Ostiral Santuko Akordioa. Egungo egoera

AHALEGINAK ETA EZINAK

Asteartean hogei urte beteko dira Ipar Irlandan Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenetik. Geroztik aurrerapauso politikoak eman diren arren, testuaren helburu nagusia ez da oraindik bete: gizartea eraldatzea, eta integrazioa lortzea.

AHALEGINAK ETA EZINAK.
ander perez zala
Belfast
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Asteartean hogei urte beteko dira Irlandako Errepublikak, Erresuma Batuak eta Ipar Irlandako ordezkari eta alderdi politiko gehienek bakea sinatu zutenetik. Aurten, ordea, Ostiral Santuko Akordioak ez ditu egoerarik pozgarrienean beteko urteak. Bi hamarkadaren ostean, inoiz baino biziago dago akordioaren oinordetzari buruzko eztabaida Ipar Irlandan, urte erdiko tartean bere egonkortasuna eta etorkizuna zalantzan jarri dituen bi erronka agertu baitzaizkio.

Batetik, brexit-aren mehatxua, 2016ko ekainean EB Europako Batasunetik ateratzeko jarrerak irabazi baitzuen David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro zenak antolaturiko erreferendumean; Ipar Irlandan EBn geratzearen aldeko iritzia nagusitu zen, botoen %55,78rekin. Ordutik, muga gogor baten mehatxua han-hemenka dabil Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean, eta, egun, ez dago argi zein irtenbide gailenduko den Erresuma Batuaren eta EBren arteko negoziazioetan. Arrisku horrez gain, barne krisi batek kolokan jarri du akordioaren oinarri nagusia: 2017ko urtarrilean, Sinn Feinen eta DUP Alderdi Demokrata Unionistaren arteko gobernua desegin egin zen, energia programa polemiko baten ondorioz, eta bi hilabete geroago, hauteskundeak egin zituzten arren, bi komunitate nagusien ordezkariak ez dira ados jarri.

Bitartean, Ipar Irlanda gobernatzeko ardura Londresera itzuli da. Botere partekatua, gizarteari egonkortasuna transmititzea helburu duen sistema politikoa, kolapsatua dago iazko urtarrilaz geroztik, eta blokeo politikoak ez du hobetzeko zantzurik erakutsi azken hilabeteotan. Horren ondorioz, zalantzak sortu dira bake akordioari esker sorturiko gobernu sistema bideragarria ote den, kontuan harturik bi alderdi nagusiek eskualdearentzat kontrako etorkizun politikoa dutela helburu. Halaber, bakea indarrean sartu eta hogei urtera, zertan da Ostiral Santuko Akordioa? Ipar Irlandako politikan egindako aldaketek eragina izan ote dute gizartean? Ala gizarteak markatzen du Ipar Irlandako agenda politikoa? Nabaria da bi komunitateen arteko zatiketa, eta horren erakusgarri dira auzo bakoitzeko ikur eta mezuak. Zatiketa ez da soilik gizartera mugatu, politikan ere aspaldiko krisian murgildu baitira nazionalisten eta unionisten ordezkariak.

Argiak eta itzalak, ondorio baikor eta ezkorrak izan dira Ostiral Santuko Akordioa indarrean sartu zenetik. Hogei urteren ostean, arrakastatsua izan ote den, erantzuna desberdina izan daiteke ikuspuntuaren eta komunitatearen arabera. Gizartea eraldatzea eta gutxiengoak babestea da akordioak finkaturiko helburu nagusia: bete al da helburu hori? George Mitchell Senataria Bake Globalerako Institutuko ikertzaile Peter McLoughlinen arabera, kontu handiz erantzun behar zaio galdera horri. «Teknikoki, akordioaren eduki gehiena indarrean sartu da. Arazoa zera da: akordioaren izpiritua, gizartea eraldatzea, ez dela gauzatu. Jarrera politikoei buruz ari naiz».

