Osasuna. Lehen mailako arreta

Sarbide bat baino gehiago

Hego Euskal Herrian indarrean den lehen mailako arreta eredugarritzat dute adituek, besteak beste, ekitatea sustatzen duelako. Azken urteetako jardunak, ordea, arriskuan jarri duela ohartarazi dute; pandemiak agerian utzi du arazoaren tamaina.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Sarri esaten da lehen mailako arreta osasun sistemaren sarbidea dela: gaitzen bat dutenek jo beharreko lehen atea. Baina kontsulta bat, osasun etxe bat, azpiegitura bat baino gehiago dela aldarrikatzen dute hor dabiltzan profesionalek. «Eredu bat da», zehaztu du Mikel Bazak, Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteko kide eta Zeberioko (Bizkaia) osasun etxeko osagileak. «Duela 50 urte sortu zen, mundua kapitalismoaren eta sozialismoaren artean polarizatuta zegoenean; helburua zen osasun arreta ekitatez ematea, desberdintasun sozialak murrizteko. Beraz, lehen arreta ez da leku bat; sare bat izan behar da». Egungo funtzionamendua, ordea, urrundu egin da orduko asmoetatik: adituek diote lehen arretak gain behera egin dituela azken bi hamarkadak, eta pandemiak emandako kolpearen ostean, gogoeta baten premia sumatu dute. «Geure buruari galdetu behar diogu nolako lehen arreta nahi dugun», adierazi du Bazak.

«Oso ondo pentsatuta dago lehen arretaren funtzionamendua», berretsi du Edurne Eginok. Medikua da, eta osasun kudeaketako teknikaria Osasunbidean. Hego Euskal Herriko sistemak arreta integrala ematen duela nabarmendu du: «Osasunaren inguruko kezkaren bat baduzu, lehen arretako erizainengana eta medikuengana joaten zara. Espezialistak izan gabe, denaz dakite pixka bat: zure sintomak aztertuko dituzte, zure bizimoduan kokatuta; eritasuna ez ezik, pertsona eta bere ingurua, ohiturak eta harremanak ikusiko dituzte». Gertutasuna ere azpimarratu du: «Osasun etxea hurbil dugu, auzoan. Sistema bera elkar ezagutzean oinarritzen da: nire betiko medikuek eta erizainek hobeto antzemango dituzte nire osasunaldaketak».

Eredu «ona eta bidezkoa» dela uste du Amaia Bacigalupek ere. EHUko irakaslea da, eta Opik ikerketa taldean desberdintasun sozialek osasunean duten eragina aztertzen du. «Sistema honek osasun desberdintasunak lausotzen ditu: denok dugu eskura lehen arreta; beraz, arta jasotzeko ez dago gizarte desberdintasunik. Maila sozioekonomiko apaleko pertsonek gehiago erabiltzen dute, eta, aldiz, sarbide zailagoa dute arreta espezializatura. Beraz, lehen arreta indartsu, zaindu eta koherentea mantenduz gero, aukera gehiago izango ditugu bai gaixotasun batetik osatzeko bai prebentzioa lantzeko desberdintasunik gabe».

Hego Euskal Herrian indarrean den eredu hori, baina, ez dago hain orokortua. Ipar Euskal Herrian, lehen arreta ez da egitura publikoen esku: ez dago osasun etxerik, eta arta hori medikuen bulego pribatuetan egiten da; herritarrek hautatzen dute sendagilea, kontsulta ordaintzen dute, eta, gero, Gizarte Segurantzak edota mutualitateek hartzen dute beren gain. Halakoak ikusita, Osakidetzaren eta Osasunbidearen eredua «harribitxi» bat dela uste du Bacigalupek: «Europako osasun sistemei erreparatuta, Espainia da lehen arreta erabiltzeko inolako koordainketarik ez daukan ia estatu bakarra. Frantzian eta Iparraldean, 29 euro ordaindu behar dituzu medikuarengana joateko; gero pagatzen dizkizute, baina aurrez poltsikoan eduki behar dituzu».

Inbertsioan, desoreka

Baina indargune horiek guztiak arriskuan ikusten dituzte adituok. Hainbat faktorek eragin dute azken urteotako gainbehera. Batetik, inbertsioetako desorekak aipatu ditu Eginok: «Beti egon da tentsio bat lehen arretaren eta ospitaleen artean: lehentasunei eta baliabideei lotuta. Kapitalismoan bizi gara, eta osasungintzan ere diru asko mugitzen da, ikerketak indar handia du, eta teknika berriak ospitaleetan daude batez ere. Aspalditik eskatzen da lehen arretak aurrekontuaren %25 edukitzea; Osasunbidean ez gara inoiz iritsi horretara, %18an ginen pandemiaren aurretik. Eta horrek ahultasuna dakar: profesional gutxiago daude, zerbitzuak ez dira behar bezala handitzen, ez da inbertsio sendorik egiten...».

