Koronabirusa

Iparraldean hirugarren dosia eskatuko diete 65 urtetik gorakoei

Zaurgarrienek hirugarren dosia hartuta eutsi ahalko diote osasun ziurtagiriari. Abenduaren 15ean sartuko da indarrean neurri berria

Pertsona bat osasun ziurtagiria erakusten, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
ander perez zala
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Positibo kasuen eta ospitaleratzeen gorakadaren aurrean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri zituen atzo iluntzean. Ez die, ordea, herritar guztiei eragingo: 65 urtetik gorakoek eta zaurgarrienek hirugarren dosia jaso beharko dute osasun ziurtagiria mantendu nahi badute abenduaren 15etik aurrera. «Hori da irtenbidea».

Frantziako presidentea osasun krisia hasi zenetik bederatzigarren aldiz mintzatu zitzaien herritarrei. Agerraldia osasun egoeraz aritzeko baliatu nahi izan zuen, baina batez ere «txertatze kanpaina berpizteko», Asanbleako presidente eta Macronen alderdikide Richard Ferrandek bezperan azaldu zuenez.

Estatuburuaren iritziz, txertoari eta osasun ziurtagiriari esker «epidemia menperatzea lortu» dute, baina oraindik ez dute horrekin «amaitu», bosgarren olatua hasi delako. 2020ko abenduaz geroztik, Frantziako Estatuan 100 milioi dosi baino gehiago jarri dituzte, baina aurrera jarraitzeko beharra ikusi du Macronek, eta herritar zaharrenei dei egin zien hirugarren dosia jasotzera.

Iragan ostiralean, Frantziako Asanbleak baiezkoa eman zion osasun ziurtagiriaren erabilera uztailaren 31 arte luzatzeari, eta Konstituzio Kontseiluak gaur onartu du erabaki hori; datorren astelehenera arte irautekoa zen, baina orain diputatuek ziurtagiria hurrengo udaraino derrigortzeko ahala eman diote Frantziako Gobernuari. Halere, horrek ez du esan nahi epe horretan guztian beharrezkoa izanen denik.

Hainbat lekutan sartzeko derrigorrezkoa da osasun ziurtagiria aurkeztea: besteak beste, ostatuetan, merkataritza guneetan, kultur eta kirol guneetan, eta distantzia handiko trenetan. Gainera, osasun zentroetara sartzeko ere beharrezkoa da, larrialdiko kasuetan salbu.

Hortaz, leku horietara joateko, PCR edo antigeno proba negatibo bat, COVID-19aren kutsatze froga bat edo txertoaren pauta osoaren ziurtagiria behar dute herritarrek.

Osasun ziurtagiriari buruzko erabakiaz gain, Macronek jakinarazi zuen COVID-19aren kontrako «tratamendu eraginkorragoak» urtea amaitu aurretik izango dituztela eskura. Ez zuen, ordea, xehetasun handirik eman horietaz: «Frantzia goiz hasi zenez ikerketak egiten, birusaren kontrako arma berri bat izango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.