Nazionalisten eta unionisten arteko gatazka armatuari amaiera eman zion 1998. urteko akordioak, eta eskualdea garai politiko berri batean sartu zuen; hogei urte igaro ostean, baina, gizarteak bere horretan jarraitzen du, aldaketarik garrantzitsuena indarkeriaren amaiera izanik. McLoughlinek gogora ekarri du egoera hori: «Oso gizarte zatitua gara oraindik ere. Akordioaren helburuetako bat zera zen, gizartea eraldatzea botere partekatuaren bidez —politikaren bidez, alegia—, gizarte integratuagoa izatea eta bakoitzak bestearekin duen jarrera eta harremana aldatzea. Horrek ahalbidetuko zuen indarrak jartzea ohiko arazo politikoetan: lan gatazketan, aberastasunean edo ingurumenarekin dugun harremanean, esaterako. Baina ez da hala gertatu, bi komunitate tradizionalek oraindik kezka handiak dituztelako beren nortasunaren eta jarreren inguruan. Eta horren menpeko bilakatu da politika. Egun, oso zatituta dagoen gizarte baten menpe dago gure sistema politikoa. Banatuta bizi gara, eta segregazioa dago; hemen Belfasten, adibidez, toki batzuk oso esklusiboak dira, izan katoliko, edo protestante».

Segregazio hori sistematikoa da, eta bake akordioaren helburuetako bat integrazioa den arren, belaunaldi berriak betiko sisteman sartuta daude, eta betiko sisteman hezten dituzte. Haurrak txikitatik sartzen dira Ipar Irlandan finkaturiko dinamikan: «Gure hezkuntza sistema oso bereizita dago. Gure haurren %90 guztiz bereizitako eskoletara doaz, izan katoliko edo protestante. Unibertsitatean desberdina da: nahasiago daude. Baina gure haurrak bananduta hezten dituzte. Bi aldeetako gazteek ez dute ia harremanik, eta bi komunitateen arteko ezkontzak oso urriak dira;horrela laburbil daiteke egungo egoera. Aldatzen ari da, noski, baina gutxi aurreratu dugu alor horretan. Mekanismoak ditugu, eta bi komunitateen sistema hori etenik gabe ari gara ekoizten, identitatearekin batera. Eta hori politikan ikusten da, gai edo auzi guztiz zatituek menperatzen baitute agenda politikoa».

Adiskidetzea ez da gauzatu

Integrazioarekin batera, akordioaren gakoetako bat gizartea eraldatzea da, nazionalisten eta unionisten adiskidetzea helburu. Oraingoz, xede hori bere bidea eraikitzen ari da, eta, gai horren inguruan, pazientzia eta denbora giltzarri direla uste du McLoughlinek: «Hemengo zatiketa ez zen bat-batean sortu; hainbat mende behar izan zituen; Ipar Irlanda sortu aurrekoa da zatiketa, kontzeptu horrek ehun urte baino gutxiago baititu. Gutxienez, hamarkadak beharko ditugu egoera honi buelta emateko. Aurrera goaz: hori da garrantzitsuena. Alde horretatik, uste dut lan asko dagoela egiteko, baina akordioa ez da huts egite bat izan».

Urteotako eztabaidagai nagusietako bat bilakatu da bi komunitateen arteko adiskidetzea; izan ere, bakea egon egon da, baina adiskidetzerik ez. «Salbuespenak badaude, noski; unibertsitatean, adibidez. Eta hirian, hezkuntza maila eta maila sozial handiagoa den tokietan arazo gutxiago daude. Pobrezia handiagoa den tokietan eta langabezia dagoen tokietan, banaketa askoz handiagoa da. Eta arazo horiek politizatzen dituzte nazionalistek eta unionistek, eta politikoki erabiltzen. Diskurtso hori dago, beti beste aldearen erruarengatik ez dutela lortzen lana, halako mezuak. Batzuetan, komunitatearentzako politikak egiten dira», deitoratu du McLoughlinek.

Hain justu, dinamika hori arazo bilakatu da gizarteko beste gutxiengo eta komunitate batzuentzat. Ostiral Santuko Akordioak gutxiengoak babesteko behar luke, baita haien eskubideak babesteko ere, baina nazionalista-unionista dinamikara mugatu da. Gatazka armatu eta politikoak guztiz estali ditu sexu bereko bikoteen eskubideak, esaterako: «Sexu bereko pertsonen ezkontza da adibide esanguratsuena; ez da nazionalisten edo unionisten kontua: dinamika horretaz harago doa. Badirudi, egun, Ipar Irlandako gehiengo handi batek onartuko lukeela eskubide hori». Ipar Irlanda da Erresuma Batuan dagoen eskualde bakarra eskubide hori legeztatu ez duena: Ingalaterran eta Galesen, 2014ko martxoan sartu zen indarrean; Eskozian, urte hartako abenduan. Ipar Irlandaren kasuan, lehen pausoak emanak dituzte: lege proiektua aurkeztu dute jada Erresuma Batuko Komunen Ganberan orain arte Stormonten egin dute, baina DUPek blokeatu egin du, eta lege bilakatzeko lehen oztopoa gainditu zuen martxoaren 28an. Ipsos Mori enpresak 2016an egindako inkesta baten arabera, Ipar Irlandako herritarren %70 daude sexu berekoen ezkontza legeztatzearen alde.

