Belaunaldien arteko elkarrizketa: gauza daitekeen ametsa?

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Urtea estreinatu berri dugun honetan gehienok hainbat asmo hartzen ditugu urte hasi berriari begira. Asmo horietako bat bizikidetza hobetzea izaten da, bizimodu baketsuago eta harmoniatsuagoa lortzearren, hala pertsonalki nola kolektibo gisa.

Frantzisko aita santuak Bakearen 55. Mundu Jardunaldia dela-eta plazaratu duen mezuan adierazi du belaunaldien arteko elkarrizketa, hezkuntza eta lana edukitzea beharrezko tresnak direla bake iraunkorra eraikiko, bada garapen integrala ahalbidetzeaz gainera, gizaki guztien arteko egiazko bizikidetza lortzeko bitartekorik onena baita, betiere proiektu partekatuetan oinarrituta.

Une aproposa dela iritzita, lehenengo alderdi horri buruz egingo dugu hausnarketa eta gure errealitatean aplikatzen saiatuko gara.

1. Ez da erraza egiaz norbera izatea. Gizarteko ideologia nagusiak, batez ere gazte gehienei dagokienez, norbanakoa dauka lehen erreferentziatzat eta erabakitzeko irizpide bakar gisa. Izatez, ordea, taldeari begira egiten da dena, modan dagoena hartzen da aintzat, influencer deituen iritziak agintzen du, zeinari Youtube, Instagram edo Tik Tok sareetan duen jarraitzaile kopuruaren arabera aitortzen baitzaio balioa. Hala, norberaren bizi-errealitatea probokatua edo asmatua, zenbait kasutan jartzen da agerian, gainerakoen morbo-gosea asetzeko, dagokion «loria» zatitxoa lortze aldera.

Inguruan ditugun gizarte-aldaketa zorabiagarriak ez dira zorte hutsaren ondorio; aldiz, hainbat interes gurutzatuk indibidualismoan oinarrituak asko eragindako dinamikaren emaitza dira, eta horrek zaildu egiten du norberaren patuaren jabe izatea, nahiz eta nork bere erabakiak hartu. Askorentzat, desira nagusia olatuaren gailurrean joatea da, haren bulkada-indarrari jarraitzea, aukeratu gabeko eta zuzentzen oso nekeza izango den jomuga baterantz. Eta badirudi ez zaiela axola, besteen aurrean beren «profila» erakutsi dezaketen bitartean.

2. Zailtasunak belaunaldien arteko elkarrizketan. Kasu askotan ez da interesatu ohi eta ez da oinarrizko bizikidetza-zelula hau da, familia osatzen dutenen eskemetan sartzen gaiari buruzko eztabaida sakonetan murgiltzea. Norbera, gaztea edo heldua izan, bere interesetan edo existentziaren kontzepzio absolutu jakin batean itxita bizi baldin bada, intolerantzian erortzeko arrisku larria izango du.

Pentsamolde intoleranteak, ordea, zatiketara eta liskarrera eraman ohi du. Pertsona bakoitzak uste izaten du, gaztea zein heldua izan, bere pentsatzeko eta bizitzeko modua dela balio duen bakarra eta hura ezarri nahi izaten die berarekin bizi direnei, edota, gatazkak saihesteko, komunikazioa alde batera utzi eta nor bere bizitza egiten saiatuko da.

Horrela, gazte askok, pandemiari aurre egiteko neurriekin agerian geratu den bezala, mugikortasuna edo bilerak murrizteko betebehar ororen gainetik jartzen dituzte beren ustezko «eskubide» pertsonalak, eta ez dute onartzen eurek nahi bezala jokatzen ez uztea, izan ere, gazteak izanik, «beren gogara dibertitzeko eskubidea» omen baitute. Ezkutuko frustrazioen sintoma izan liteke, enplegurako eta beren etxebizitza izateko zailtasunen ondorioz, familiatik bereiztea atzeratu behar izan dutelako. Helduak, berriz, ordena-irizpideak ezartzen edo mantentzen saia daitezke, uste dutelako horiek direla balio duten bakarrak, baina baliteke, jarrera horren atzean, besteen pentsatzeko edo jarduteko askatasuna onartzeko beldurra ezkutatzea. Egoera horietan eta beste hainbatetan, ez dago benetako bizikidetzarik, baizik eta, gehienez ere, elkarren alboan bizitzea.

Ikusten da, halaber, gazteen eta aitona-amonen arteko harremanak errazagoak suertatzen direla eta «konplizitate» egoeretara iristen direla zenbaitetan.

3. Etorkizun integratzaile bat ahalbidetzea. Bizitzako helburua ongia bilatzea denean, bai norberarena eta bai pertsona guztiena, elkarrizketa zintzo bat ezarri behar litzateke, guztioi modu desberdinean bada ere dagokigun etorkizunari buruz zer espero eta zer nahi dugun hizpide hartuta. Aipatutako elkarrizketak bestearen duintasun pertsonala hartu behar du oinarritzat, eta horrek, jakina, hura errespetatzea eta entzutea dakar, ezinbestean. Jakin behar dugu elkarrizketa horretatik beti ikasiko dugula zerbait, batez ere, liburu teknikoetan agertzen ez den eta bizitzan asmatzeko hain garrantzizkoa den bizi-jakinduriari dagokionez.

Pertsona irekiak izan behar genuke. Iragana gaindituta dago jada, baina ez du, era berean, lurperatuta eta ahaztuta geratu behar, inoiz izan ez balitz bezala. Adinekoek gorpuzten dute errealitate hori, eta ez lirateke baztertu behar, teknologian eta gizartean beharrezkoa den aurrerapena eragotziko balute bezala. Pertsona horiek izan ohi duten tentuz jokatzeko joerak askotan, berritasuna onartzeko ezintasunetik sortua galga jartzen dio herrestan garamatzan eta gizatasuna kentzen digun dinamika zoro honi. Baina adinekoak ere ez luke saiatu behar bere irizpideak gazteagoei behin eta berriro ezartzen, berak guztia baleki bezala.

Denoi dagozkigun zereginei erreparatzen badiegu (guztion etxea zaintzea eta hobetzea, guztioi bizimodua hobetuko diguten aukera berriak irudikatzea, premia handiena dutenekiko arreta...), norberaren iritziak eta kezkak adieraziko dituen elkarrizketa zintzo, ireki eta adeitsu batek soilik ahalbidetuko du belaunaldien arteko bizikidetza emankorra, non denok ikasiko dugun eta inor ez den inoren gainetik egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.