Albistea entzun

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

TXAPELKETARI ZOR

Irailean emango diote hasiera Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari, eta «nahi baino gertuago» ikusten dute Onintza Enbeita, Joanes Illarregi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek. Hala ere, ez dira «edonola» joango: prest joango dira. Haien ustetan, horixe «zor» baitiote txapelketari.
Ezker-eskuin, Onintza Enbeita, Joanes Illarregi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Donostian.
Ezker-eskuin, Onintza Enbeita, Joanes Illarregi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko apirilak 10 - Donostia

Utzi zuen hurrengorako gogoa 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak. Eta, horregatik, aurtengorako «gosea». Urtebete berandu dator, ordea; pandemiak atzeratu egin baitzuen 2020an behar zuena. Irailean hasiko dira saioak, eta «nahi baino gertuago» sentitzen dute Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979), Joanes Illarregi (Leitza, Nafarroa, 1999) eta Beñat Gaztelumendi (Donostia, 1987) bertsolariek. Piztua dute txapelketaren alarma, eta laster igoko dira kudeatzea ezinezkoa den emozioen errusiar mendira.

Jokatu dituzue dagoeneko zuen herrialdeetako txapelketak. Gipuzkoakoa pandemia hasi aurretik, eta Bizkaikoa eta Nafarroakoa ondoren. Txapelketa Nagusirako prestatzeko balio izan zizuen?

BEÑAT GAZTELUMENDI: Nik, Gipuzkoako finalaren ondoren, halako kezka bat izan nuen. Oholtza gainetik ikusi baikenuen publikoaren artean banaketa handi bat zegoela: gustuetan, bertsolari moldeetan... Lehenago egongo ziren akaso, baina gehiago azaleratu ziren egun horretan. Gero pandemia iritsi zen, eta une honetan sentitzen dut Gipuzkoako Txapelketa duela hogei urte egin zela. Ez dakit geroztik dena aldatu den, baina egoera honetan kosta egiten zait esatea zein den gaur egun bertsolaritzaren argazkia.

ONINTZA ENBEITA: Zaila da argazki edo diagnosia egitea. Bizkaiko Txapelketaren nire inpresio orokorra da bertsozaleak bazeukala bertsoarekin gozatzeko gogoa. Baina egia da txapelketa bera arrastatu egin dugula; 2020ko udazkenean jokatu baitziren Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoak. Arrazoia du Beñatek. Badirudi 2019a duela hogei urte izan zela, baina guk 2021ean oso argi geneukan 2020an jokatu gabeko txapelketa jokatzen ari ginela.

JOANES ILLARREGI: Nik Nafarroako Txapelketan zer joera aldaketa egon den esateko ez daukat hainbesteko esperientziarik, jokatzen nuen hirugarren txapelketa izan baitzen. Ikusi dudana da Nafarroako bertsoaren maila asko hobetu dela azken urteotan. Eta azken txapelketan, ez dakit nire kontua zen edo pandemiaren ondorengo egoera zen, baina iruditu zait lehia beste urte batzuetan baino presenteago egon dela.

Nire ustez, ez zitzaigun oso garai onean iritsi txapelketa. COVID pasaportearen garaia zen, eta zatitutako entzuleria bati ari ginen kantuan; bakoitza beretik.

Irailean hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Apirilaren 10a da. Nola ikusten duzue?

ENBEITA: Nik nahi baino gertuago; oraindik Bizkaikoaren ajea sentitzen dut, neurri batean. Gauza bat da norberaren helburua ez egotea finalean edo ez egotea ez dakit zer lorpenetan. Baina txapelketa hor dago. Eta txapelketara ezin zara edonola joan. Jendeak zerbait espero du, eta guk txapelketari hori zor diogu.

GAZTELUMENDI: Nik nahiko arraro ikusten dut, egia esan; ez dakidalako duela bost urte garai honetan gertuago edo urrutiago ikusten ote nuen txapelketa. Uste dut denok ari garela etengabeko ariketa bera egiten: normaltasuna deitzen genion hori nola bizi genuen eta nola bizi dugun orain. Batzuetan oso gertu ikusten dut Euskal Herriko Txapelketa, eta beste batzuetan urruti.

Normalean, urtean zehar plazako zirkuitu nahiko antolatu bat edukitzen dugu. Gutxi gorabehera antzeko egutegia izaten dut txapelketaren aurretik. Baina oraingo egoeran ez dakigu oso ondo gaurtik hilabetera non ibiliko garen. Txapelketa da une honetan dugun ziurtasun bakarra; irailean hasiko dela, alegia. Uste dut txapelketa bera erlatibizatzeak lagunduko duela lasaiago bizitzen.