Badira argiak

«Sexu bereko pertsonen ezkontza eskubiderik ez dugu hemen, baina, gutxienez, eztabaidatzen hasi gara horri buruz, eta hori ona da, 30 urte lehenago ezinezkoa baitzen horretaz eztabaidatzea. Egun, posible da beste gai batzuetan arreta jartzea, nazionalista-unionista binomiotik harago. Sexu bereko pertsonen eskubideei buruz ari gara, emakumeenei buruz, neurri ezkertiarragoez», gogorarazi du McLoughlinek. Bake akordioari esker lorturiko aldaketa baikorrak ere nabarmendu nahi izan ditu ikerlariak, orain arte mezu ezkorregia ematen ari zelakoan.

«Nire ustez, zuhurrak izan behar dugu akordioaz mintzatzean. Kontuan hartu behar dugu aurrerapauso handiak eman ditugula. Akordioaren eragina aztertzean, uste dut kontuan hartu behar dugula historian gertaturikoa, eta horrela mintzatu behar da. Aurrerapauso handiak izan ditugu. Testuinguruarekin aztertu behar da: indarkeria era masiboan murriztu da. Badago gatazka oraindik, badaude arazoak, baina ekonomian aldaketa masiboak izan dira, onerako; langabezia dugu, mundu guztian bezala, baina errazagoa da lanpostuak ekartzea eta lana lortzea. Eta egiazko integrazioa ez dagoen arren, toki batzuetan ari dira hori lortzen».

Nola defini daiteke Ostiral Santuko Akordioa? McLoughlinentzat, inori bururatu zaion «demokratikoena» eta «bidezkoena» da, eta horren erakusgarri da komunitate guztien «gehiengo zabala» dagoela akordioaren alde. «Noski, ez da perfektua, baina bakea eta oparotasuna ekarri du gurera, etauste dut hori kontuan hartu beharrekoa dela. Erakusten du gizakiok gai garela elkarrekin bizitzeko moduak aurkitzeko».

(Des)Adostasuna

Ostiral Santuko Akordioak sistema politiko berezi bat finkatu zuen Ipar Irlandarako: botere partekatua. Bi alderdi nagusiek, nazionalistek eta unionistek, koalizioan gobernatzen dute. Batak lehen ministroaren postua dauka; besteak, lehen ministrordearena, eta, postuaren izena desberdina izan arren, bi karguek autoritate bera dute gobernuan. Ondorioz, exekutiboak funtziona dezan, elkarlanean aritu behar dira une oro. Sistema berezi hori egonkortasun politikoa bermatzeko adostu zen, urte askotako gatazka armatuaren ostean, eta Ipar Irlandarentzat kontrako proiektu eta ideologia dituzten bi indar parez pare, elkarlanean, hori izan dira UUP Ulsterko Alderdi Unionista eta SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laborista lehenik, eta DUP eta Sinn Fein, gero.

Urte luzez, sistema horrek espero baino hobeto funtzionatu zuen, iaz arte. 460 milioi euroko gainkostua izango zuen energia programa polemiko baten ondorioz, Martin McGuinnessek lehen ministrorde kargutik dimisioa eman zuen, protesta gisa, eta kolokan utzi zuen bi aldeen menpe dagoen sistema politikoa. Sinn Feinek ordezkorik ez aurkeztea erabaki, eta hauteskundeetara bultzatu zuen eskualdea. Hain justu, egoera horri etekina atera zion alderdi errepublikanoak, bi hilabete geroago egindako bozetan babesa areagotzea lortu baitzuen ia lau puntu gehiago. Harrezkeroztik, negoziazioak blokeatuta daude, DUPek uko egiten baitio gaelikoa legeztatzeari. Eta blokeo horrek zalantzan jarri du Ostiral Santuko Akordioaren etorkizuna, sistema politiko hori baita akordioaren oinarri nagusia. Egoera konpondu arte, eskualdearen agintea Londresen eskuetara itzuli da, eta, politikoki, 1998. urte aurreko egoera berean ikusten du Ipar Irlandak bere burua. Bake akordioari esker, osasunaz, hezkuntzaz, garraioaz, justiziaz eta ekonomiaz arduratzeko boterea eskuratu zuen Belfastek, esaterako.

