabirus honek nola erasaten dien esplikatzeko.

Oro har, erruz hitz egin da birus honek zaharrei eragiten dizkien arazoez. Edadekoentzat da arriskutsuagoa edo, oro har, osasun ahulagoa duten pertsonen arriskuaz aritu behar da?

Txinan eta Italian bildutako datuek, bai eta orain arte hemen jasotakoek ere, erakusten dute birus honek gogorrago erasaten diela 70 urtetik gorakoei eta, horien artean, egoera kalteberenean daudenei. Baina, bestela ere, 30-40 urtetik gora, jendeak asma badu, edo bestelako arazoren bat, arazoak areagotu egiten dira. Hasieran, katarro bat besterik ez zela esaten zen, baina zerbait larriagoa izateko arriskua handitu egiten da birus honekin.

Artatzen ari zareten zaharretan zer ari zarete ikusten? Zer eboluzio du gaitzak?

Bada jendea arnas aparatuko infekzio batean ohiko diren sintomak dituena: sukarra, eztula, arnasa hartzeko arazoak... Arnasa hartzeko arazo horiek handitu egiten dira zenbaitetan: oxigenoa behar dute, bronkioak zabaltzen laguntzeko botikak hartzea...

Pneumonia larriekin amaitzen dute askok, eta hildako asko adinekoak dira. Hilgarritasunari begira, ohiko gripearekin alderatuz, aldea nolakoa da?

Azken datuen arabera, eta gurearen antzeko populazioa duen herrialde batera begira, Italiara, 80 urteko gaixoetan %10ekoa da: nahiko altua da. 60 urtetik aurrera hasten da gora egiten. 60 urtetik gora, %2; 70etik aurrera, %5; 80tik aurrera, %10. Kontuan hartu behar dugu Italian arazoak dituztela gaitzak erasandako pertsona guztiak behar bezala artatzeko, baina bai: heriotza tasaren datuak ohiko sasoikako gripearekin alderatuta, aldea bada, handiagoa da. Izan ere, sasoikako gripean adineko pazienteen heriotza tasa %3 inguru izaten da.

Italian eriak behar bezala artatzeko zailtasunak dituztela esan duzu. Aurki da egoera hori hemen? Zenbait pertsona bazter uzteko arriskua egon daiteke?

Madrilgo zenbait zentrotan egoera horretara iristen ari dira, eta, hemen, epidemiaren eboluzioaribegira, hel gaitezke. Kasu horretan, adinean bakarrik oinarrituta inor bazterrean uztea saihestu behar litzateke. Adina aldagai bat da, baina ez bakarra. 80 urteko pertsona asko daude egun osasun bikaina dutenak, eta bizitza oso aktiboa daramatenak. Pertsona horiek gaitzari buelta emateko gaitasun handia dute, gazteago askorenaren parekoa. Baina bai, baliabideak eskas izateko atakan gaude, eta auzi etiko zailak sortuko dira hor.

Zergatik da oldarkorragoa birus hau adinekoekin?

Gaitza atzemateko testa jende gehiagori egiten ari zaizkion herrialdeetako datuetara begira, ikus dezakegu birusak agian gehiago erasaten diela gazteei adinekoei baino, baina egoera kliniko larriagoetara daramatza adinekoak. Adinekoen sistema immuneari gehiago kostatzen zaio birus berri horren aurka egitea; denbora gehiago behar du erreakzionatzeko, eta, usu, erreakzionatu duenerako, birusak irabazia izaten du borroka.

Gogorra izan beharko du adinekoentzat behin eta berriz entzutea zeinen kalteberak diren birus berri honen aurrean. Akaso garrantzitsua da gogora ekartzea, era berean, gaindi dezaketela haiek ere eritasuna, ezta?

Bai, bai, jakina. Egun, arta on batekin, arnas aparatuko beste edozein infekzioren antzeko eritasun bat da. Konplikatuak dira halakoak usu adineko jendearentzat, baina arta on batekin, gainditzeko modukoak. Arazorik handiena da egun, gripearekin-eta ez bezala, txertoa falta zaigula gaixotasun honen aurka egiteko.

Bakartuta egon beharra arazo larria izango da zahar askorentzat. Zer aholku eman dakieke?

Osasun aholkuak bete behar dituzte,konfinamenduari buruzkoak ere bai: ikusita dago, kutsatzeak saiheste aldera, lagundu egiten du. Orain, etxean egonda ere, mugi daitezela, etxeko korridoreetan gora eta behera, besterik ez bada ere. Eta garrantzitsua da, ahal dela, ingurukoekiko komunikazioari eustea: telefonoaren bidez, bestelako gailuekin...

Adinekoak hainbeste babestu behar direla sentitzeak ez dakarzenbait unetan beldurra ere? Haiek lasai ukitzekoa, laztantzekoa, besarkatzekoa...?

Gertuko harremana dugun adineko pertsona bat bada, egun batetik bestera ezin diogu hura besarkatzeari utzi. Orain, etxera heldu berritan, eta, esaterako, erosketa egiten egon bagara, aurren-aurrena eskuak ongi garbitu behar ditugu. Behar adinako babes neurririk hartu gabe maitasun keinu bat izateak ondorio txarrak izan ditzake. Higienea ezinbestekoa da halako kasuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.