Bazak erantsi du egituran ere gabeziak daudela; erabaki guneetan, adibidez: «Osakidetzan nahiko berria da lehen mailako arretako koordinaziorako zuzendariordetza, baina ez da ezer egon 1990eko hamarkadatik. Beraz, baliabideak lortzeko lehia bat dagoenean, lehen mailako arretak ez du ordezkaritza gaitasunik izan. Profesionalak eta osasun zentroak bakarrik sentitu gara askotan, eta pandemian, areago: sentsazioa izan da inor ez dela kezkatu gure beharrengatik».

Harago joan da Bacigalupe: Juan Simo mediku nafarrak dioenaren ildotik, «mamigabetze soziologikoaz» mintzatu da. Gogora ekarri du osasunaren arloan aseguru pribatuak indartzen ari direla, eta, gainera, estatuko funtzionario askok ere arreta pribatua jasotzen dutela, Francoren garaitik mantentzen diren hainbat mutualitateren bidez: «Gero eta jende gehiagok dauka estaldura bikoitza, pagatu dezaketelako, eta horrek esan nahi du ez direla pasatu behar familia medikuarenetik arta jakin batzuk jasotzeko. Aldiz, lehen arreta gero eta gehiago erabiltzen ari dira arreta espezializatura zuzenean ailegatu ezin direnak: maila sozioekonomiko apala dutenak».

Dualtasun horren ondorioz, uste du deskonexio bat gertatzen ari dela: «Lehen arretaren gabeziei buruzko gogoetak espazio politikora eramateko influentzia handiena izan dezaketen horiek utzi diote lehen arreta erabiltzeari, eta erabiltzen dutenek ez dute erabaki politikoetan eragiteko gaitasunik. Eta, hala, Richard Titmuss soziologoak zioenez, pobreentzako sistema bat bihurtzen da sistema pobre bat, hori defendatzeko influentzia dutenek apurka abandonatu dutelako».

Horrez gain, giza baliabideen arloan, arazo ugari pilatu ditu lehen arretak. «Lan erreformak izugarrizko kaltea egin du osasungintzan ere», adierazi du Eginok; «Urte asko dira ez direla oposizioak ateratzen, behin-behinekotasun handia dago langileen artean, eta administrazioak aprobetxatu du kontratu txarrak egiteko, baldintza eskasekin. Ondorioz, hemen trebatutako jende asko kanpora joan da lanera».

Mediku gutxi?

Lan egonkortasunik ez izateak mugikortasun handia dakarkie langileei, eta horrek zuzenean eragiten du ereduaren printzipioetako batean, Bacigalupek azaldu duenez: «Segur aski, lehen arretaren ezaugarri inportanteena da jarraitutasuna: 1980ko hamarkadan diseinatu zen lantalde bakar batek jarraipena egin diezaion paziente bati eta bere familiari bizitza osoan zehar. Baina bi astean behin medikua aldatzen badizute, jarraipen hori desagertzen da». Baita horren onurak ere: «Hainbat ikerketak diote jarraitutasuna pazienteen osasunarekin lotuta dagoela: gero eta jarraitutasun handiagoa, orduan eta hiltzeko arrisku txikiagoa».

Biztanleria zahartu eta gaixo kronikoak areagotu ahala, are beharrezkoagoa da egonkortasun hori, Bazaren arabera: «Rafael Bengoa [Jaurlaritzako Osasun] sailburu izan zen garaian asko hitz egiten zen kronikoen estrategiaz; oso ondo dago, baina egun ezin da gauzatu: ez dago baliabiderik. Gure aldarrikapenak ez dira gure soldaten inguruan: lan baldintza egokiak eskatu ditugu, arreta ona eman ahal izateko».

Horrek ez du esan nahi osagile gehiago behar direnik. Argi du Bazak: «Osasun sistema publikoak ez ditu mediku gehiago behar, ez da premiarik handiena; administrari gehiago behar ditu, eta eta beste rol profesional batzuk kontsolidatu: erizainen espezialitateak sustatu, farmazialariak eta fisioterapeutak osasun etxeetara ekarri... Talde lanean oinarritu behar gara, eta gure arteko osagarritasunean».

Adituon arabera, medikurik ez da falta, baina osasun agintariek maiz adierazi dute ez dagoela osagile nahikorik, edo profesionalek ez dutela lehen arretara joan nahi. «Lehen mailako arreta ez da erakargarria, ez herritarrentzat, ez profesionalontzat; besteak beste, krisi garaiotan igortzen diren mezuengatik», esan du Bazak. Halere, aitortu du arazoa konplexua dela eta hainbat iturburu dituela: «Azken urteetan erietxe gehiago egin dira, eta ospitale-unitate berriak sortu. Osasun sistema hortik hazi da, eta familia mediku asko horra joan dira: erakargarriagoa da».

