Apirilaren 17an hasiko da Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa

Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte, bederatzi bikotetan banatuta, eta sei saio izango dira

Erredakzioa
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Udazkenean Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko lau kanporaketa jokatu ondoren, Arabako Bertsozale Elkarteak erabaki du 2021ekoa formatu berriarekin jokatzea. Binakakoa izango da, eta apirilaren 17an hasiko da Izarran, hemezortzi bertsolarik osatutako bederatzi bikoterekin. Txapelketa maiatzaren 22an bukatuko da Legution jokatuko den finalarekin.

Antolatzaileek nabarmendu dute pandemiaren egoeraren ziurgabetasuna eta banakako txapelketak izan zitzakeen oztopoak kontuan izanda erabaki dutela txapelketari forma aldatzea. «Bertsolariek lasai kantatu ahal izateko baldintza egokiak bermatzen ez zirenez, egoeraren aldakortasunak berak sortu zitzakeen gorabeherak izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak», azaldu zuten, atzo, Izarran bertan, Egoitz Iradier eta Uxue Diaz de Zerio Arabako Bertsozale Elkarteko sustapeneko arduradunek. Txapelketak bertso komunitatean garrantzi handia duela adierazi zuten elkarteko ordezkariek.

Txapelketak hiru final-laurden, bi finalaurreko eta finala izango ditu. Apirilaren 17an Izarran hasi ondoren, Araian eta Oionen jokatuko dira hurrengo final-laurdenak; Amurrion eta Gasteizen finalaurrekoak, eta maiatzaren 22an bukatuko da txapelketa Legutioko kiroldegian jokatuko den finalarekin.

Bertsolari bikoteak, berriz, honako hauek izango dira: Iñaki Viñaspre-Unai Anda, Xabi Igoa-Felipe Zelaieta, Elisabet Zaldua-Aitor Ugarte, Peru Abarrategi-Beñat Garaio, Manu Bendala-Oihane Perea, Martin Abarrategi-Manex Agirre, Irati Anda-Aroa Arrizubieta, Xabier Antia-Andere Arriolabengoa eta Ander Aranburu-Rikardo Gonzalez de Durana.

Bertsolari eta bikote bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean. Bederatzi bikote ariko dira final-laurdenetan, sei finalaurrekoetan eta hiru finalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.