ILLARREGI: Nik nahiko presente daukat txapelketa; nahi baino gehiago, agian. Nire lehendabiziko aldia da, eta, batez ere, ilusioz eta gosez bizi dut. Bertso eskolan ez naiz aritzen ehuneko ehunean txapelketa nagusirako entrenatzen, baizik eta lehenago ere egin dudan bezala, bertsotan egitea gustatzen zaidalako.

Nire anaiak [Xabat Illarregi] esaten dit: «Zuk orain bertso eskolara joan behar duzu txapelketarik egongo ez balitz bezala; gero etorriko da etorri beharrekoa. Askoz hobeto egingo duzu horrela». Nik ere nahiko nuke horrela egin, baina zaila zait ariketa hori egitea.

Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi.Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi. Jon Urbe, Foku

Joanesen lehendabiziko aldia izango da Euskal Herriko Txapelketan. Onintza, Beñat, gogoan duzue zuen lehendabizikoa?

ENBEITA: Bai, nik bai. Uztaritzen [Lapurdi] izan zen, 2005ean. Amets Arzallusek kantatu behar zuen bertan,eta bera zen urte horretan finalerako faboritoena. Elementu asko batu ziren saio horretan egun hori oso berezi egin zutenak.

Lehenengoa berezia da, baina uste dut gero hasten zarela gehiago gozatzen eta erori gabe eusten. Nire herrian esaten den bezala: lehenengo potroak ikusi, eta gero oso erraza da katarra identifikatzea.

GAZTELUMENDI: Nik ere Uztaritzen egin nuen lehen saioa, baina Onintzak baino lau urte beranduago, 2009an. Gero, finalaurrekoetara pasatu nintzen. Gogoratzen dut zoragarria izan zela, baina finalaurrekoetan izugarri handi geratu zitzaizkidan saioak. Nik ez nuen kontrolatzen hor mugitzen zena. Desorientazio edo ezin kokatu bat sentitu nuen.

Ez da erraza izango kokatzen asmatzea. Nola kudeatzen duzue emozio festa hori?

GAZTELUMENDI: Pertsona batek jasan ezin duen egoera bat da; gainditu egiten zaitu etengabe. Nire ustez, giltza da onartzea horrela izango dela. Hala ere, emozioak ezin dira kontrolatu, eta uste dut ez direla kontrolatu behar, gainera.

ILLARREGI: Nik uste dut txapelketa garaian neure buruari eskatzen diodala gero betetzeko gai ez naizen diziplina bat. Intentsitate handiagoz bizi baitugu bertsoa txapelketa garaian. Kontzentrazio maximoa lortzeko bizimodu lasai bat proposatzen diot neure buruari, baina gero ez dut betetzen, eta ez da ezertxo ere gertatzen.

ENBEITA: Ez da ezertxo ere gertatzen, ez. Txapelketa da gauza bat presente dagoena beti, motxila bat abendura arte bizkarrean eramango duzuna. Egongo dira momentu asko beste gauza bat egiten ariko zarena, baina tarteka piztuko zaizu alarma hori. Ez dago formula magikorik hori kudeatzeko. Euskal Herriko Txapelketa lau urtez behin da, eta ni, adibidez, ez nago duela lau urte nengoen egoera pertsonal berean, eta ez naiz egongo hemendik lau urtera ere.

Amets Arzallusek, 2005eko txapelketako azken agurrean, honela kantatu zuen: «Noizbait Baionan jokatu dadin aurten Barakaldon zena». Baionan ez, baina Iruñean jokatuko da finala lehenengoz aurten.

ILLARREGI: Bai. Eta Nafarroako bertsoaren eboluzioaren adierazle da hori. Gainera, finala Iruñean egiteak erakusten du Nafarroan ere badirela baldintzak bertan egiteko bertsoaren inguruan egiten den ekitaldirik handiena.

ENBEITA: Pisu sinboliko handia du, baina zaila da kalkulatzea pisu praktikoa zein izango den. Lehenengoz Barakaldon [Bizkaia] egin zenean ere izan zuen bere garrantzia; bertsolaritzak ordura arte bereak ez omen ziren esparru batzuetan sartzea lortu zuen. Ustez periferia den leku batera goaz, baina uste dut hori dela bertsolaritza zentrora eramaten duena.

GAZTELUMENDI: Momentu ona zen mugitzeko, Iruñean lehendik zegoen indar horri txapelketaren indarra batzeko. Hala ere, badugu erronka bat: Iruñetik hegoalderago ere zabaltzekoa; bai euskara eta baita bertsoa ere. Ea horretarako behintzat balio duen finala hara eramateak. Noizbait Baionan egiten bada ere horretarako izango da.

Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi eta Joanes IllarregiHiru bertsolariak, Donostian. Jon Urbe / Foku

Oholtzara igotzen zaretenean, jendeak zerbait espero izaten du zuengandik?

ENBEITA: Bai, nik askotan izaten dut irudipen hori; ikusten gaituzten momentutik, jendeak gure gaineko irudi bat egiten baitu. Eta, askotan, gugandik espero duten horretatik abiatuta eraiki dugu gure estereotipoa moldeak apurtu ezin izan ditugunean. Halakoetan, estereotipo horri heldu behar izan diogu; guretzat gogorrak izan diren terrenoetan, batez ere.

Adibidez?

ENBEITA: Bada, esaterako, Onintza Enbeita konplexurik ez daukan neska bat izan da jendearentzat, neska bat berdin diona denak, lotsagabea dena... eta nik horri eutsi diot ez dudanean indarrik eduki horri izkin egiteko.

Orduan, maskara bat behar da oholtzara igotzeko?

ENBEITA: Beti bazoaz biluzik edo erabat desarmatuta, publikoak irentsi egiten zaitu; publikoaren aurrean jartzea ariketa gogorra baita askotan. Orduan, batzuetan balio dizu zu izateak eta balio dizu biluzteak eta maskara kentzeak, baina beste batzuetan maskara baten beharra izaten duzu zuk zeure buruarekin eraiki duzun estereotipo horretatik kantatzeko. Hala ere, nik uste dut zilegi direla maskarak plazako jardunari eusteko.

GAZTELUMENDI: Beti dago distantzia bat oholtzan erakusten duzunaren eta benetan zarenaren artean, denok dugu babestu beharra, neurri batean. Etengabe biluzik aterako bagina, horrek berak jango gintuzke. Saioetara joateko deitzen digutenean, batzuetan izaten da zure profila behar dutelako saioan, eta ez benetan zu kantuan entzun nahi zaituztelako. Orduan, gugandik espero duten horretan preso sentitu izan gara askotan, eta zaila da jakiten zenbateraino hautsi estereotipo horrekin. Egin da bide bat horretan, baina badago zer aztertua eta zertaz hitz egina oraindik.

Txapelketan ere hala izaten da?

GAZTELUMENDI: Txapelketan desberdina da, gaiak denontzat berdinak direlako, edo, hobeto esanda, ez direlako abiatzen estereotipoetatik.

ILLARREGI: Niri iruditzen zait gaitzat daukagun horren arabera izan daitekeela maskara jarri edo kentzearen kontu hori. Maskara jartzeko hautua askotan egiten dugu gaiaren inguruan askorik ez dakigunean edo gaia bera gu garenetik urruti geratzen zaigunean. Jarri dizuten gaia umorez jorratzea gaia saihesteko modu bat izan daiteke sarri, eta zeure buruari esaten diozu: «Nik gai honen inguruan jakin beharko nuke, eta ez dakit».

Gertatu izan zaizu, Joanes?

ILLARREGI: Bai. Askotan gertatu izan zait neure burua ikustea egunerokoan esango ez nukeen zerbait kantatzen. Publikoak baldintzatzen zaitu askotan: inprobisatu behar duzu, neurri batean sartu eta errimatu, gainera. Baldintzatua sentitze horrek askotan bideratzen zaitu pentsatzen ez duzun zerbait esatera edo pentsatzen duzuna beste modu batera esatera.

Batzuetan, beldur batetik abiatzen gara, esan nahi dugun edo pentsatzen dugun zerbait esateko beldurrez; «politikoki zuzena» ez delakoan. Espero ez dutena kantatzeak barne gatazka batean sartu izan nau, «politikoki zuzena» den hori kantatzera derrigortuta baikaude, neurri batean.

Eta espero duten horretatik jarri izan zaizkizue gaiak?

ENBEITA: Bai. Niri neska lotsagabearen rola jarri izan didate askotan, filtrorik gabekoa. Oso gutxitan ama batena. Gehiagotan izaten naiz amona, adibidez, edo maitalea. Gehienetan lesbiana. Espero dute nik filtrorik gabe kantatzea, eta askotan filtrorik gabe kantatze hori da nire filtro printzipala. Beti kokatu izan naute hor, Kontrako eztarritik liburuan horrelako gauzak esatera ausartu ginen arte. Orain askotan esaten dute: «Onintzak esaten du bera ez dela emakume desiragarria. Gaur jarriko diogu horrelako gai bat». Orduan, gaia jartzen dizute eta zu erabat galduta sentitzen zara, ez daukazulako horri erantzuteko armarik.

