Atentatuak Katalunian. Islamofobia

Barkos eta Urkullu larunbateko manifestazioan izango dira

Erredakzioa
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
No tinc por (Ez dut beldurrik) lelopean, manifestazioa egingo dute etzi, Bartzelonan, joan den osteguneko atentatuak gaitzesteko. Bartzelonako Udalak eta Kataluniako Gobernuak deitu duten manifestazio horretan egongo dira Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoa. EH Bilduk ere ordezkaritza bat bidaliko du; Maddalen Iriarte eta Pello Urizar. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko da, eta buruan mossoak, udaltzainak eta gizarte zibileko ordezkariak joango dira.

Gaur da astebete atentatua izan zela. Ada Colau Bartzelonako alkateak jakinarazi du, bada, erasoen lekuan memorial bat jarriko duela biktimen omenez. Bartzelonako Udaleko Segurtasun Batzordeak egindako bileraren ostean egin zuen iragarpena Colauk. Ramblen erabilera plan berezia segurtasun egoera berrira egokitu beharko dela zehaztu du udal agintariak, eta mossoen eta udaltzainen presentzia ugarituko dutela; hiriko hainbat kale soilik oinezkoentzat uztea eta zutoin trabagarriak jartzea ere aztertuko dute.

Alerta, Rotterdamen

Alah-Las musika taldearen kontzertua bertan behera utzi zuten bart iluntzean, Rotterdamen. Espainiako Poliziak abisu bat emana zion Herbeheretako Poliziari eta, horren ondorioz, Espainiako matrikula zuen furgoneta bat atzeman zuten, kontzertu hori egitekoa zen tokiaren inguruan. Iturri batzuen arabera, lehergailuak izan zitzakeen ibilgailuak, eta gidaria atxilotu egin zuten.

Katalunian, atxilotuetako batek epaileari deklaratu dio lehergailuak lehortzeko zain zeudela, Familia Santuaren elizan zartarazteko, Bartzelonan. Ika-mika, berriz, polizia sindikatuen artean piztu da; AUGC eta SUP Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren sindikatuek asteartean salatu zuten ikerketatik «baztertu» dituztela. FEPOL mossoen sindikatuak, berriz, «miserabletzat» jo du atentatuak independentziari buruzko eztabaidarekin lotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.