Poliziaren indarkeria arrazista. Lekukotzak

«Behartu nahi gaituzte Poliziaren aurrean behera begiratzera»

Modou Faye, 'Beltxa'. Senegal atzean utzita, Iruñera iritsi zen duela urte asko. Paperak ditu orain, Africa United elkarteko burua da, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik libratu.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Barre txiki batek ihes egin dio ezpain artetik, zigarroaren kearekin batera, Poliziarekin izan dituen gorabeherak kontatu behar izan dituenean. «Hemengo edozein senegaldarrek kontatzen ahal dizkizute halako hamaika istorio. Edozeinek!». Poliziaren jazarpena, irainak, atxiloketa arbitrarioak... Hori guztia «eguneroko kontua» dela nabarmendu du Modou Faye Beltxa senegaldar eta Africa United elkarteko bozeramaileak.

2016an hildako Elhadji Ndiaye «pixka bat» ezagutu zuen Beltxak —«Komunitate txikia osatzen dugu Iruñeko senegaldarrok, eta elkar ezagutzen dugu ia denok»—. Haren heriotzak hunkitu zuen, konturatu baitzen Iruñeko «edozein beltzi» gerta dakiokeela antzeko zerbait. «Elhadjik pairatu zuen tratua umiliagarria izan zen: Marzelo Zelaieta etorbidean eman zioten jipoia, askoren artean, eta gero, nola eraman zuten arrastaka, patata zaku bat balitz bezala... Niri egin izan balidate, hilda nengokeen furgonetara iritsi baino lehen».

Europari eta bereziki Espainiari demokrazia eta zibilizazio hitzak «handiegi» zaizkiela uste du senegaldarrak. «Gure sorterrian, idealizatuta dago hau guztia», esan du, buruarekin ezezko keinua eginez. «Senegaldar askok pentsatzen dute Europakoa dela gizarte perfektu bat, horrela saldu izan digutelako; hona iritsita, ordea, konturatzen gara kaka piloa dagoela hemen ere: injustizia, arrazakeria, indarkeria... Eta urteetan kontatu diguten guztia gezurra dela».

Beltxak kolpetik ikasi zuen lezio hori: «Hemen bizi naizenetik, Poliziak zortzi aldiz atxilotu nau eta ziegan sartu, nire kontra kargurik aurkeztu ez badute ere. Arrazoi bakarra dago atxiloketa horien guztien oinarrian: beltza naizela».

Iruñeko Udaltzaingoarekin izan du arazo gehien. «Hona iritsi nintzenean, paperik ez nuen garaian, kalean egiten nuen lan, ahal nuen bezala: CDak eta filmak saltzen, adibidez. Urte horietan, edozein aitzakiarekin gelditzen ninduten, eta kartzelan ematen nuen gaua». Legez kanpoko salmenta delitu gisa sailkatua dagoen arren, beste ikuspegi bat du Africa United elkarteko buruak: «Paperak ukatzen badizkigute eta edozein kontratu lortzeko trabak jarri, zer eginen dugu? Bizirik iraun eta dirua lortu, ahal dugun bezala. Hori ezin da inoiz delitu izan».

Izan ere, haren irudiko, paperik ez duten migratzaileak «behin-behinekotasun egoeran» bizi dira beti: «Badakizu noiz ateratzen zaren etxetik; ez, ordea, noiz itzuliko zaren... ezta itzuliko ote zaren ere. Edozein unetan atxilotzen ahal zaituzte, edozein aitzakiarekin». Behin, udaltzain bati «gaizki begiratzeagatik» atxiki zutela azaldu du: «Udaltzaina hurbildu zen, harro, eta begira gelditu zitzaidan. Nik ere begietara so egin nion, begirada jaitsi gabe. ¿Tú, qué miras?, aurpegiratu zidan [zu, zeri begira zaude?]. Eta, berehala, paperak eskatu zizkidan, haserre. Konturatu nintzenerako hasi zitzaidan kolpeka: ea nor nintzela uste nuen, ea zer egiten nuen hemen, ea zergatik begiratzen nion begietara...». Polizia etxera eraman zuten, eta ziegan sartu: «Esan zidaten paperik ez nuenez gaua han igaro beharko nuela, eta hurrengo egunean epailearengana eramanen nindutela. Nik galdetu nien ea beltza izateagatik epaituko niduten, ez bainuen beste ezer egin. Hurrengo goizean, aske utzi ninduten».

Egun hura oroimenean iltzatuta gelditu zaio Beltxari: «Goiz hartan, futboleko uniformearekin jantzita atera nintzen etxetik, lagunekin gelditua nintzelako partida bat jokatzeko. Bada, piura horrekin sartu ninduten kartzelara, galtza motzetan», barre egin du gogoratzean.

Hurrengo egunera arte ezin izan zien lagunei deitu, gertatutako guztia azaltzeko: «Ohituta gaude halakoetara. Poliziak ez gaitu errespetatzen, eta horregatik etortzen dira hain harroputz, badakitelako ia edozer egiten ahal digutela, eta ez duela ondoriorik izanen».

Paperak, lan kontratua eta etxebizitza duina eskuratzearekin batera, gauzek «hobera» egin dute Beltxarentzat, baina horrek ez du Poliziaren jazarpenetik erabat libratu: «Egoera ez da duela zenbait urtekoa, hori egia da, baina horrek ez du esan nahi jada gelditzen ez nautenik. Poliziak ez du aitzakia gehiegi behar: bi beltz kale kantoi batean hizketan ikusten badituzte, hara joanen dira segituan paperak eskatzera. Zergatik? Beltzak garelako».

Jazarpenaren aurrean, duin

Beltxaren ustez, arazoa ez da polizia bakan batzuena; orokortua da: «Denek edo ia denek jokatzen dute antzera gurekin. Jokabide horrekin lortu nahi dute gu kikiltzea, Poliziaren aurrean gaudenean, lurrera begira dezagun, otzan». Hala ere, ez du bere portaera aldatzeko asmorik batere: «Eurek, poliziek, badute indarra, badute boterea, baina guk, behintzat, baditugu harrotasuna eta duintasuna. Ez diezagutela adarra jo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.