Libano. Krisi politikoa

Besteen herria

Libanon, gerra zibilaren garaiko gerra jauntxoak daude oraindik ere agintean. Herritarren artean gero eta gutxiago dira horiek babesten dituztenak, baina atzerriko potentzien laguntzaz baliatzen dira urteetan pilatutako botereari eusteko.

2019tik indartu egin dira goi agintarien aurkako protestak. J. C. V.
Beirut
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Frantziako presidente Emmanuel Macron bikain sentitu bide zen Beirutera iritsi zela itxuratu zuenean. Milimetrora prestatutako sarrera batean, Frantziako presidentea oinez zihoan, ehun urte lehenago Libano izango zenaren eta garai hartan Frantziaren menpe zegoen herrialdearen mugak diseinatu zituen jeneral frantsesa balitz gisan.

2020ko irailaren 1ean gertatu zen hori. Beiruteko portuan eztanda izan zenetik hilabete baino gutxiago igaro zenean, herrialdeko gobernuak dimisioa eman berri zuen, eta askok uste izan zuten Libanoko klase politikoak ezin izango zuela horrelako zerbait gainditu. Macron ohartu zen egoeraz, eta ez zuen aukera galdu nahi izan.

Frantziako presidenteak nazioartearen lehentasun bihurtu zuen Libano, eta ahalegindu zen argi ikus zedin herrialde hobe baterako itxaropena lotuta zegoela bere lidergo pertsonalarekin. Frantziako buruzagiak nazioarteko konferentziak antolatu zituen Libanorako dirua biltzeko, eta Libanoko buruzagiei ohartarazi zien milioiak ez zitzaizkiela iritsiko gobernurik eta erreformarik gabe, eta Parisek zigortu egingo zituela, baldintzak betetzen ez bazituzten. «Gaur hemen eskatu dudana eta alderdi politiko guztiek, salbuespenik gabe, hitzeman dutena da gobernu berri bat eratzeko negoziazioak ez direla luzatu behar hamabost egun baino gehiago», esan zuen Macronek gau hartan.

Ez zuen asmatu: Libanok 400 egun gehiago behar izan zituen gobernu berri bat osatzeko, eta Libanoko klase politikoak ez ditu erreformak bultzatzen oraindik ere. Macronek amore eman zuen, eta, nazioarteko laguntza jasotzeko baldintzak bete ez arren, Parisek ez zuen inoiz zigorrik onartu elite politikoaren aurka.

«Libanoko sistema sektarioak erresilientzia ikaragarria erakutsi du. Mota guztietako aldaketen aurrean agertu du: portuan izandako leherketaren ostean, krisi ekonomikoari aurre egitean eta erakundeek hamar urte luzez jasan duten blokeo politikoaren aurrean», azaldu dioBERRIAri Baxar el-Halabi analista politiko libanoarrak.

Agintariek arriskuan ikusi zuten beren izen ona 2019ko urrian hasitako gobernuaren aurkako protestetan, baita geroztik Libanok izan dituen hondamendietan ere. Gerra zibilaz geroztik egoera korapilatzen denean erabiltzen duten estrategia bera baliatuz erantzun zuten buruzagiek: gizartea estutu zuten, eta herritarren bizi baldintzak okertu zituzten, herritarrek haiekin bat egin zezaten. Bestela esanda: pobretu egingo zaituztegu gure beharra izan dezazuen.

El-Halabik azaldu du Libanok ez duela beste estatuena bezalako sistemarik: «Ez da oinarritzen adierazle ekonomikoetan, enpleguaren sorreran edo atzerriko inbertsioetan. Eskualdeko beste estatu batzuen babesa bilatu izan du beti, horiek aurrera egiten lagun diezaioten».

Macronek hitzemandako finantza laguntza handia ez zen inoiz iritsi, baina Libanok bere burua elikatzen du aldi berean emandako mailegu anitzen bitartez, eta horiei esker jarraitzen du herrialdeak zutik, nola hala bada ere. Horren adibide dira Munduko Bankuak aste honetan iragarri dituen 18 milioi dolarrak; horien helburua zera izango da, osasun publikoa finantzatzea, zerbitzuaren salneurriak merkatuz eta hura eskuragarri eginez aseguru pribaturik ordaindu ezin dutenentzat.