GAZTELUMENDI: Nire kasuan, uste dut Euskal Herrian gaztaro luzeena eduki duen pertsona ni naizela [barreak]. 30 urte bete arte jartzen zizkidaten gaiak izaten ziren: «Parrandan atera zara, eta ama zain duzu leihotik begira». Orain arte hori izan naiz, baina atera naiz horretatik, eta batzuetan ezin kokatuta ibiltzen naiz.

Gazteagotan jartzen zizkidaten gai batzuk, esaterako: «Etxe bila zabiltza», edo: «Etxebizitza sozialetan eman duzu izena, eta tokatu egin zaizu», eta horrelakoak. Halakoetan, askotan sentitu dut ez nekiela gaiari nondik heldu edo zer esan. Diruaren gaia beti da gai bat nahiko lehorra: beti kostatzen zaigu horren gainean kantatzea, oro har. Baina egia da, aldi berean, lagun artean ohikoagoa dela alokairuari buruz edo diruari buruz hitz egitea. Kezka hori bertsoetara ezin eramate hori askotan pasatu izan zait niri. Nork bere ahotsa bilatzea prozesu gorabeheratsua da.

ILLARREGI: Uste dut niri hiru puntatatik jarri zaizkidala gaiak, gehienbat. Alde batetik, Beñati bezala, gaztetasunetik; bestetik, parranda giro eta ligatzeko egoeretatik; eta, azkenik, gai politikoak jartzen dizkidate askotan: presoei eta Euskal Herriari buruzko gaiak, adibidez.

Batzuetan, egokitu zaizun gaian eroso kantatzea tokatzen da, eta beste batzuetan, kristoren fardela izaten da. Gai horren inguruko hiru bertso kantatu, eta atzera itzuli berriro ere: ez dago besterik.

Onintza Enbetia, Beñat Gaztelumendi eta Joanes IllarregiIrailean hasiko da Euskal Herriko Txapelketa. Jon Urbe / Foku

Aldatzen ari da gaiei heltzeko modua, zuen ustez?

ENBEITA: Ez dakit aldatzen ari den edo ez. Orain arte, emakumeok gizonezkoen diskurtsoekin lekua egiten aritu gara, eta, emakumeak plazara etorri eta gure diskurtsoa eraiki dugunean, talka bat gertatu da. Izan ere, askotan, kontua izaten da gai horien atzean zein irudikatzen duen bertsolariak eta ze pertsona irudikatzen duen aurrean dugun publikoak. Hor gertatzen da talka.

Gaia jartzen digutenean, gure gorputza kokatzen dugu bertsolariok gai horretan, ez beste inorena. Niri esaten didatenean: «Boxeolaria zara», nire buruan dagoen irudi bakarra da Onintza boxeoko eskularru batzuekin; ez dut imajinatzen ez Andoni Egaña eta ez Amets Arzallus. Kontua da, publikoak gai horietan bere buruan irudikatzen duena gizonezkoa dela gehienetan, eta hor gertatzen da aipatu dudan talka hori.

Adibide bat?

ENBEITA: Bizkaiko finalean lehen aldiz kantatu nuenean, hau izan zen jarri zidaten gaietako bat: «Boxeolaria zara; kolpe bat eman dizute, eta etzanda zaude. Arbitroa kontatzen hasi da». Nik neure burua irudikatu nuen, baina espezifikatu gabe neska edo mutila nintzen. Oholtzatik jaitsi nintzenean, lagunek galdetu zidaten ea nor ikusten nuen nire buruan gai horretan. Eurek gizon bat irudikatu omen zuten. Niri jarri zidaten gaia, ni ari nintzen kantuan, neure burua ikusten nuen; nor ikusiko nuen, bada?

Horrekin lotuta, saio batean Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariei gaitzat jarri zieten bi pilotari zirela, eta bi emakumezko pilotariren larruan jarrita kantatu zuten. Tranpa egin izana eta gaia «euren terrenora» eraman izana leporatu zieten.

ENBEITA: Pentsa! Emakume pilotariak Marten gertatzen den zerbait izango balira bezala. Zu emakumea zara, eta jarri dizuten gaian kokatzen duzu zeure burua, eta gainera entzun behar duzu tranpa egiten ari zarela. Jarriko baliote edozein gizoni hilekoarekin zerikusia duen gai bat, ziurrenik, ez litzateke erantzuteko gai izango. Eta, era berean, inork ezin du imajinatu zenbat aldiz kantatu dugun guk zakilari edo hari lotutako gauzei buruz.

