Emakumeen Nazioarteko Eguna. JEANINE ETXEBERRI

Baiezkoaren bila

Medikuntzan izandako bilakaera hurbiletik jarraitu du Etxeberri erizainak. Sendagileak gizonak izatearen «ohitura» jendearen baitan dela dio, eta emakumeei zaien konfiantza, beraz, ezberdina dela.

BERRIA.
maddi ane txoperena iribarren
Mugerre
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Berandu egin zituen ikasketak. 40 urte inguru zituela, eta gelakideek hogei bat gutxiago. Baina oso kontent: «Biziki giro ona zen. Berriz hasi behar banu, eginen nuke». Baionako Ospitaleko erizaina izan da hainbat urtez Jeanine Etxeberri (1954, Armendaritze, Baxenabarre), baina hara iritsi aitzin erizain laguntzaile gisa aritu zen Bankan (Baxenabarre) eta Baionako bertze klinika batean: «Lehenago egin nahi nituen ikasketak, baina denbora behar da horien guzien egiteko». Egin egin zituen, ordea, baita postu garrantzitsu batera iritsi ere. Organo transplanteen koordinatzailea izan da, hain zuzen, hamabortz urtez. Eta hainbat ikastaro egin ditu horri lotuta, Hego Euskal Herrian eta Espainian: «Lehenbizikoa izan nintzen hara joaten, eta ospitalean ere, lehenbiziko koordinatzailea». Azarotik erretiroa hartua du, baina gustura segituko lukeela aitortzen du: «Azken urteak zoragarriak izan dira, eta adina nuelako; bestela, geldituko nintzen».

Medikuntzaren alorrean bilakaera ikusi du Etxeberrik. Orain urte zenbait, adibidez, medikuak nagusiki gizonak ziren, eta erizain gehienak, emazteak. Pixkana aldatzen ari dela dio: «Mediku gehienak gizonak dira, baina bada emazte asko. Eta ebakuntza geletan ere orain agertzen ari dira emazteak».

Garapena ez da erraza izan, halere, eta oraindik ere lanak banatuak daude jendearen gogoetan, haren ustez. Hildakoen senideekin mintzatu behar izatea egokitu zaio, erraterako, organoak eman nahi ote zituzten galdetzeko. Erantzuna ez da bera izan galdetzailea gizona ala andrea izan.«Bagenuen mediku bat, eta galdeketak beti hark egiten zituen, nahiz gu hor izan. Eta ez du ezezko bat ukan inoiz. Familiek konfiantza handiagoa dute medikua gizona delarik, ohitura hori hor baita, eta baiezko gehiago ematen dute». Mediku emazteak ere izan dituzte, eta haiei ere ez zieten beti ezetz erraten, «baina ez zen berdin».

Lehen aldiz ebakuntza gelara emakume bat sartu zenekoaz ere oroitzen da. Eta eragin zuen harriduraz: «Jendearen buruan, beharbada, ez da gizona bezain gai, baina niri iruditzen zait gizonak bainoago agian ez baina gizonak bezain gai garela gu ere».

Erizain eta medikuen artean ere badago halako «hierarkia» bat, Etxeberriren hitzetan. Maiz gizonen eta emazteen artean egon dena, gainera, lanen banaketaren ondorioz. «Beti medikua ematen da aitzinean. Baina erizainik gabe, medikua ez da deus». Hitz txarren bat jaso izan du horregatik, baina aurka ere egin die. «Ez da utzi behar jendea zure gainetik ibil dadin. Baina ez bakarrik medikuntzan: gizartean, denean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.