AEBek eta Erresuma Batuak milioika euroren diru laguntzak eman dizkiote armadari; izan ere, erakundea Libanoko giltzarrietako bat izanik ere, soldaduen soldataren balioa %90 baino gehiago murriztu da bi urtean.

Libanok gero eta menpekotasun handiagoa du nazioarteko giza laguntzarekiko, estatuaren ohiko hutsunearen ondorioz. «Buruzagiek ahalegin txikiena egiten dute, bizitzak aurrera egiteko adina soilik. Horrela, saihestu egiten dute alderdiei eragin diezaieketen erreformak aplikatzea», dio El-Halabik. Haren esanetan, Libanorekin lotura duten atzerriko estatuek onartu egin behar dute aldaketa esanguratsu oro, eta estatu horiek konfesio desberdinetako alderdiek ordezkatzen dituzte. «Sistema osasuntsu eta arrazional bat da? Ez da hala, baina, horri esker, zigorrik gabe jardun dezakete herrialdean», dio analistak.

Nazioarteko mosaikoa

«Etxeak, herriak, hiletak eta ezkontzak bonbardatzen ari dira Yemenen. Huthiek beren burua babesten dute kanpoko erasoetatik. Gerra zentzugabea da, eta amaitu egin behar du», zioen Al-Jazeera kateak urrian argitaratutako adierazpen batek, eta horrek hasiera eman zion Libanoren eta Saudi Arabiaren arteko gatazka diplomatikorik handienari. George Kordahik esan zituen hitz horiek, abuztuan, Libanoko Informazio ministro bilakatu aurretik. Saudi Arabiako agintariek gogor erantzun zuten, haiek baitira Yemengo huthien aurka egiten ari den nazioarteko koalizioaren buru.

Riadek harremanak eten zituen Beirutekin; debekatu egin zuen Libanoko produktuak herrialdean sartzea, eta Libanoren aurkako neurriak hartzera bultzatu zituen Golkoko zenbait estatu. Saudi Arabiako agintariek Saud familiarekiko lotura estua dute adierazi zuten zentzugabea zela Libanorekin harremanak izatea, eta ohartarazi zuten ez zutela gustuko Hezbollahk, Yemengo huthiei babesa ematen dien eta Libano gobernatzen duen talde politiko eta militarrak, horrenbeste botere metatzea.

Beste behin, Libanoko herritarrak beren kontroletik ihes egiten zuen dinamika geopolitiko batean sartuta zeuden. Nolabait, nahiz eta ez dagoen han, Ekialde Hurbilean eragina izan nahi duten hainbat potentzien inguruan dabil Libano. Horietako bi dira Saudi Arabia —Mendebaldearekin harremanak dituen erlijio monarkia musulman sunita— eta Iran —erlijio xiita nagusi den errepublika islamikoa, Mendebaldearen esku hartzeekiko kritikoa eta ekialdeko hainbat talderen babeslea, besteak beste Hezbollahrena eta huthiena —.

Hezbollahren aurkako gorrotoa ohikoa da Saudi Arabiako agintarien eta Libanoko biztanleriaren zati handi baten artean; horiek beldurrez ikusten dute alderdi-miliziak zenbait gairi heltzeko duen modua. Horren adibide dira portuko leherketari buruzko ikerketa oztopatzeko egindako erasoak eta Lokman Slimen ustezko hilketa —Hezbollahrekiko kritikoa zen Slim, eta autoan hilda agertu zen otsailean—.

Saudi Arabiako erregimenak Libanon duen eragina handitzeko urratsa egin zuen, pentsatuz Iranen babesa duten alderdiek joan den urriko Irakeko hauteskundeetan izandako emaitza txarrak eragin zuen desafekzio bera egon litekeela Beiruten Hezbollahrekiko.