GAZTELUMENDI: Horren atzean dagoen debatea da ea bertsolaritza zer den, norena den, eta norentzat dela uste dugun. Uxuek eta Ainhoak saio hori egin zutenean ni entzule nengoen. Zortziko txikian egin zuten, umoreak lekua duen doinu batean. Txapelketan neurri horretan jartzen dira gai absurdo edo umoretsuenak. Gaur egun iruditzen zait badagoela puskatu ez den zerbait. Orain agian ez dute zuzenean esango «tranpa egin duzue», baina agian zeharka esango dute: «Baina ez duzue umorerik egin». Uste dut datorren txapelketa honetan oraindik ikusiko dugula hori.

ILLARREGI: Uste dut bertsoa nork bere terrenora eramate hori normala dela, hala ere. Azken finean, kantatzen ari den horrek beretik kantatuko du nahiz eta estereotipoz beteta egon. Orduan, bertsoa zure terrenora eramatea guztiz normala da, zure terrenotik ari baitzara kantuan. Onintzak esan duen bezala, gaia niri jartzen badidate, nik kantatuko dut paper horretatik.

Orduan, bertsolaritzan gauzak aldatzen ari dira, baina gelditzen dira erronka batzuk?

ENBEITA: Zorionez, aldatzen ari dira, bai. Hala ere, iruditzen zait oraindik meloi asko gelditzen direla irekitzeko. Umorearena, adibidez. Meloi handi bat da hori.

Irekiko dugu meloia. 1993an, Iratxe Ibarrak kantatu zuen: «Nahiz ta gizonek kristonak esan/ beren grazi eta guzi/ de puta madre geratzen zaie/ ta guri, berriz, itsusi».

ENBEITA: Bertso horretan badago klabe inportante bat. Gauza bera esaten badu Unai Iturriagak edo Onintza Enbeitak, Onintza Enbeita izango litzateke lotsagabe handi bat ez duena neurtzen zer eta non esan behar duen, eta Unai Iturriagaren kasuan, esaterako, kontrakoa izango litzateke: mundu guztiari egingo lioke grazia. Hori gertatzen zen lehen, eta hori gertatzen da orain, neurri batean. Umorea ezin da izan soilik bertso afari batean berandu iritsi dena umiliatzea. Hor gauza asko daude planteatzekoak: zenbat aldiz egin dugun harakiria publikoan gure gorputzari buruz kristorenak esanda, min emateraino, iruditzen zaigulako jendearentzat barregarria dela lodia, txikia edo burusoila izatea.

Nork erabakitzen du zeri egin behar zaion barre? Eta zergatik? Uste dut gauza asko jarri behar ditugula zalantzan eta, zaila den arren, bertsoen bidez gauza horiekin guztiekin apurtu beharra daukagula. Toki batzuetan eroso egoten zara umorea egiten, baina beste toki batzuetan nahiago dut la gordita feliz izan [gizentxo alaia], ez daukadalako borrokan aritzeko gogorik.

GAZTELUMENDI: 2018an atera zen bertsozaletasunaren inguruko azterketa soziologikoa, eta horren emaitzak nahiko kuriosoak ziren: gizonezko bertsolarioi gehien baloratzen zaiguna umorea dela zioen, eta emakume bertsolariei, berriz, irudimena. Uste dut hori dela klabea kontu honetan. Hau da, zer den umorea eta zeinek definitzen den umorea.

Askotan, irudipena dut diskurtso politiko bat botatzen duzunean askoz errazago sartzen dela eta denok dakigula zer den zuzena. Aldiz, oso barruan daukazun kode horretan sartzen hasten denean bertsolari bat eta umorea egiten saiatzen denean beste gorputz batetik, hori gehiago kostatzen zaigu. Justu hori delako inertziak gotortuen dauden lekua. Bertsolaritzan klabea da umorea eraldatzea; horrek dena aldatuko baitu, nire ustez.

ILLARREGI: Uste dut, neurri handi batean, denborarekin aldatu egin dela umorea egiteko modua. Hitzetik Hortzera-ko 2012ko saioak, esaterako, pentsaezinak dira gaur egun. Pentsaezinak baitira umorea egiteko orduko erak. Beraz, aldatu da umorea egiteko modua, baina jendearen ikuskera da, akaso, horrenbeste aldatu ez dena.

Hala ere, iruditzen zait bertsoak galdu egin duela umorea pixka bat. Izan daiteke aipatu duzuen meloi hori ez delako ireki.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...