Koronabirusa

COVID testen labirintoan

PCRak, antigenoak, serologikoak... Duela gutxi arte laborategietan baino erabiltzen ez ziren kontzeptuak plazara jalgi dira. Haiekin, informazio andana heldu da. Hona hemen zenbait argibide.

PCR probak egiten dituzten laborategi bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Pandemiaren kudeaketa korapilatsuan, testak oinarrizko tresna bilakatu dira. Proba horien gaineko ezagutza asko handitu bada ere, oraindik ere zalantza ugari dago haien erabilerari buruz, eta, bereziki, testek arlo praktikoari begira duten balioari buruz.

Zeintzuk dira gehien erabiltzen diren testak?

PCR testak, antigenoak eta serologikoak dira ohikoenak. Lehen probaren abiapuntua zera da, polimerasa izeneko entzima batek laginean bilduta dagoen material genetikoa errepikatzeko ahalmena duela, kate erreakzio baten ondorioz. Hortaz, askoz errazagoa da hor dagoen material genetikoa aurkitzea, baita birusaren RNA ere. Antigenoen kasuan, probak birusaren proteinak atzematen ditu. Bietan, sudurretik edo listutik hartutako lagina da abiapuntua. Test serologikoei dagokienez, odol lagin bat erabiltzen da, test horietan organismoak birusei aurre egiteko garatu dituen antigorputzak atzematen direlako.

Zer fidagarritasun dute eta noiz komeni da bakoitza erabiltzea?

PCRek dute fidagarritasunik handiena. Antigenoak, berriz, ez dira hain ziurrak, Oquiñena laborategiko Enrique Okiñena medikuak azaldu duenez: «Antigeno proben %40k huts egiten dute. Oso proba eskasa da, baina oso merkea eta azkarra da. Positibo ematen badu, horrek esan nahi du gaitza duzula. Negatibo ematen badu, berriz, ez dakizu ziur gaixo zauden ala ez».

Non egin daiteketest bakoitza?

PCRak laborategi pribatuetan edo osasun zentroetan besterik ez dira egiten. Uztailaren 2tik, Hego Euskal Herriko farmazietan antigeno testak eta antigorputz testak eros daitezke, norberak egiteko.

Botiketan jasotako informazioa osasun zerbitzuetara iristen da?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, botikek ez dute testen informazioa bideratzen. Positibo izatekotan, norberak eman behar du horren berri, telefonoz edo Osakidetzaren webgunearen bitartez.

Nafarroan, berriz, bertako botikarien elkargoak hitzarmen bat egin du Osasunbidearekin, botiketan atzemandako positiboen inguruko informazioa osasun zerbitzuaren esku ere egon dadin. Testa erosten duten bezeroei laguntza eskaintzen diete, baimen informatu bat sinatuta. «Positibo ematen badu, etxera joateko esango diogu, bertan bakartzeko, eta, ondoren, Osasunbidera hots egin dezala», azaldu du Nafarroako Botikarien Elkargoko kide Carmen Celdran farmazialariak. Halere, botikariek ere positibo horren berri ematen diote Osasunbideari.

Nola iristen dira emaitzak osasun ziurtagirira?

Hego Euskal Herriko laborategi pribatuek egindako proben emaitzak zuzenean osasun zerbitzuen sistema informatikoetara bidaltzen dituzte. Horrela, emaitza izan bezain laster, bezeroaren osasun karpetan erregistratuta geratzen da, Enrique Okiñenak azaldutakoaren arabera: «Laborategira etortzen zarenean, behin emaitzak jasota, guk ziurtagiria emango dizugu, aurrez aurre edo posta elektroniko bitartez. Ohikoena da PCRa egitera datorrena ziurtagiriarekin ateratzea laborategitik».

Zertarako balio du antigeno test batek, ofizialki?

Norberak egindako antigeno testek ez dute balio ofizialik. Soilik laborategietan edo osasun sistemetan egindako probek izan dezakete balioa COVID ziurtagiriari begira. Laborategi batean eginez gero, antigeno testak jasota geratuko dira ziurtagirian, baina haien balioa, herrialde gehienetan, PCR probena baino motzagoa da: gehienetan, antigeno testei 24 edo 48 orduko balioa ematen zaie; PCR probei, berriz, 72 ordukoa.

Zenbat denbora pasatu behar da kutsatzetik testa egin arte?

Antigenoen kasuan, positibo batekin kontaktuan egon eta zazpi egunera egitea gomendatzen da, edo sintomak hasi eta bost egunera. PCR proben kasuan, aukerak zabaldu egiten dira, sintomak izan aurretik ere gai direlako birusa atzemateko. Proba serologikoek antigorputzak detektatzen dituztenez, test horiek sintomak izan eta 10-15 egunera egin ohi dira. Arrazoi beragatik, txertaketa eraginkorra den jakiteko ere txertatu eta egun batzuk pasatu behar dira test serologikoak egiteko, Okiñenaren esanetan.

Zenbat balio dute testek?

Hego Euskal Herrian, laborategietan egindako PCR probek 100 euro inguru balio dute, eta antigeno testek, 40 bat euro; serologikoek, 25 euro inguru. Botiketan, norberak egiteko antigeno testek hamar euro inguru balio dute, eta serologikoek, 30 bat euro. Ipar Euskal Herrian doakoak dira Frantziako gizarte segurantzaren babespean direnentzat, norberak eskatuta ere. Halere, agintariek iragarri dute urritik aurrera ez direla doakoak izango. Turistentzat, PCR probek 49 euro balio dute, eta antigeno testek, berriz, 29 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.