Saudi Arabiak bultzatu zituen 1989an Libanoko gerra zibilari amaiera eman zioten akordioak, eta horrek herrialdearen gaineko boterea eman zion. Bilera hartan hitzartu zuten berriz ezartzea Frantziaren agintaldian inposatutako botere sektarioak, eta amnistia eman zieten konfesio bakoitzeko komandante militarrei —eta gerra krimenen egileei—, goi kargudun bilakatu zitezen; eta hala jarraitu dute gaur egun arte. Riad, gainera, funtsezkoa izan zen Libanoko hiriburua berreraikitzeko. Baina Saudi Arabiak eragina galdu zuen Libanon, gertukoen zuten buruzagiak, Saad Hariri sunitak, lehen ministro kargua hartu zuenean, Hezbollahrekin gobernua osatuz. Riad ez zen halako koalizio baten aldekoa, eta ohartarazi zuen horrek adierazten zuela Iran indarra hartzen ari zela herrialdean. Haririrentzat, zeina gobernuko kide izan zitekeen bizitza osoan, Saudi Arabia atsekabetzeak haren babesa galtzea ekarri du, baita lehen ministro izateko ondorengo saiakeretan porrot egitea ere.

Legebiltzarrerako bozak

Libanon 2022ko udaberrian egingo dituzte legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren bozak izango lirateke 2009tik, ganberak bere kabuz agintaldia hiru aldiz luzatu ondoren. Zaila da esatea egingo dituzten edo ez, Libanoko politikaren azpijokoek zalantzak sortzen baitituzte, baina hainbat eragilek, eta ez tradizionalek bakarrik, hartu dute beren tokia.

Datozen hauteskundeok beste bultzada bat emango diote azken urteetan indartuz joan den gizarte zibilaren parte hartzeari; horren atzean dauden arrazoiak asko eta desberdinak dira: 2019az geroztik gobernuaren aurka piztutako protestak, ustelkeria neurrigabea eta portuko leherketak argitara atera zituen zabarkeria eta pobrezia. «Agintean dagoen oligarkiaren aurkako borroka ez da berria», azaldu du Alaa al-Sajeghek, Libanoko sistema goitik behera aldatzearen alde dagoen oposizioko Li Haqqi taldeko prentsa arduradunak. «Urte asko daramatzagu lan horretan, erregimen sektarioa jendeari alor guztietan huts egiten hasi zenetik», dio Al-Sajeghek. Hark salatzen duenez, gutxi batzuek eraikitako eredu ekonomikoaren emaitza da Libanon egun dagoen kolapso ekonomikoa eta hiperinflazioa: «Ekonomia bahituta daukate».

Li Haqqi da hauteskundeei begira indarrak batzen saiatzen ari diren talde zibiletako bat. Bozetan parte hartuko duten taldeen oinarrizko aldarrikapen batzuk hauek dira: Libanoren sekularizazioa, justizia soziala, Hezbollah bezalako miliziak desarmatzea, eta banku eta finantza sistema aldatzea. «Badakigu hauteskunde hauek ez direla demokratikoak, [alderdi tradizionalek botoak eskatzen dituzte oinarrizko zerbitzuak hobetzearen truke]. Baina ziurtatu nahi dugu parlamentuko diputatu batzuek herritarren interesa lehenetsiko dutela, eta ez bankuena», dio ekintzaileak

Erregimenak sustatutako sistematik aldentzen den gizarte zibila bultzatzearen alde egiten dute Li Haqqik eta beste talde batzuek; izan ere, erregimenari egozten diote klientelismoan, nepotismoan eta sektarismoan oinarritzea. Horregatik, Al-Sajeghen esanetan, elite politikoari aurre egiten jarraituko dute hauteskundeen aurretik eta ondoren: «Sistemari maila guztietan egin behar diogu aurre, eredu alternatiboak eraikiz: parlamentuan, sindikatuan eta herrietan, eredu alternatiboak eraikiz».

Gizarte mugimenduek aukera dute orain arreta narratiba eta arduradun berrietan jartzeko, besteak beste, Libanon dituzten bizi baldintza negargarriek eta gizarte bidegabekeriak sortutako hutsunea baliatuta. Gainontzean, ezin izango dute justiziarik lortu portuko leherketaren biktimentzat, ez eta lagundu ere banku sistemaren ondorioz bizi osoko aurrezkiak galdu dituzten herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.