Eginok erantsi du lan baldintza eskasek ere ez dutela laguntzen: «Hamar urtez ikasi ostean, gazteei eskaintzen dizkiete astebeteko edo hilabeteko kontratuak, bakoitza herri batean...». Planifikazio txarrari ere egotzi dio osagile falta: «Ni trebatu nintzen urteetan, medikuen artean langabezia handia zegoen, unibertsitatetik behar baino gehiago ateratzen zirelako; beraz, Espainiako unibertsitateek numerus clausus ezarri zuten, eta ikasle kopurua mugatu. Ondorioz, azken hogei urteetan ez dira behar adina mediku atera, eta horrek bat egingo du gure garaiko askoren erretiroarekin. Behin-behinekotasunaren arazoa orain konpontzen ez bada, hamar urte barru profesionalak faltako dira».

Eta bada unibertsitatetik datorren beste auzi bat, Bacigaluperen hitzetan: «EHUren Medikuntza graduan ez dago lehen arretari buruzko irakasgairik, nahiz eta espezialitateak 30 urte dituen. Ez da harritzekoa urtero mediku egoiliar izateko lekuetan hutsik geratzea lehen arretako toki pila bat, urteetan inork ez badie azaldu zer den hau... Erabateko desprestigioa dago». Bat dator Baza: «Zaila da errespetatzea eta maitatzea ezagutzen ez duzuna. Prestigioa errealitatera ere lotuta dago: baliabide gehiagorekin prestigioa berreskura daiteke».

Pandemiaren gaitzak

Lehen arretak aurretik zituen korapiloei beste batzuk gehitu dizkie COVID-19aren izurriak, eta azken bi urteetako zamak profesional askoren etsipena eragin du. Egino: «Lehen arretako lana oso bokaziozkoa da, baina bokazioak ere badu muga. Jende asko erretzen ari da: 'Hau ez da nire lanbidea'». Langileen egoeraz ez ezik, pandemiak utziko dituen arrastoez ere kezka du Nafarroako medikuak. Diagnostikatu gabeko gaitzak aipatu ditu: «2020an ia urte osoa egin genuen pandemiarekin: birusa ezezagunagoa zen, beldur handiagoa zegoen, baita osasun etxera joateko ere... Eta, adibidez, ikusi genuen 2019an baino koloneko minbizi gutxiago diagnostikatu zirela». Kronikoen jarraipena ere etenda dago. «Saiatu gara zaurgarrienak gure radarrean mantentzen», esan du Bazak. «Dena den, gure helburuetako bat da gaixotasunen prebentzioa eta osasunaren sustapena. Non geratu da hori?».

Telefono bidezko arretaz ere jardun da Osatzen-eko kidea: «Segur aski geratuko da, aurretik ere erabiltzen genuelako gauza jakin batzuetarako: proben emaitzak jakinarazteko ezer larririk ez bazen, jarraipen batzuk egiteko... Baina orekatu behar da, ez duelako denerako balio». Presentzialtasuna defendatu du, ez soilik sintoma fisikoei erreparatzeko, baizik eta eremu emozionala ere zaintzeko: «Telefonoz ez dago konexio bera, ezin da begietara begiratu, ez-hitzezko komunikazioa falta da... Lehen arretan ez dauzkagu sekulako makinak, baina hitza eta denbora dira gure teknologia. Pazienteei transmititu behar diegu kontsultan pasatzen duten denboragarrantzitsua dela».

Webgunetik eta telefonoz aritzeak bestelako oztopoak ekarri dituztela ohartarazi du: «Harresi bat jarri zaie hizkuntzekin edota teknologiekin ondo moldatzen ez direnei. Irisgarritasuna ezin da izan trebeenarentzat edo baliabide gehien dituenarentzat». Traba horiek eragin dezakete herritarrek zerbitzu pribatuetara jotzea oldean? Egino ezezkoan da: «Gure osasun sistema publikoak oso sendoak dira, ahultasunak dituzten arren: honek ez du zerikusirik Madrilekin edo Kataluniarekin. Ez dut halako arriskurik ikusten, jendeak ezagutzen eta defendatzen duelako».

Bacigalupek, ordea, dudan du ea gizarteak kontzientzia duen lehen arretaren indarguneez: «Berehalakotasuna lehenesten denean, jende batek, ahal badu, nahiago du familia medikuarenetik ez pasatu, zuzenean espezialistarengana joan. Balien aldaketa horrek kalte egin dio ereduari: ez zaio balioa ematen kontsultara joateari, medikuarekin lasai hitz egiteari...». Izurriak eragindako lurrikara aprobetxatu nahi luke Bazak gogoetarako: «Lehen arretak ezin du horrela jarraitu. Pentsatu behar dugu: zer egingo dugu? Norentzat? Aspirazioa izan behar da denontzako osasun arreta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.