«Bake akordioa bi alderdi moderatuk adostu zuten, UUPk eta SDLPk. Bi indar horiek gusturago egin dute lan elkarrekin, egun DUPek eta Sinn Feinek elkarrekin baino. Akordioak behar du nazionalistak eta unionistak ordezkaritza izatea gobernuan; beraz, ez badute adostasunik lortzen, ez dago gobernurik! Akordioaren funtsa da», azaldu du Trinity Collegeko irakasle David Mitchellek. Gaelikoa babesteko eta sustatzeko legea eztabaiden erdian egon arren, alderdi bakoitzak bere interesak defendatzeko eta garatzeko helburua du, eta, egoera horretan, urria da bakoitzak bestearekin duen konfiantza, bestelako etorkizuna nahi dutelako Ipar Irlandarentzat.

Eta bakoitza Ostiral Santuko Akordioaren babespean ari da jokatzen. «Krisi hau ez zuen inork espero. Bat-batean, 2007. urteaz geroztik izandako krisi politikorik handienean gaude murgilduta. Akordioak dio Ipar Irlandak Erresuma Batuan jarraituko duela gehiengoak hala nahi izanez gero. Horrek esan nahi du alde bakoitza gatazka batean borrokatzen ari dela: nazionalistek uste dute gehiengoa izango direla egunen batean, eta unionistek errealitate hori eragotzi nahi dute. Beraz, bakoitzak bere komunitatearen interesak defendatzen dituen bitartean, etorkizunaren beldurrak zaildu egiten du bestearenganako konfiantza». Baina, aldi berean, arriskuan jartzen ari dira akordioan finkaturiko sistemaren eraginkortasuna. «Dena den, gizartearen gehiengoa sistema horren alde dago, badakielako ez dagoela egiazko alternatibarik».

Irlanda bakarra

Irlanda batua ikusteko helburua zuten hainbat nazionalista «pozik» geratu ziren 1998. urtean finkaturiko sistema politikoarekin, eta alde batera utzi zuten Irlanda bakarraren ideia. Egun, ordea, uste dute EBtik atera dituztela indarrez, eta Ipar Irlandan indarra hartu du berriz Irlanda bakar baten etorkizunak, Mitchellen iritziz. Alegia, brexit-aren ondorioz, Irlandako Errepublikatik urrunduko direlakoan daude. Horregatik, epe laburrerako helburutzat jarri dute irla batzea. Proposamena Sinn Feinetik etorri da, berriz ere: duela astebete, Michelle O'Neill alderdiaren Ipar Irlandako buruak ziurtatu zuen «beharrezkoa» dela irla batzeari buruzko erreferenduma, eta galdeketa jarri du jomugan, 2023. urtea baino lehen egiteko bost urteko epe laburrean. «Dena den, betiko oztopoak ez dira desagertu: unionisten oposizioa, eta hegoaldeak iparraldea har ote dezakeen, jakinda Westminster dela Ipar Irlandaren subsidiario nagusia», ohartarazi du Mitchellek.

Bake akordioak lortu du komunitate bakoitzak bere sentitzea autodeterminazioa, eta eskubide hori nork bere burua baztertu gabe bermatu delakoan daude: batzuk, nazionalistak eta irlandarrak direla, eta besteak, unionistak eta britainiarrak direla. Eta gehiengo izateak giltzarri izaten jarraituko duela,sozialki eta politikoki.

Hogei urteren ostean, akordioak erronka politiko eta sozialak parean dituela jakinda, testuaren mamia aldatzeko prest egongo al dira Ipar Irlandan, beharrezkoa izanez gero? Hori da akordioaren etorkizuna segurtatzeko gakoetako bat, McLoughlinen ustetan: «Akordioa eta sistema hobetzeko, uste dut erreformak egin behar direla. Belaunaldi bakoitzak errepasatu beharko luke akordioa erreformaren bat behar ote duen zehazteko. Ez gara perfektuak. Saiatu beharko genuke ahalik eta gehiena hobetzen, eta gauzak nola hobe ditzakegun aztertzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.