LEKU-LEKUTAN

'Brexit'-aren erlojua

Westminster jauregiko Big Ben ordularia, EB Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren banderen artean.
Westminster jauregiko Big Ben ordularia, EB Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren banderen artean. WILL OLIVER / EFE

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko urtarrilak 13
Mapa eta geografia zaleontzat oso ederra da ingelesezko Unchartered waters esamoldea. Mapetara oraindik eraman gabeko urak dira, kartografia hutsetan nabigatzea alegia: inor sekula ibiliko gabeko lurraldeetan —itsasoetan— zabiltzan abenturazko sentipen zirraragarria. Literarioki horren kitzikagarria izan daitekeena, baina, erabateko estres faktorea da bizitzan oinarrizko segurtasun batzuk behar dituzunean.

Bagenekien mapa berriak marraztu beharko zirela brexit-a gertatzen zenean, irudimena landu eta eremu ezezagunetan sartuko ginela. Baina brexit-a gertatzen zenerako mapa horiek marrazten ari ziren ustea izan genuen, hasiera batean behinik behin. Erresuma Batuaren irteera ganoraz eta traumarik gabe gertatzeko negoziatzen ibilitako bi urte eta erdiek horren aurkakoa erakutsi dute, eta, egunek aurrera egin ahala, datorren kaosaren neurriak handiagoa dirudi.

Irlandako muga eta merkatu bakarra, eta Europan bizi diren britainiarrak eta alderantzizkoen kasua aipatu izan ziren, baita irten eta gero ordaindu beharreko kopurua ere, aurretik hartutako konpromisoengatik. Baina egunik egun oztopo berriak agertu dira; besteak beste, Luxenburgoko Auzitegitik kanpo geratzeak Erresuma Batuari ekar diezaiokeen segurtasun juridiko falta: bai, Europatik ez zaio aginduko nola ekoitzi edo antolatu merkatuak eta ekoizpenak eta beste hainbat gauza, baina, trukean, arauditik kanpo ekoitzitakoak ere ezingo du Europako merkatuetan ibili, ez eta, itxura batean, munduko beste hainbatetan ere. Adibide txiki bat baino ez da, brexit-a negoziatzeko bide honetan agertu diren arazoez.

Martxo amaieran dago data jarrita egutegian, eta hortik aurrera 2020 amaitu arteko trantsizio epea —gutxienez—. Baina horrek guztiak beste data garrantzitsu bat du aurretik, eta 48 ordu barru izango da. Brexit-a bera ziurgabetasunaren monumentua izanik, zer esan Theresa Mayri eta berak negoziatu eta adostutako planari itxura guztien arabera parlamentuak ezetz esaten dionean etzi?

Ezusteko handirik ez bada, nork bere motiboengatik, baina Theresa Mayri ezetz esango diote, oposizioko laboristek eta eskoziar independentistek ez ezik, bere alderdiko brexit zale gogorrenek eta bere gobernuaren sostengu diren DUPeko unionistek. Hala, Bruselarekin negoziatutako ia 600 orrialdeko akordioa atzera botako du parlamentuak. Eta hortik aurrera zer? Akordioa berriz negoziatzeko aukerarik ez dago, besteak beste 27 herrialdek dagoeneko onartutako araua delako. Alderdi Laboristak hauteskundeak ahalik bizkorren gura ditu, baina Mayk orain artekoei eutsi badie, ez dirudi bere iceberga eztabaidaren ur beroetan urtuta ere lehen ministroak hauteskundeak aurreratuko dituenik, gobernua icebergarekin batera hondoratuta ere.

Mayren ahultasuna, bere bakardadea, indargune ere bazaio: aurka dituenak ezer gutxik batzen ditu. Aukera guztiak orain arte batak ala besteak baztertutako alternatibak dira: hauteskunde aurrerapena behartzeko laboristek ez dute aski indarrik; Norvegia-plus akordioaren aukera (merkatu bakarrean gelditzea lekarkeen hitzarmena) indartu egin da, baina, brexit zale gogorrenek gogorarazten dutenez, horrek Bruselak agindutakoa betetzen jarraitu beharra ekarriko luke, eta trukean orain arte zeukaten arma bakarra, EBko kide legez Bruselako negoziazioetan egotea Londres. Indarra hartu duen beste aukera atzo bertan gelditu zen atzera ere agerian, baina parlamentuaren kanpoaldean izan zen: erreferenduma egitea berriz.

Ustekabean Mayren akordioak parlamentuaren babesa lortuko balu ere, askok uste dute ez dagoela astirik akordio hori gauzatzeko behar diren lege guztiak martxoaren 29a baino lehen onartzeko; bozketan edozer gertatuta ere, 50. artikulua derrigor atzeratu behar delakoan daude. Azkenean auzia, bestelako alternatibarik ezean, hori baita: hamar aste barru dago jarrita epea, denak datoz bat data horretara akordiorik gabe iristea hondamendi ekonomikoa litzatekeela, baina inor ez da gai berak proposatzen duen bidea ezartzeko. Inork ez daki nola geldiarazi erlojua edo brexit-aren trena, ziztu bizian amildegirantz doala ikusita ere.